Obrak zerbitzuengatik trukatzen hasi da artista talde bat diruari uko eginez
Tolosaldeko artista talde bat artea unibertsal bihurtzen. Nola? Ez dute dirua nahi beren obrengatik, trukea sustatuz ordainetan zerbitzuak jasotzea baizik. Norberak ditugun gaitasunetan sinesten dute, eta, horrenbestez, edonork har dezake parte. Kulturtruk izena du ekimenak eta lehen urratsak baino ez ditu eman.

Erreparatu al duzu inoiz egunean zehar zenbat bider erabiltzen duzun dirua? Zenbat transakzio egiten dituzun txanponak erabiliz? Dirua asmakizun zaharra da, baina are zaharragoa trukea. Produktu bat eskuratzeko beste bat eskaintzea. Ideia horretatik abiatuta, eta diruak neurtzerik ez dagoen guztiari, edo bai behintzat gauza askori, balioa galarazi diola sinetsita, Tolosaldeko artista talde batek Kulturtruk ekimena jarri du martxan. Funtsean, beren artelanak ez dituzte diruaren truk eskaini nahi, obraren bat eskuratu nahi duenak eskain dezakeen zerbitzu baten truke baizik.
Miren Gonzalez Goikoetxea, Alberto Lertxundi, Ura Iturralde eta Arantxa Orbegozo artistekin egin dugu hitzordua. Aranburu jauregian gaude, Tolosan, eraikin eder honen lau paretek hartu baitute Kulturtruk ekimenaren baitan eskuragarri dauden artelanen lehen erakusketa. Ibiltaria izango da ordea, eta kontaktuan daude beste geraleku batzuk adosteko. Hala ere, ekimenak Kulturtruk.com webgune propioa ere badu, eta, erakusketak erakusketa, sarean beti egongo da bizirik. Obren bilduma eta parte hartzen duten artisten zerrenda daude bertan.
Ideia bosgarren kide batena izan zen, Ana Sanzena. Banku denboran ibili zen lanean eta bertako filosofia erabat konpartitzen zuen. Alegia, denborarekin “ordaintzen” da batak besteari egindako mesedeen katea sortuz. Artean beste hainbeste egin zitekeela sinetsi eta ekimena abiatu zuen. Denek elkar ezagutzen dute, Tolosaldekoak direlako eta artistak, eta denek, neurri handiagoan edo txikiagoan, egin dute inoiz trukeren bat.
Diruaz hizpide, aipatzen dute nola objektuak nahiz zerbitzuak baloratzeko garaian diruan pentsatzen dugun segituan. Eta gauza onak ahalbidetu dituen arren, adibidez, erietxeak, eskolak, errepideak… eraikitzea, «espekulazioa eta neurrigabeko pilaketa» ere ekarri dituela diruak uste dute Kultrutuken.

Arteari aplikatuta, salerosketak erraztu ditu, noski, munduko punta batean koadro bat salgai duen artistak beste puntan dagoen bezeroari saltzeko, adibidez, baina desabantailak ere ekarri dituela uste dute. Nabarmenena, artea dirua duten pertsonetara mugatzea. «Eta dirua alde batera utziko bagenu?», galdegin dute. Ez da erokeria, ezta gauza berria ere. Gogorarazi dutenez, Pablo Picasso margolariak berak bere marrazkiak ematen zituen New Yorkeko Chelsea hotelean ostatu hartzearen truke, baita Miquel Barcelok oliba olioaren truke ere.
Dirurik gabe zer egingo genukeen galdetu dute eta geuk galdera bueltatu diegu. Arantxa Orbegozo margolariak argi du: «Jende gehiagok izango luke artearen merkatuan parte hartzeko aukera. Halako ekimenek artean inbertituko ez lukeen jendea erakartzen dute, edo nahi bai baino ezin duen jendea, lehentasunak daudelako eta obrak baino lehenago beste behar pila daudelako. Artea, finean, ireki egiten da. Niri trukearen bidez beste modu batera artea erosiko ez lukeenak hartu izan dit obraren bat», kontatu du. Artea zerbait «esklusiboa» izatetik «unibertsala izatera» igarotzen dela defendatzen dute, eta hori aberasgarria da.
Alberto Lertxundi bide berriak zabaltzeaz mintzo da, nahiz eta trukearena oso bide zaharra izan. Usadioa, ordea, ez dago hedatuta. «Zenbat aldiz entzun dugu ‘nik erosiko nizuke baina...’ esaldia? Badakigu batzuetan eskatutako diru kopuruak jartzea zaila dela». Edozein kasutan, jendea beldurra gainetik kentzera animatzen du Lertxundik, gertura dadila museo, galeria, kultur etxe eta erakusketa aretoetara. Begiratzera soilik. «Galeriak, adibidez, museo txikiak bezala ulertu behar ditugu. Ez dago zertan erosi. Ohitura hori falta zaigu. Eta beldur hori dagoenez, agian formula honekin errazagoa izango da».
Gonzalezek erabat partekatzen ditu Lertxundiren hitzok. Bere iritziz, erakusketa aretoetan ez dago, jendearen aldetik, «martxa handirik», eta ekimen honek «poza» eman diezaioke bisitariari piezak eskuragarri dituela erakutsiz. Horrek, bere ustez, bisitariaren eta autorearen artean egon daitezken «hesiak» puskatzen lagun dezake.
Trukea egin ahal izateko, norberak zerbitzu bat edo produktu bat eskaini behar du, baina, zer eskaini? Hemen norberaren beldurrak, lotsak, kezkak edo zalantzak agerian geldi daitezke, baina ausarta izatera animatzen dute, erreparoak alboratzera, nork bere buruan eta bere gaitasunetan sinestera denok dugulako zer eman. «Denok», azpimarratu dute.

