Ion Salgado
infraganti

PHIL MILLER

Duela hamahiru urte iritsi zen Phil Miller Arabako Mendialdera, Izkiko paisaiaz maitemindu ostean. Egun Elortzako bere etxeko ateak bidaiariei aterpe emateko irekitzen ditu eskoziarrak. Bertan gaua pasatzen dutenei txangoak egiteko aukera ere eskaintzen die, oinez edo, Momo eta Djando astoei esker, gurdian.

N ola demontre heltzen da eskoziar bat Izkira? Zer egiten du Elortza bezalako kontzeju txiki batean? Phil Millerrek ez du erantzunik. Duela hamazazpi urte iritsi zen Euskal Herrira, «kasualitatez», nora ezean. Kostaldea bisitatu zuen, Bilbon eta Donostian egon zen, eta Gasteizen bizi izan zen. Hiri anitza eta irekia iruditu zitzaion Arabako hiriburua, toki ezin hobea bizitzeko. Baina dena aldatu zen Arabako Mendialdea ezagutu zuenean. Leku ederra iruditu zitzaion, paisaiaz maitemindu zen eta hara bizitzera joatea erabaki zuen duela hamahiru urte.

Gaur egun etxe bat dauka Elortzan, Maeztu eta Iturrieta batzen dituen errepidearen ondoan. Zuriz margotutako etxeek osatzen dituzte herri txiki honetako kaleak, basoz inguratuta daudenak. Paradisu naturala hormigoiez jositako nazio batean. Zekuianoko baltsa, Igoroin errekako idoiak, Korresko amildegia, Olandinako urmael txikia... gozatzeko milaka leku daude Arabako hego-ekialdean, Nafarroarekin muga-mugan, dagoen parke natural honetan.

Bada, atzerritar ugarik ezagutu dituzte Izki eta Euskal Herriko sekretuak Millerri esker. Duela urteak couchsurfing komunitatearen bidez iristen ziren bisitariak eskoziar honen etxera, ondoren, Airbnb webguneari esker. Halaber, 2009an Bizipoza Tours webgunea martxan jarri zuen eskoziarrak. Bertan txangoak eta informazioa eskaintzen dizkie mundu osoko bidaiariei, betiere ingelesa baldin badakite, webgunea William Shakespeare handiaren hizkuntzan idatzita baitago. Hala ere, Milerrek argi uzten du webgunea ez dela turismo agentzia bat, ezta negozio bat ere. «Diru gutxi eskatzen dut nire etxean lo egiteagatik, eta, bisitariek nahi izanez gero, hainbat ekintza egiteko aukera eskaintzen diet, baina trukean diru kopuru zehatzik eskatu gabe, borondatea soilik. Batzuek asko uzten dute, eta, beste batzuek, ezer ez», azaldu du. Bere burua «kultur ezberdinen arteko zubi» gisa ikusten du, eta, dioenez, kanpokoa izatea baliagarria zaio sarri bertakoentzat oharkabean igarotzen diren gauzetan erreparatzeko. «Gauza xumeek garrantzia dute, eta hemengoek askotan ez diete duten balioa ematen, esaterako, leka patatei edo ardo botila bati!», azpimarratu du barrezka.

Festa eta herri giroa ere ezagutzen dituzte bisitariek Millerri esker, eta euskaraz dakizkien hitzak ere irakasten dizkie. Millerren etxean lo egiten duten turista gehienen ama hizkuntza ingelesa da, baina frantses Estatutik, Kataluniatik eta Ekialde Urrunetik etorritako bisitariak ere jaso ditu. Eta azaltzen duenez, gehienen nahia ez da zazpi euskal herrialdeetako hiriburuak bisitatzea. «Herriak ezagutu nahi dituzte, eta jendearekin hitz egin. Hori da nik eskaintzen diedana», adierazi du. Taiwanetik etorritako bidaiari baten historia ekarri du gogora: «Herriko auzokideekin hitz egiten zuen, euren esperientziak partekatzen zituzten, ezagutzak trukatzen zituzten».

Momo eta Django

Millerrek txango ezberdinak eskaintzen dizkie bere etxera heltzen diren bidaiariei. Arabako Errioxa eta Euskal Herriko kostaldea ezagutu ahal izango dituzte, noski, baina Entzia eta Kantabria mendilerroek mugarritzen dituzten lurrak hobeto ezagutzeko aukera ere izango dute. Txangoak oinez zein gurdiz egin ahalko dituzte, Momo eta Django astoen eskutik. Hain zuzen ere, Vasco-Navarro trenaren bidetik gidatuko dute gurdia astoek.

Momori Michael Ende idazlearen eleberri ezagunaren protagonistaren omenez jarri zion izena Millerrek, eta auzokide batek oparitu zion 2014ko ekainean. Djongo, berriz, iaz heldu zen Elortzara, Maeztuko herritar batek oparituta. Izan ere, astoek ezin dute bakarrik bizi, bikotekidea behar dute. «Arrantza egiten du astoak bakarrik egonez gero, eta tristeziaz hiltzen da», azaldu du Millerrek. Behin astoak lortuta, ez zen zaila izan gurdia aurkitzea, are gutxiago baserriz beteta dagoen eskualdean.

