Eskola kontziliazioa eta etxerako lanak


Tutorearekin hitz egitea erabaki duela esaten ari zaio neskatila mutikoari, lanaldi murrizketa eskatu behar diola. Bere gurasoak gozatu nahi dituela, denbora ziztu bizian doala eta uste baino lehen zahartuko zaizkiola. Biak itxura astuneko motxila bana bizkar gainean hartuta doaz etxerako bidean. Horra telefonoan jaso nuen bineta.
Hurrengo batean, berriz, bideoa izan zen. Zenbait pertsona bildu dituzte lanak beren bizitzan hartzen duen denboraz hitz egiteko. Haietako bat ezkutuan dago, eta gainerakoek asmatu egin behar dute haren lanbidea galderak eginez. Ezkutukoak ematen dituen erantzunetako batzuk dira: zortzi orduko lanaldiaren ondoren, etxean beste hiru ordu lan egin behar izaten dituela; oporretan eta asteburuetan ere lan egin behar duela; kideen aurrean lotsarazi dutela agindutakoa ez egiteagatik; zenbaitetan etxekoek lagundu behar izan diotela; ezin duela ezer egin bere egoera aldatzeko; eta abar. Ezkutukoa enpresaria, bitarteko kargua, sendagilea edo zientzialaria dela proposatzen dute, besteak beste, agerian daudenak. Amaieran, pantailaren atzetik neskatila bat, eta ondoren hainbat adinetako neska-mutil andana agertzen da. Sarean barra-barra dabiltzan bi adibide besterik ez dira, eskola kontziliazioaren alde eta etxerako lanen aurkako kanpainaren barruan.
Etxerako lanen gaiak, «tareak» Nafarroako ikasleentzat, punta asko ditu. Eta punta bakoitzari tira eginez gero, hainbat alde agertuko zaizkigu. Denetan aldekoak eta kontrakoak.
Ikerketak ere egin dituzte. Horietako hainbatek ondorioztatu dutenaren arabera, eskola lanei eskainitako denborak ez du zuzenean eragiten emaitza akademikoetan. Gainera, haurrek ikasi eskolan egiten dutela edo gauza garrantzitsuak eskolan ikasten direla suposatzea, agian, asko suposatzea da. Baina zenbateko garrantzia ematen ote diegu neska-mutilek eskolatik kanpoko denboran ikasten dituztenei? Horregatik izango da, denbora horri koxka kentzen diogula, askotan erreparo handirik gabe, eskolan egindakoari jarraipena ematen dieten lanekin. Hautu horrekin, eskolan egiten denari garrantzia gehiago ematen ari gara eta eskolaz kanpokoa gutxiesten.
Ur handiagoetan sartu gabe, esango dugu hezigune askotan eztabaida mahai gainean dagoela, zorionez. Hezigune batzuetan etxekoek bultzatu dute, besteetan hezitzaileek. Ez dirudi leku asko direnik, ordea, neska-mutilei galdetu dietena zer iritzi duten gai horren gainean; bere denbora hainbeste baldintzatzen duen arren.
Eztabaida horretako beste aldagai bat izan beharko litzateke gure neska-mutilen aisia nolakoa den, zenbateraino balio dien autonomia, kritikotasuna, jakin-mina eta abar lantzeko, eta zenbateraino den zeregintsuak edukitzeko eta gurpil kontsumistan lotuta jarraitzeko.
Pixkanaka hezigune bakoitza ematen ari da bere erantzuna. Badira ere Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Sailari, Nafarroako Hezkuntza Kontseiluari edota Frantziako Hezkuntza Ministerioari esku-hartzeko eskatzen ari direnak, erabakia formalagoa izate aldera.
Garrantzitsua da erabakia, noski. Baina are garrantzitsuagoa eta interesgarriagoa da eztabaida bera. Izan ere, eztabaida horretan ezinbestekoa da funtsezko hainbat alde ukitzea: zein hezkuntza eredu nahi dugun, haurrek eskolan egiten dutenaz eta baita eskolaz kanpo egiten dutenaz ere hitz egin beharko dugu, baita eskolako ateetatik haratago dagoen mundu zabal horretaz ere. Azken batean, eztabaidagai jarri beharko dugu gure seme-alabei zer eskaintzea nahi dugun eskolak, etxeak eta kaleak. Haien hezkuntzan hain eragin sakona duten hiru zutabe horiek, harmonian elkar aberasten dutela jakinik ere, elkarren aurka askotan jartzen ditugunak.
Opor garaia da. Aukera aparta egunerokotik ihes egin eta gure neska-mutilekin egoteko, haiekin gozatzeko, haiek entzuteko... eta akaso ahaleginak saria izango du irekita dagoenarentzat: munduari haiekin batera begiratzeko eta deskubritzeko abentura zirraragarria! •

