«Hego haize, ‘soro’ haize»

Zikloa ixtear gaude. Eguzkiak bere izpirik onenak bota ditu jada, baina, hala ere, ortuak oraindik topera egoteko moduan daude: mota guztietako azak, azaloreak, brokoliak, porruak, eskarolak, espinaka, zerbak, borrajak, tomateak (akaso!), piper txorizeroak... Indabak ere, berri-berriak; kalabazak onenean, fruta ugari, baita fruitu lehorrak ere. Urriak izena nondik hartu zuen ez dakigu, baina jaki barietatearengatik ez da izango behintzat... Belarrek, aldiz, etenaldia egiten dute. Baita baratzeko landaketek ere: azarotik aurrera ezingo dugu espero landareak asko hasterik. Hemendik aurrera, gauzak ondo gordetzea da gakoa. Oro har, gordetzeko diren elikagai freskoak eguzkitik aparte kokaturiko leku lehor eta aireztatuan jarri behar dira. Kalabazak 15-17 graduren bueltan ederto daude, baita hezetasun apur batekin ere. Hotzari eutsiko ez dioten ortuariak zein fruta (kiwiak, esaterako) batzea komeni da, lehenengo izozteak iritsi aurretik.
Baratzaren maneiuari dagokionez, bazterrak garbitu, geratzen diren landare zaharrak batu eta egurra estalpera sartzeko garaia da. Landaketak egiteaz, negutegiaren babesean ez bada bederen, ahaztu. Eskarolak zein neguko espinakak aire librean landatzeko aukera egon badago oraindik, baina muga gainditzear gaude, urriaren lehenengo hamabostalditik aurrera alferrik ibiliko baikara.
Negutegia izanez gero, aukerak zabaltzen dira, hosto-laboreen tanda txikiak erein-landatu baitaitezke aldiro-aldiro: letxuga mota ezberdinak, kukuluak, eskarola, txikoria, espinaka… Urrian zehar, porruak ere landa daitezke negutegian, urtarrilerako prest egongo direnak. Horrez gain, udazkena haziak batzeko sasoia ere bada: behar den bezala lehortu eta toki fresko eta lehorrean gorde, udaberritik aurrera erabiltzeko. Lurra lantzeari dagokionez, udaberriari begira, baserritar batzuek gogoko dute labore arin bat egitea, lurra zokor handitan utziz. Neguko hotzak enkargatuko dira zati handiak apurtzeaz. Beste baserritar batzuek, aldiz, hurrengo udaberrira arte itxarotea nahiago dute lur lanekin hasteko. Baratzea kare hilarekin kareztatzeko garai ona da ere udagoiena. Lurra soberan daukanak, ongarri berderen bat erein dezake. Zereala + lekaria (oloa + txirta, adibidez) aukera ona da. Ongarri berdeekin lurra babestu eta elikatzen dugu, aldi berean belarrak kontrolpean mantenduz.
Frutadiak ongarritzeko garaia
Udagoiena frutadiak ongarritu eta zaintzeko garai egokia da. Urria bukaera eta azaroa hasieratik aurrera, fruta-arbolen hosto guztiak jausi direnean, kimaketa egiteko moduan gaude. Zuhaitzak berreskuratu ditu hostoetatik jaso zitzakeen mantenugai denak, eta, behin udako jantzia erantzita, bere egitura garbi ikusteko moduan gaude. Lanok ilbeheran egitea komeni da, izerdiak sustraietarantz joateko joera duenean. Kimaketan zaindu beharreko beste gauzetako bat egur larregi ez kentzea da. Azken finean, pentsatu behar dugu kentzen den egur guztia zuhaitzak dauzkan erreserbak direla. Horregatik, ez da komeni urte batean egituraren heren bat baino gehiago kentzea. Frutadian gaixotasunen zabaltzea ekiditeko, komenigarria da zuhaitz batetik bestera guraizeak alkoholarekin garbitzea.
Urria
Ereintzak: Ilarrak zein baba beltzak ereiten has gaitezke, baina kontuan izanda udaberri hasierako izozte batek loraldia izorratzeko aukerak egon badaudela. Berakatzaren ereintza sasoia hasten da. Babespean, ilarrak zein baba beltzak ere erein daitezke (hemen ez dago izotzaren beldurrik). Horiez gain, hosto-labore ezberdinak (letxugak, eskarolak, borraja, espinaka, porrua, errukula) eta baita zenbait sustrai-labore erein daitezke (baratxuria, tipula gorria eta zuria, errefautxoa). Urrian ereindako baratxuriek kimu freskoak emango dituzte urtarril-otsailerako.
Landaketak: Aukeran, beti babespean. Letxuga ezberdinak, kukulua, eskarola, espinaka, borraja. Kostaldetik gertu dauden zonaldeetan oraindik zerbak eta azak ere landa daitezke.
Azaroa
Ereintzak: Porru berria, apiril-maiatzerako landatzeko prest egongo dena; berakatza, ilarra, baba beltza, tipulina.
Babespean: Letxuga ezberdinak, errukula, errefautxoa, espinaka, tipula gorria.
Landaketak: Babespean. Letxuga ezberdinak, kukulua, eskarola, espinaka, tipulina.
Abendua
Ereintzak: Baratxuria, ilarra, baba beltza, udaberriko aza, porrua.
Babespean: Letxuga ezberdinak, espinaka, baba beltza, ilarra, baratxuria, patata (maiatzerako etorriko dena), errefautxoa, errukula, tipula gorria.
Landaketa: Abenduan tipula buru osoak landatzen dira, gero hazia batzeko. Tipulina bera ere landa daiteke aire librean.
Babespean: Tipulina, letxuga ezberdinak, espinaka.

