EAJ-EH Bildu, amodiorik gabeko sexuaren tabuaz
EH Bildu eta EAJren arteko harremanaz pentsatzen dudan bakoitzean Serge Gainsbourg eta Jane Birkinen kanta zoragarri harekin akordatzen naiz. “Je t'aime, moi non plus”, askorentzat inoiz egon den kanta erotikoena, funtsean, sexu elkartze batean bi amorantek duten elkarrizketa imajinario bat da. Amodiorik gabeko sexuaren tabua xuxurlaka, modu iradokitzailean, aski esplizituki jorratzen du... “Zu zara olatua eta ni uharte biluzia”, “je vais et je viens, entre tes reins”, oso ederra den konposizioa osatuz. Omen, Dali artistaren aipu batean –“Picasso jenio bat da, ni ere bai; Picasso komunista da, ni ere ez”– oinarritu ziren kantari titulua emateko. Kontua da akordura datorkidala ezkerreko abertzaleen eta eskuineko nazionalisten harremana, ika-mikaz eta joera banderizoz lepo den harremanak baduelako sexuala den esplikazio bat. Aspaldi gabiltza ekuazio berean: independentziaren bidean, EAJ gabe oso zail; EAJrekin, inposible, eta, beraz, EAJk diona dioela egin behar da aurrera. Goazen ala gatozen jakiteke... eta segi aurrera! Euskal senaren betiko ildoan: iraun; pazientzia eta konstantzia, bietan jarrai.
Eta Kataluniako independentzia prozesuaren argitara, are paralizanteagoa egin da ataka horren demontrea. EAJ non kokatu den jakina da: Espainiak aitortutako eta Espainian gozo egoteko nazio forala; “kontzertu ekonomikoa ala hil”; EAEn, EAJ-PSE, Nafarroan, posible balute, Geroa Bai-PSN nahiago, eta, Erkorekak esan berri duenez, aritmetikak ahalbidetuko balu, Madrilen PP-EAJ-Ciudadanos. EH Bildu, bitartean, oraingoz berea baino ez den Euskal Bidean; “gu bakarrik bagoaz, aldebakar”. Kataluniakoa, baina, hain ezberdin eta orain hain berdin, ispilu dute biek. Biei sortzen dizkie Kataluniak inbidia eta desira bustiak. Biek ongi dakitelako, batzuen Eusko Legebiltzarreko ponentzia loriatsua eta besteen estrategia eztabaida ponposoa gorabehera, orri erdi batean idatz daitekeela zein den Euskal Herriaren aurrerabidea, martxan jarri beharreko prozesuaren nolakotasuna. Euskal herritarrekiko ez dagoela aldebakartasunik, eta, herritarren bultzadak, etsipen nazionalaren nagiak astinduko balira, aurretik eraman ditzakeela EAJ eta EH Bildu, baita beren kalkulu eta siglekiko atxikimendu madarikatu oro ere. Ikusi da Katalunian. Posible da “Kataluniako EAJ” –hauteskunde plebiszitarioen erdian Sabin Etxera gonbidatutako Duran i Lleidaren alderdia– legebiltzarretik kanpo geratu izana beldurgarri izatea jelkideentzat, posible Junts pel Si eta CUPen artean, bietatik bat, erabaki beharra arazoa izatea EH Bildurentzat, posible dira mila kontu. Kataluniak, baina, erakutsi du bidea, arrastoa markatuta dago.
Carme Forcadell, Kataluniako bigarren autoritate asteon hautatu dutena, niretzat, Rosa Luxembourg bezalako iraultzaile handi bat da. Kataluniako iraultza trankil eta zentzuzkoa islatzen du. Mende honek ezagutu duen lehen iraultza kontsidera daitekeena. Berria eta berritzailea, bai. Ordena maite duen jendea eta antisistemak, iganderoko mezetakoak eta anarkistak, demokrata-kristauak eta ezker erradikalenetakoak... horiek denak barnebiltzen dituen altxamendu herritarra delako. Izugarri inspiratzailea, iraultzailea oso, benetan antioligarkikoa. «Nekatuko dira» jarrera espainiar nekosoaren aurrean, irudimena, talentua eta ausardia erakutsi duena.
Leninek «faltsifikatu gabeko marxismoaren ordezkari bikainena» bezala deskribatu zuen Rosa Luxembourgek zioen kapitalismoaren demasiak zuzentzea ez zela kapitalismoa ezabatzea. Baina, erreforma ala iraultza, platerera saltsa beroa edo hotza botatzea bezala, ezin direla kapritxoz hautatu. Ipar eta Hego poloak legez, elkar baldintzatu eta osatzen direla. Erreforma iraultzen produktu dela, eta, iraultza, sorkuntza politiko baten ekintza. Erreforma ez dela iraultza luze eta nekagarria, ezta iraultza erreformen serie bat ere. Hari beretik tiraka, EAJk eta EH Bilduk badakite amets bera konpartitzeke, “maite zaitut, ezta nik ere” jarrerarekin, elkarrekin oheratu beharra izango dutela, noizbait, behingoz, Euskal Herria burujabe eta libre izango bada. •
Maitasun aitortza bat

«Teletetxoak», erretrobisoreak eta motxilak: torturaren itzala euskal gazterian

«Estatuak zuzenean egikaritu du indarkeria matxista bere funtzionarioen bidez»

Zikin, zaratatsu eta euskarazko hitzaren jabe
