Txelo Ruiz
EHUko Informatika Fakultateko irakasle eta ikerlaria

Sentsore sareak

Ziur aski, gaur egun jende guztiak badaki zer den sentsore bat, baina, badaezpada ere... esan dezagun zer den: gure inguruan gertatzen diren fenomeno fisiko edo kimikoak hautemateko edo nolabait neurtzeko gailuak dira sentsoreak (hitzaren latinezko etimologiari erreparatuz gero, agian hobeto ulertuko dugu: sensorius, sensus-etik datorrena, eta azken hori sentire aditzaren partizipioa da; argigarria? Euskaraz ere baditugu erro horretatik eratorritako hitzak, ez pentsa: sentitu, sentsazioak...).

Horrela esanda, agian artifizial xamar geratzen da, baina ziur denok erabili dugula inoiz termometro bat, gaixorik egon garenean edo. Ba, termometro bat tenperatura-sentsore bat baino ez da: tenperaturaren balioa hauteman eta horren berri ematen digu. Termometro klasikoek merkurioaren dilatazioa edo zabaltzea erabiltzen zuten: merkurioa burbuila txiki batean dago metatuta, eta berotzean merkurioa dilatatu edo zabaltzen denez, ez da kabitzen burbuilan eta kristalezko zutabe batean gora igotzen da tenperaturaren mendekoa den puntu bateraino. Kristalean idatzitako zenbakizko eskalan puntu horri dagokion balioa irakurri eta tenperatura lortzen dugu. Merkurioa erabiltzearen arriskuak gorabehera, erabilienak izan dira gutxira arte. Baina elektronikaren garapenarekin batera, gaur egun termometro elektronikoak erabiltzen dira gehienbat: hauek beste printzipio fisiko batzuetan oinarritzen dira tenperatura neurtzeko eta beste gailu elektroniko batzuekin konektatu daitezke tenperaturaren balioa eskuratzeko: hau da, ez da beharrezkoa guk irakurtzea zenbaki bat eskala batean; nahi izanez gero, ordenagailu batekin konektatu eta ordenagailuak berak emango digu tenperaturaren balioa.

Modu berean, beste sentsore asko ere gure egunerokotasunean erabiltzen ditugu, agian konturatu gabe ere: abiadura-sentsoreak (errepideetako radar madarikatuak horien artean daude, baina ez dira bakarrak, autoetako abiadura-neurgailua ere hemen sartzen baita); distantzia-sentsoreak (autoetako kilometro-kontagailua edo korrikalariek erabiltzen dituzten odometroak, adibidez); argi-sentsoreak, presio-sentsoreak, hezetasun-sentsoreak, ke-sentsoreak, eta abar luze bat. Izan ere, gaur egun gero eta gehiago dira gure inguruan ia-ia antzeman gabe ere dauden sentsoreak (ateak automatikoki irekitzeko norbait hurbiltzean, edo argiak pizteko gela batean sartzean, edo txorrotako urari bidea emateko eskuak hurbiltzean, edo...).

Sareak

Elektronikaren eta informatikaren ikuspuntutik, sare bat zera da: elkarren artean konektatuta dauden osagaien multzoa, helburu jakin bat betetzeko asmoz; esate baterako, informazioa trukatzeko osagaien artean, Interneten konektatuta dauden ordenagailuek bezala.

Gailu elektronikoen garapena izugarria izan da azken urteetan: gero eta ahalmentsuagoak, gaitasunei dagokienez, eta gero eta txikiagoak, tamainari dagokionez. Horri esker, “gailu adimendunak” sortu dira (smartphone ezagunak horren adibide garbia dira): edozein gailutan mikrokontroladore txiki bat txertatu edo integratu daiteke, eta horrek ematen dio “adimena”. Noski, sentsoreak ere ez dira geratu olatu honetatik kanpo, eta ingelesez smart sensors deritzonak sortu dira. Magnitude jakin baten balioa emateaz gain, haien artean ere konektatu daitezke asmo handiagoko helburuak lortzeko.

Sentsore-sareak: zertarako?

Ordenagailu-sareak bezalaxe, beraz, sentsore-sareak ere osa daitezke. Oro har, sentsoreak txikiak izaten dira, eta oso merkeak ere izan daitezke. Horregatik, gaur egun, aplikazioak askotarikoak dira. Adibidez, baso batean milaka sentsore bota (gailu berean hainbat sentsore mota integratuta: tenperatura-sentsorea, hezetasun-sentsorea eta ke-sentsoreak), eta satelite bidezko komunikazioa gehituz gero haietako batean, orduan edozein ordenagailurekin konektatu daitezke hartutako neurriak bidaltzeko. Modu horretan, suteak arriskutsuak izan baino lehen antzeman daitezke, galerak minimoak izanik.

Edo mahastietan hezetasun-sentsoreak kokatu, eta ureztatu beharraren arabera, ardoaren edo txakolinaren kalitatea bermatzeko kasu.

Edo hiri bateko trafikoa modu eraginkorrean kontrolatzeko. Oinezko, ez al dizu amorrurik ematen semaforo batean zain egon behar izatea autorik ez bada pasatzen? Gidari, ez al dizu amorrurik ematen semaforo batean zain egon behar, oinezkorik ez bada pasatzen? Bi egoerak erraz konponduko lirateke presentzia-sentsoreak eta abiadura-sentsoreak erabiliz.

Aplikazio gehiago aipatu daitezke, tokirik ez, baina... Hurrengo baterako utziko dugu IoT delakoa (Internet of Things edo Gauzen Internet), gai honekin nola edo hala erlazionatuta dagoelako. •