Iñaki Soto

Duela hogei urteko lezioaren gaurko kronika

Laster hogei urte beteko dira Javier Salutregi lehenengo aldiz ezagutu nuenetik. “Egin”-en Eziago industrialdeko egoitzan izan zen. “Gaztegin”-en garaiak ziren. Lehendabiziko aldi hartan egurra jaso genuen, erruz eta arrazoiz. Gerora, sarri oroitu dudan kazetaritzari buruzko klasea eman zigun. Nekez ahazten den lezio horietako bat izan zen: zer zen eta zer ez zen kazetaritza, nori zuzentzen zitzaion egunkaria eta, zehatzago, gazteen astekaria, hizkuntzaren garrantziaz, formatuez… Zorrotz eta inolako paternalismorik gabe mintzatu zen. Hau asko eskertu nuen. Inozoak eta harroak ginen eta, batez ere, gauza biez erabat inkontzienteak ginen. Gaur egun inozo edo harro jokatzen dugunean kontzienteak gara, sikiera. Ez da hau, ordea, gehien gogoratzen dudan topaketa. Pixka bat beranduago, kide bat kolaboratzaile gisa hasi behar zen eta lehendabiziko artikuluarekin bertara joan ginen, berari zer iruditzen zitzaion galdetzera. Pilot boligrafo urdin bat hartu zuen eta irakurtzen zuen bitartean artikulua goitik behera zuzendu zuen. Izenburua aldatu zion, parrafoak tokiz mugitu zituen, gramatika.… Lagunak bazuen estiloa eta indarra –orain ere baditu; eta garai hartan ez berak ez nik ez genuen uste hemen amaituko genuenik lanean–, baina zuzenketa hark idazlana beste maila batera eraman zuen. Liluratu ninduela aitortzen dut. Bere lankide batek maiz esaten duenez, Salu «jenioa» da.

Esan bezala, garai hartan ez genuen inola ere ez uste gaur hemen amaituko genuenik. Esan dut: inozoak eta harroak ginen. Are gutxiago imajinatzen genuen, ordea, gaur Salu kartzelara jasotzera joango ginenik. Alegia, kartzelara joango zenik, “Egin” itxiko zutenik. Jakina, are gutxiago espero genezakeen gerora etorri den guztia. Bai ona bai txarra. Hau idazten dudanean, ostegunean, oraindik presente daukat goizean eman ahal izan diodan besarkadaren beroa, inpotentziaren amorrua eta arduraren harrotasuna, garai hartako harrokeriaren oso desberdina. Zerbait ikasiko genuen, bada, bidean.

Kartzelatik bueltako gogoetak

Kartzelatik bueltan ginela, Guardia Zibilak kontrol batean geratu gaitu. Egia esan, bi kontroletan, bata bestearen atzetik. Zentzugabekeria, edonondik ikusita. Nolanahi ere, Twitterren horren berri eman dugu. Zenbait kolegek –kazetariez ari naiz– berria zabaldu dute eta, une batez, zenbaitentzat, Javier Salutregiren askatasuna edo “Egin”-en itxiera baino larriagoa zela zirudien. Agian, Salutregiren askatasuna aipatzeko bide onargarriagoa iruditzen zitzaien, besterik ez. Nolanahi ere, errua edo are damua ere ikusi dut nik mezu hauetan. Ez legoke gaizki, baldin eta nagusitasun morala albo batean uzteko balioko balu. Beste zenbait ez dira ezta horretarako ere gai izan. Twitterren sarri isiluneek maiuskulek bezainbeste esaten dute. Kontakizunaren batailan, hemerotekari begiratuz, “Egin” auziaz limoi-tintaz idatzi dutenak gehiegi dira. Hogei urte beranduago, batzuk are harroagoak dira. A ze kontrastea Murga anaien, Pabloren, Teresaren, Zalakaren eta Elkororen apaltasunarekin! A ze kontrastea Salurekin!

Iruñera bueltan lagun batzuekin elkartu naiz. Tartean, gu baino gazteagoa den lagun batekin. Belaunaldien arteko transmisioaz ari ginela, idazlanen mugez aritu gara. Belaunaldi gisa, gu gara nerabezaroan egunero egunkaria bere pagarekin erosi zuen azkena, hori argi dago. Belaunaldi berriek beste gaitasun batzuk dituzte, zalantzarik gabe. Baina analfabetismo funtzionala onartzea suizidio politikoa da. Mahaiko guztiak ados geunden honetan. Zentzu horretan, prentsa idatzia da, hezkuntza zikloa amaitzen denean, gizartean kultura orokorraren maila sostengatzeko bitartekorik efikazena. Horretarako mailako kazetaritza behar da, baita babestuko duen komunitatea ere. Alde horretatik, pribilegiatuak gara.

Ez diot inori leziorik eman nahi. Nik jaso nuena kontatu dizuet, besterik ez. Gure lana, besteak beste, kontatzea delako. Salutregik esan zidan, duela hogei urte. •