Aimar Etxeberria Korta
GAZTETXE TOPAKETAK

Asanblearismoa eta alternatibak, gaztetxe eta gazte asanbladek bidea egiten jarrai dezaten

250 gazte asanblearismoaz eta alternatibez hitz egiten. Hori da Oñatiko Antixena gaztetxean iragan asteburuan ospatu ziren gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketek utzitako irudia. Eztabaidek, baina, helburu jakin bat zuten: etorkizuneko bidea jorratzen jarraitzeko gaztetxe eta gazte asanbladak tresnaz hornitzea.

300 gazte inguru elkartu ziren iragan asteburuan Oñatin. (TOPATU.EUS)
300 gazte inguru elkartu ziren iragan asteburuan Oñatin. (TOPATU.EUS)

Oñati izan zuten topaleku iragan asteburuan Euskal Herrian zeharreko gaztetxe eta gazte asanbladetako kideek, bertan ospatu baitziren Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketak. Hiru egunez, asanblearismoa eta alternatibak oinarri hartuta hainbat eztabaida, tailer, hitzaldi eta abarrez gozatzeko aukera izan zuten Antixena gaztetxera gerturatu ziren gazteek. Aipatu gaztetxeko kidea da Xabier Etxebarria, eta berarekin hitz egin du GAUR8k topaketon nondik norako nagusien berri izateko.

Azaldu du Etxebarriak gaztetxe eta gazte asanbladen arteko topaketena iaztik datorren kontua dela. Laudion egin ziren iragan urtean, gaztetxe eta gazte asanblada ezberdinen errealitatea jaso asmoz egin nahi zuten dokumental baten harira. «Dokumentalaren grabaketa lanak errazteko, gaztetxe eta asanbladatan antolatuta zeuden gazteak Laudion elkartzea erabaki zuten», azaldu du. Urte batzuk ziren jada topaketarik egiten ez zela, eta dozenaka lagunek egin zuten bat bertan. Topaketak, baina, ondorio garbirik gabe amaitu zituzten; ekimenari jarraipena ematea soilik adostu zuten.

Oñatiko gazteak izan ziren, zentzu horretan, zezenari adarretatik heldu ziotenak. Ikasturte berria hastearekin batera, topaketen gaia jarri zuten mahai gainean iragan urtean Laudion izan zirenetako batzuek. «Asanbladan planteatu genuen, eta begi onez ikusi zen proposamena. Esan daiteke Oñatiko gaztetxearen iniziatiba izan zela, eta lortu dugu beste urtebetez egitea topaketak», azpimarratu du.

Asanblearismoa eta alternatibak

Behin asanbladan topaketak egitea onartuta, euren erabakia publikoki adieraztea erabaki zuten Antixenako kideek. Erabakiari jarraiki, euren asmoen berri eman eta topaketak elkarlanean antolatzeko deia luzatu zuten, bilera sorta bati ekinez; Durangoko gaztetxeko kideekin bildu ziren, gaztetxe eta gazte asanblada ezberdinetako helbide elektronikoak biltzeari ekin zioten, eskualdeko gaztetxe ezberdinetako kideekin jarri ziren kontaktuan... «Egin genituen kontaktuetan erantzun positiboak jaso genituela ikusita, Durangoko Azokaren harira bilera zabal baterako deia luzatu genuen. Dozena bat gaztetxetako kideak bildu ginen bertan, eta topaketen eduki nagusia izango zena zehaztu genuen. Hala, topaketetako eztabaida nagusiko bi puntu garrantzitsuenak planteatu genituen: asanblearismoa eta alternatibak», azaldu du Etxebarriak.

Bilera batekin nahikoa ez eta bigarren bat egin beharrean suertatu ziren, topaketak egin aurretiko aurre-lan guztiak modu egokian egiteko. Urtarrilaren 9an egin zuten aipatu bigarren bilera, eta 50 pertsonatik gora elkartu ziren bertan. «Bi bilera hauek egin aurretik, baina, Laudioko gaztetxeko kideekin hitz eginak ginen iragan urteko esperientziaren berri izan eta akats berak ez errepikatzeko. Laudiokoaren ostean atera zuten ondorio nagusia izan zen gaztetxe edo asanblada bakoitzaren egoeraz hitz egitera mugatu zirela. Hori jakinik, bakoitzaren osasuna aztertzera baino gaztetxeok etorkizunera begirako tresnaz janztera bideratutako topaketak egitea erabaki genuen», adierazi du. Aipatu erabakiari erantzunez erabaki zuten topaketak asanblearismoaren eta alternatiben artean banatzea.

