Juantxo EGAÑA

Harresirik gabeko Donostia, hazten hasi zen hiria

Donostiako San Martin auzoa, 1870. urtea. Irudia garaiko epaitegien orubetik dago hartuta. Lehenengo planoan, Zapiainen etxea eta Sebastopol ostatua; atzealdean, Kursaal (Londres) hotela, eraikuntza lanetan. Argazkia egun Manterola kalea izango litzatekeenetik dago eginda eta bere egilea Hermenegildo Otero (Donostia, 1841-1905) izan zen. Argazkigintzaren aitzindaria bera, Pescaderia kaleko 8. zenbakian zeukan estudioa. Bere jarduera profesionala, batez ere, 1864an hiriko harresiak erautsi ostean Donostiak bizi izan zuen garapena erretratatzen garatu zuen. Era berean, ezagunak dira II. Gerra Karlistaren harira egin zituen argazkiak, baita Donostiako gotorlekuei egin zizkienak ere.