Ura Iturralde argazkilaria bidaietan eta erreportajeetan espezializatu da, eta egun Cordon Press argazkilari agentzian ari da lanean. GARAk igandeetan kaleratzen duen ZAZPIKA aldizkariarekin ere berriki kolaboratu du. Kontatzen duenez, bere egunerokotasunean behar pila bat ditu. «Konturatzen naiz zein ona izango litzatekeen informatikari bat izatea, itzultzaile bat...», dio, argituz Kulturtruken ez dela artea arteagatik trukatzea sustatu nahi, baizik eta artea edozein zerbitzu edo produktugatik trukatzea. «Hau da, baten beharrak ase ahal izatea besteak nahi duen artelan batekin». «Hori da –eransten du Orbegozok–. Hain justu kontrakoa behar dugu, ez artea».
Beldurrak gaindituz
Aretoetara sartzeko dugun beldurraz, trukea egin ahal izateko eskaintzeko dugunaz sentitzen dugun beldurrera. Zama gehiegi jartzen al dizkiogu geure buruari? Tratua egiteko pentsamendua irekia eta elkarrizketarako gaitasuna izatea oso baliagarria dela azpimarratzen dute. Lehen unean zer eskaini ez dakienak artistarekin hitz egin besterik ez du, lehenago edo beranduago, «eureka!», gakoan emateko. «Zuk esadazu zer duzun emateko, agian nire margolari zereginak balio du zerbaiterako. Agian ez duzu koadro bat nahi, eta zure beharra zure negozioan mural bat egitea da, edo altzari bat margotzea… Balioa ez da dirua –ohartarazten du Orbegozok–, baizik eta denbora eta jakinduria. Zure denbora eta jakinduria nire denbora eta jakinduriagatik», laburbildu du.
Formula anitza den erakusle, Iturraldek ekimen honi esker egin duen trukea bera: ez du argazki jakin bat eman, pertsona interesatuak behar zuen zerbitzu bat baizik. Tratuaren beste aldean Lore Amenabar musikaria dago. Helsinkin bizi da, bertan egiten dituelako akordeoi ikasketak. Amenabar bere webgunea sortzen ari da eta hura hornitzeko argazkiak behar zituen. Horretarako jarri zen, Kulturtruk bidez, Iturralderekin harremanetan. Honek argazki saio bat egin dio eta bueltan musikariak kontzertu bat eskaini zion Aranburu jauregian, iragan urtarrilaren 15ean.
Amenabarrek Internet bidez izan zuen ekimenaren berri. Ez zuen birritan pentsatu. Ideia «sinplea eta originala» iruditu zitzaion. Ura Iturralderekin kontaktuan jarri eta Helsinkitik Euskal Herrira zetorrela baliatuz, hitzordua adostu zuten argazki saioa egiteko. Oso gustura gelditu dira biak. Bide batez, Lorerentzat «etxean» jotzea «ohorea» izan da, bertan ezin dituelako kontzertuak erraz lortu. Kontzertua, gainera, Urarentzat bakarrik ez, egun hartan Aranburu jauregira bertaratu ziren guztientzat izan zen.