Bizitopa Tours webgunean azaltzen den bezala, adimen handia duten animaliak dira astoak, izaki “magikoak”. «Beste erritmo bat dute, eta gurdian bidaiatzen dutenek esperientzia berezia bizitzen dute. Inguruko xehetasunak nabaritzen dituzte. Izan ere, astoak izaki bizidunak dira eta haiekiko harremana berezia da, ezin daiteke autoz egindako bidaia batekin konparatu», dio Millerrek.

Iaz Momorekin bidaia luzea egin zuen Millerrek: Elortzatik Bermeora joan zen, 105 kilometroko bidaia Araba eta Bizkaian barna, “Ardoa eta Arrainaren GR-38 ibilbidetik”. Bederatzi egun iraun zituen bidaiak, Arabako Lautada, Zuiako kuadrilla eta Durangaldea zeharkatuz kostaldera iristeko. «Polita izan zen, motel-motel zoaz, bidaiaz gozatuz. Herrietara heltzerakoan, jendea niregana hurbiltzen zen astoa ikusteko. Nirekin hitz egin nahi zuten, eta askok garagardo bat hartzera gonbidatzen ninduten. Otxandioko jatetxe baten afaltzera gonbidatu ninduten», gogoratu du herritarren abegi ona eskertuz. Millerrek dioenez, jendeak asto gutxi daudela uste du, «baina hori ez da egia, asto bat edukiz gero asto piloa daudela konturatzen zara. Izan ere, astoak dituzten zoro guztiak ezagutzen dituzu!».

Etorkizunera begira, plan ugari ditu Millerrek, eta astoak izango dira planon protagonistak. Udan astoekin Maeztuko igerilekuen atean jartzeko asmoa du, gurdian paseoak eskaintzeko. Baina “Asto Txango” ekimena martxan jarri baino lehen bere egoera legeztatu nahi du, gaur egun borondatea eskatzen baitu bere laguntzaren truke. «Nire egoera aldatu nahi dut, gaur egun ez baitut ezer kobratzen. Langile autonomoa izan nahi dut, gidari turistikoa izateko», gaineratu du. Dioenez, ez zaio inporta autonomoen tasa altua ordaintzea etorkizunari begira segurtasuna lortzeko.

Horrela eskaintza zabalagoa prestatu ahalko luke. Ekimen berriak jarri ahalko lituzke martxan. Oraingoz lau txango proposatzen dizkie Bizipoza Tour webgunean sartzen diren bidaiariei, “Asto Txangoa” barne. Lehenak Bizkaiko kostaldea ezagutzea du helburu. Portugaleteko zubi esekitik hasten da txangoa, eta Bermeo eta Gernikatik igarotzen da. Halaber, bidaiariek Ea eta Gaztelugatxeko Doniene ermita ere bisitatzen dituzten txango honi esker.

Millerren eskutik, Arabako Errioxa ezagutzeko aukera ere badute bidaiariek. Gasteizeko Alde Zaharrean gosaldu ondoren, bidaiariak herrialdeko hegoaldera abiatzen dira Bernedo mendatetik. Arabako Errioxara heltzerakoan, Guardia eta bertatik gertu dagoen Sorginen Txabola dolmena bisitatu eta upeltegi batean bazkaltzeko aukera dute bidaiariek. Gasteizera itzultzerakoan Herrera mendatetik pasatzen dira. Eta handik Ebro ibaiaren ur ertzean dauden hiri eta herriak ikus ditzakete, lainoak aukera ematen badu betiere.

Azkenik, Euskal Herriko mendebaldea ezagutzeko aukera eskaintzen die eskoziar honek bere etxean lo egiten dutenei. Gasteizetik edo Bilbotik hasteko aukera dago. Hiriburu batetik edo bestetik atera ondoren, bidaiariak Goiuriko ur-jauzira joaten dira, eta Urkabustaizetik Kuartangora ere hurbiltzen dira. Mendiko botak jantzita, Nerbioi ibaiaren ur-jauzira hurbiltzen dira, eta handik Aiaraldeko lurrak ikusteko aukera dute. Horixe, ziurrenik, Euskal Herriko postalik ederrenetako bat da. Eta Añanan bazkaldu ostean, Gasteizko Alde Zaharrera itzultzen dira txangoa amaitzeko. Bidaiariek proposatzen dituen txangoak gustuko dituztela uste du Millerrek, izan ere, askok errepikatzen dute esperientzia.

Amaitzeko, aipatu Millerrek Sorgin Soro nekazaritza ekimenarekin ere kolaboratzen duela. Berak boluntarioak bilatzen ditu Okarizeko landetan lan egiteko. Esperientzia polita da parte hartzen dutenentzat, lurra landu ondoren Arabako Lautadako milaka txoko bisitatu ahal dituztelako. Eta nola ez, Izkira hurbil daitezke Millerren etxean indarrak hartzeko... •