«Bilakaera bat ikusten dut nire mailan eta hori erakusteko gogoz nago»

Maider Iantzi Goienetxe
Iñaki Apalategik oroitzapen gozoak ditu orain dela lau urteko finaletik eta orduko sentsazio aunitz etorri zaizkio plaza berezi honetan. «Oso gozagarri da, final hura gogoratzen baitut ez soilik egun polit bat bezala, baizik eta hamabostaldi edo hilabete polit bat bezala. Oso goxoa izan zen, etxeko girokoa, bai zortzion artean eta bai nork bere etxean, eta gauza horiek errepikatuko dituzula jakiteak poz handia ematen du».
Bertsolarien artean batasun handia sortuko da...
Bai, gero bazkaltzera joaten gara gaurko egunez [aurkezpen egunean]. Mahaian zaila izaten da denekin egotea, baina bai sortzen dela harreman berezi bat. Lehen esan dizudan goxotasunarekin lotuta, egun bereziak dira orain datozen Gabonak, maite dituzunekin egoteko… sentimendu hori pixka bat indartu egiten da.
Nola ikusten duzu zure burua finalaren atarian?
Gustura nago bilakaera bat ikusten dudalako txapelketa hasi zenetik, ez estiloan baizik eta mailan. Final laurdenetatik finalerdietara aurrerapauso bat edo bi egin nituen, oraindik finalean ez dut kantatu baina prestaketetan ikusi dut beste buelta bat eman diodala torloju horri, pixka bat estutu naizela. Horrekin oso gustura nago eta erakusteko gogoz.
Nola lortu duzu hobekuntza hori?
Nik uste asko mentala dela, zure buruari zer eskatzen diozun. Nahi eta nahi ez zure buruak pentsatzen du momenturen batean: «orain egin beharra dago, dena eman beharra dago». Ez dut esan nahi aurreko faseetan nahita ez duzunik dena ematen, baina inkontzienteki erlaxatuago zoaz, eta, gerora ere, aztertzen dituzunean saio batean egin dituzun gauzak, badakizu zeintzuk errepikatu nahi dituzun eta zeintzuk ez. Beti hobetuz zoaz. Eta, horri lotuta, aurtengo saioak aztertu ditut, orain lau urteko finala ere bai. Orduan laugarren izan nintzen. Oso sentsazio onak, oroitzapen politak dauzkat, badakit zaila dela errepikatzen, baina, behin hori eginda, hobetzeko gorago begira jarri beharra dagoela uste dut, kontziente izanda edozein gauza etor daitekeela. Norberak, hemen dagoen momentutik, bere burua hautagai ikusi behar du eta horri begira prestatzen naiz ni ere. Oso jakitun naiz norbaitek egingo duela zortzigarren, zazpigarren… Eta pauso hori atzeraka izan daitekeela, baina mailan gora egin nahiko nuke; uste dut gai naizela, duela lau urte baino bertsolari hobea naizela.
Teknika ona erakustearekin batera jendearengana ailegatu nahiko zenukeela esan duzu.
Final laurdenean, fase osoko lanik puntuatuena egin nuen bakarka eta jendearengana asko iritsi zen. Finalerdian, aldiz, bertsoak ez ziren hainbeste iritsi. Hobekuntza horretan pentsatzen duzu: «bertso onak bota behar badituzu zer hoberik, gainera, jendearengana iritsi eta beraiek ere gogora ditzaten baino». Horretan ahaleginduko naiz.
Hori nola egin?
Kontuan eduki behar duzu denboraren presiopean ari garela, batzuetan ideiak etortzen zaizkigula baina borobilenak eseritakoan etortzen direla. Oso ondo dago zuk zer egin nahi duzun jakitea, baina gero, lau eskaileratxo horiek igo, eta egin egin behar da. Helburu bezala hartu dut Tolosakoak bezain onak izatea baina final laurdenetan bezala iristea jendearengana. Hori izango litzateke apogeoa. Agurretik hasita denaren bila doanaren jarrerarekin joan nahi dut, jendearekin sintonia horretan konektatu. Gero ikusiko dugu, e!
Nola prestatuko duzu finala?
Orain arte bezala. Ariketa batzuk egiteko elkartuko naiz zenbait jenderekin, gustatzen zait hor nire burua pixka bat estutzea, zerbait gehiago edo hobeto egiten saiatzea. Eta azkeneko egunak lasai biziko ditut. Finalaren goizean paseo bat emango dut segur aski, garaiz bazkaldu, gorputzak eskatzen didanaren arabera siestatxo bat egin, eta, gero, gustatzen zait kotxez buelta bat eginda etortzea, bakarrik, musika jarri eta zentratzea. Norberak edukitzen ditu finalerako eta orokorrean txapelketako saio baterako bizpahiru premisa: «Honetan zentratu behar duzu: jarrera, errimategia…». Gehiegi edukitzea ere ez da komeni, nahastu egiten zarelako. Bizpahiru premisa horietan zentratuko naiz musika bidez, eta gero dena ematera. Gaurko egunez, edo saskibaloi partida batera etorriz, lekura pixka bat egokitu, eta egunean bertan oholtzara igo, mikrofono aurrean jarri, beteta imajinatu, zure burua ondo kantatzen irudikatu… Gertatuko dena irudikatu, bai zure burua oso gustura gelditzen eta bai hain konforme ez gelditzen eta horri buelta ematen.

