Ramon Sola

Ezer ez egitearen joera eta edozer eragitearen artea

Gatazkak konpontzeko prozesuetan aditu direnek Euskal Herriko egoera aztertzeko egindako bilkuretan –gaur dela astebeteko Gernikakoa kasu– beti sentitzen da nolabaiteko harridura berezi bat. Munduko edozein tokitik ikusita, edonori guztiz ulertezina deritzo 2011ko urrian Euskal Herrian irekitako aukera Madrilgo Gobernuak baliatu ez eta urrats bakar bat eman gabe 1.500 egun pasatzen utzi izana. Baina horrela jokatu du Mariano Rajoyk, eta ez nuke esango horretarako erabaki irmoa hartua zuelako egin duenik. Hamakan eroso etzanda, purua sakon erretzen eta ‘‘Marca’’&flexSpace;eskutan irudikatu ohi du komikigile ezagun batek, eta horrelakoxea da Rajoy, ez soilik gai honen aurrean, baita kataluniar prozesuaren edota ustelkeriaren aurrean ere, edota presidentegai izateko erregearen gonbitari entzungor egiterako orduan.

Tancredo jaunaren jarraitzaile asko du politikak gure inguruan, hieratikotasunerako zaletasun nabaria; edozein arazoren/aukeraren aurrean kieto parau gelditzea lehen aukeratzat dute agintari garrantzitsuek. Ezer ez egitearen artea deitu ohi zaio, denbora ezer gertatu gabe pasatzen uztea maisutasuna bailitzan. Artea seguru ezetz, asko jota abilezia litzateke, eta gure inguruan nola zabaldu den ikusirik joera arruntzat ere har genezake. Rajoyk badu fama, baina gauzak pixka bat aztertuz gero Iñigo Urkullu bera are eredu garbiagoa da. Izan ere, EAEko lehendakaria ez da soilik ezerezaren egonkortasunaren miresle, babesle ere bada. Ikusi besterik ez dago ustekabeko edozein mugimenduk –txikiena delarik ere– eragiten dion erabateko egonezina, minutu eskasetan barruan gordetzerik ez duen haserreari bide ematen diona. Bi adibide ezagun jartzeagatik, horra hor 2014ko San Tomas eguneko arratsaldean Nazioarteko Egiaztatze Batzordeak ETAren armagabetzerako urratsak txalotzeko egindako adierazpenari zein zatarki erantzun zion, segidan tiraderatik kontraproposamena atera eta iritzi publikoari jakinaraziz; edo berriki, urtarrilaren 9an hain zuzen ere, Katalunian JxSk eta CUPek inork gutxik aurreikusten zuen akordioa lortu zutela jakiteak barruan piztu zion sua, hurrengo egunean EAJk amatatu behar izan zuena. Amaierara heltzear garelarik, erraz egiten da bere legealdiaren balantzea, Urkulluk berak definitu zituen hiru lan esparru nagusiak aztergai hartuta gainera: estatus berriaren konpromisoan, zero patatero; gatazkaren konponbidean ere, ezertxo ere ez; eta, krisiaren aurkako borrokan, testuinguru orokorreko hobekuntza xumeaz aparteko, deus ez. Eta hala ere, gustura sumatzen dugu Iñigo Urkullu, bai, gauzak orain arte egon diren bezala utzi dituelako bere buruarekin konforme-edo.

Politika egiteko molde klasiko horren aurrean proaktibitatearena agertzen da, modako hitza. Errealitateak aldarazteko, egin egin behar da, edo, hobe oraindik, eragin egin behar da. Gernikako jardunaldira itzuliz, euskal prozesuaren ezaugarri nagusia zein den argi dute nazioarteko aditu horiek guztiek: aldebakartasuna, kontzeptu zinez iraultzailea. Ekimena. Maisuki aldarazi zuen agertokia ezker abertzaleak duela bost urte, nahiz gero barruko eta kanpoko joera immobilistek aldaketari galga jarri dioten.

Beste adibide bat emateagatik, espainiar statu quoari astindu ederra ematen ari zaio Podemos. Tacticismoa deitu zaio, mespretxuz, bere jardunari; esaterako, Pedro Sanchez Zarzuelan erregearekin bilduta zelarik, aurretik ezer esan gabe Pablo Iglesiasek PSOEko buruari koalizio gobernua osatzeko proposamen zehatza luzatzeari. Gidoitik kanpo zen mugimendu txiki horrek, baina, tximeleta efektua izan du: a) Sanchezi aukera parez pare jarri dio, aukera iritzi publikoaren aurrean bistaraziz. b) Ondorioz, Rajok bere burua alboratu eta Sanchezi bide eman dio, orden logikoa aldatzea hobe izango dela sinetsita. c) Lehen lerroan kokaturik, Sanchezek alderdi barruko arerioei aurre egin behar izan die. d) Erregeak Sanchez hautagai izendatu behar izan du eta Podemosek du orain, neurri handi batean, inbestidurarako giltza. Ez dakit hori artea, abilezia edota besterik gabe politika egitea den. Baina argi dago ezer ez egiteko maniaren aurrean askoz emankorragoa dela egitea, eragitea. •