Ateo baten Gabonetako aholkuak
Atzo ezagun batek nire kontraesanak aurpegiratu nahi izan zizkidan familiarekin bazkaltzetik nentorrela kontatutakoan. Itxuraz, ni bezalako ateo militante batek Gabonak ospatzea inkoherentzia larria da. Nik ezetz, kristauen Eguberria ez dudala ospatzen, baina ganorazko otoruntza bat ezin zaiola inori ukatu, ezta nire gisako fedegabe bati ere, eta heretikook ere badakigula gastronomiaren gutiziez gozatzen. Gainera, kristauen buruzagiaren ustezko jaiotza neguko solstizioarekin bat eginaraztea elizaren kontakizun ofizialaren ardura dela esan nion, eta urtaro aldaketa jatorrizko kultura pagano guztietan izan dela ospatzeko zioa, orduantxe ematen baitio bide gaurik luzeenak argiaren aroari. Eta solaskideak, nire koherentzia eza azalarazten tematuta, ea oparirik egiten ote genituen etxean. Eta nik baietz, jentilok ere gustura jasotzen eta egiten ditugula opariak, hori ez dela fededunen kontua bakarrik, gauza bat dela Gabonetako kontsumismoaren gurpil zoroan murgiltzea, eta oso bestelakoa maite duzunari totem batez jakinaraztea. Eta besteak ea alaba, koskortzen denean, parkeko jaiotza ikustera eramango ote dudan. Eta nik horrek ez didala inolako kontraesanik sortzen, jaiotzak nobelako pertsonaia baten bizitzako pasartea irudikatzen duela, eta garai bateko Bethlehem herria erakusten duela, eta ariketa interesgarria izan daitekeela muntaketa horretan anakronismoak bilatzea eta gaur egungo Palestinako herriarekin alderatzea. Eta hori guztia gutxi balitz, jakinarazi nion aurten kotilioira ere joango naizela, nola ez, Hala Bedi irratiak antolatzen duen Gabon zaharreko ospakizun ateora, hain zuzen. Badirudi pentsaera hegemonikoari ihes egiten diogunok beste inork baino zuzentasun politiko handiagoa erakutsi behar dugula gure sinismenekin. Lan nekeza da, gero. Hobe nik bezala jokatzea, gogoak ematen didana egitea lehenik, eta gero, artista garaikideen modura, argudiatze itxuroso bat asmatzea. •