Mota guztietako adostasunak daude, handiak edo txikiak tamainan, baina guztiak garrantzitsuak, balore berekoak bi aldeak asetzen baditu.
Beste adibide bat jartzearren, Arantxak tratua egin du ingelesa ikasteko akademiak dituen gizon batekin. Bere erretratu baten truke, hainbat aste emango ditu atzerriko herrialde batean, familia baten etxean ingelesa praktikatzeko. Eta, ikasteaz gainera, esperientzia bikaina biziko du. «Beste modu batera, agian, berak ez luke nire obra bat izango eta ni ez nintzateke bidaia hau egitera animatuko. Biok irabazten dugu», uste du. Lertxundik azkena bezalakoak «truke potenteak» direla aitortu du, baina edozein motatakoak egon daitezkeela dio, betiere bi aldeak ados badaude. Adibidez, Gonzalez Goikoetxeak, egindako truke bati esker, urtebetez astero fruitu eta barazki saski bat jaso zuen. «Bikaina!».
Beste tratu aipagarri bat ere egin du Orbegozok. Hamar asteko iraupena duen Internet ikastaro bat egiten ari da, eta, bueltan, koadro bat margotuko dio “bezeroari”. Oraindik ez zaio obra iritsi, eta hemen sartzen da bien artean ezinbestekoa den konfiantza. «Ez du bakarrik konfiantza izan behar jasoko duela, baita gustatuko zaiola ere. Bi norabideetan egon behar gara ados. Konpromiso pertsonala askoz ere sakonagoa da».
Horretaz mintzo gara, bi pertsonen artean sortzen den lotura bereziaz. Mirenen ustez, «tartean dirurik ez dagoenean beste konexio bat sortzen da», hitzez azaltzea kostatzen zaion harremana da. «Tori dirua eta tori koadroa. Ez da hori. Konplizitatea deituko nioke, agerian uzten ditu balore batzuk». Hitza ematea eta betetzea, ilusioa, poza, norberaren gaitasunen goraipamena, zuzeneko harremanak…
Eta nolabaiteko sedukzioa. Sedukzioa? Bai. Bestea asetzeko, tratua itxi ahal izateko “bezeroak” zer eskain dezakeen ezagutzeko jokoa. Artistak erabat prest daude horretan parte hartzeko, dio irri bihurriz Lertxundik. Pentsatu zer egiteko gai zaren artista jakin baten lana etxean izateko, zer egingo zenukeen berau erakartzeko, hunkitzeko, artistak berak bere obra zure etxean jarri nahi izateko… Irudimena librea da, baita doakoa ere, Kulturtruk bezalaxe. Tartean dirurik onartzen ez duen ekimenak, gutxien-gutxienez, aberastu egingo ditu esperientzia honetan parte hartzen dutenak, alde batean edo bestean egon. Eta hori asko da.

Tratua idatziz, hitzez esandakoa jasotzeko
Iragan abenduaren 18an inauguratu zen Kulturtruk ekimenaren baitan egin den aurreneko erakusketa eta gaur bertan itxiko ditu ateak. Ordea, koadroak, argazkiak eta eskulturak nomadak dira eta herriz herri, hiriz hiri joan nahi dute. Horregatik, orain beste udal batekin tratua ixten ari dira sustatzaileak, nahiz eta ezin duten oraindik beste ezer aurreratu. Interesa duten erakundeek Kulturtruk.com gunearen bidez jar daitezke sustatzaileekin harremanetan. «Desiratzen gaude!», diote.
Tolosan harrena ona izan du eta jendearengan interesa piztu ere piztu du. Aretoetan honakoa izango da prozedura: koadro bakoitzak zenbaki bat du, eta, hartara, interesa duenak fitxa bat bete behar du, nahi duenaren erreferentzia jarriz eta trukean zer eskaini nahi duen azalduz, zerbitzu bat edo objektu bat. Kontaktua utzi eta artista jarriko da berekin harremanetan.
Behin bi aldeek hitzordua jarri eta tratua itxita, hartutako konpromisoa idatziz jasoko da. Kopia bana banatzen dira, akordioari «formaltasuna» ematearren.
Hala ere, webguneak edozein unetan ahalbidetzen du trukea, erakusketara itxoin beharrik gabe. Gainera, etengabe artistak eransten joango dira, aldez aurretik epaimahai baten bidez hautatuak izango direnak, zehazki.

