E. Arruti
IKUSMIRA

Biolentziaren erabilera «zilegia» i(ra)kasten

Bada, beste gauza askoren artean, gurasoek euren seme-alabei irakatsi nahi izaten dieten kontu bat: biolentziarik ez da erabili behar. Biolentzia txarra da, gaiztoen kontua, ia ororen gainetik ekidin behar dena. Baina, nonbait, bada bestelako biolentziarik ere, «zilegia» dena. Hiritargoaren defentsan egiten den hori omen, hiritargoaren segurtasunerako egiten den hori. Horretarako bai, horretarako kolpatu daiteke borraz, edo jaurti daitezke gomazko pilotak, edo egin daiteke tiro. Eta, antza denez, ongi ikasia dute lezioa zenbait gurasok, euren seme-alabak «zilegia» den biolentzia horren jarduna ikastera bidaltzeraino. Ikasiko zuten borraren erabilera, nabarituko gomazko piloten gogortasuna, atzemango pistola gerriaren ze aldetan eraman.