Hasierako asmoen baitan kokatzen zen ere erabaki edo lan ildo zehatz batzuk izatea topaketak amaitzean, «baina parte hartze kopuruak eta eztabaiden nondik norakoek ez ziguten halakorik baimendu. Horrek ez du esan nahi –jarraitu du– aurrera begirako erabakirik hartu ez dugunik: topaketek jarraipena izan dezaten bilera deialdi bat egina dago jada, ondorioei heldu eta horiek bideratzeko».

Hasieran adierazi bezala, hiru egun egin zituzten elkarrekin Euskal Herriko hamaika txokotatik Oñatira bertaratu ziren gazteek. Ostiral arratsaldea, batez ere, edukiak jasotzera bideratu zuten, betiere asanblearismoa eta alternatibak oinarri hartuta. Hala, OihuK Bilboko emakume feministek okupatutako guneko eta “Gure kabuz ala hil” dokumentaleko kideak izan zituzten gonbidatu, euren proiektuen berri izan zezaten. Ondoren, Gasteizko gaztetxearen historia jasotzen zuen dokumentala proiektatu zuten, eta eguna kontzertu lasai batzuekin amaitu zuten.

Larunbat goiza, berriz, eztabaidan eman zuten; batzuk asanblearismoaz, besteak alternatibez. Guztiak bildu eta plenario handi bat egin asmo zuten, baina ezinezko egin zitzaien, eztabaidek oso bide ezberdinak hartu zituztelako. Bazkaldu ostean hiru tailer izan zituzten, hirurak aldi berean garatuak; jendeak batean edo bestean banatu behar izan zuen. “Erresistentzia tailer” bezala definitu zituzten, eta, hala, erresistentzia fisikoaz, juridikoaz eta komunikatiboaz aritu ziren. Horretarako Julio Villanuevaren –erresistentzia fisikoa–, Donostiako Okupazio Bulegoaren –juridikoa– eta Lander Arbelaitz kazetariaren –komunikatiboa– ekarpenak jaso zituzten. Tailerrak amaitzean manifestazioa egin zuten Oñatiko kaleetan, «muskulu apur bat atera eta jendea motibatzeko». Eta musika jaialdi batekin eman zioten amaiera egunari. Igandea, berriz, guztia txukundu eta azken balorazio bat egiteko utzi zuten.

Harremanak saretu

«Orokorrean, jendea oso gustura irten zen topaketetatik. Egin ziren eztabaidek freskotasuna izan zuten; lortu genuen norberaren eguneroko errutinak atera eta beste herrietako errealitateak ezagutzea», nabarmendu du Antixena gaztetxeko kideak. Parte hartzea ere oso altua izan zela azpimarratu du: «Asteburu osoan zehar 300 pertsonaren bueltan igaroko ziren hemendik, eta eztabaidetan 250 bat izango ginen. Topaketak antolatzen hasi ginenean 150 pertsonako parte hartzearen helburua jarri genion geure buruari. Gero, baina, jakin genuen ezker abertzaleak espetxeetara martxak antolatu zituela asteburu berean... Topaketak ‘salbatzea’ nahikoa izango zela pentsatu genuen orduan». Parte hartzea presentziala izateaz gain, aktiboa ere izan zela gaineratu du, «talde txikitan banatzeak asko lagundu zuen horretan».

Aurrera begira jarriz, aurreratu du helburua gaztetxe eta gazte asanbladen arteko harremanak saretzen jarraitzea dela. Bilera deialdi bat ere egin dute jada: apirilaren 9an, Gasteizen. Helburua Euskal Herrian zeharreko eskualde guztietako ordezkariak biltzea da. Aipatu bilera balizko topaketa berri batzuen abiapuntua baino ez litzateke.

Orokorrean hitz eginda, antzematen du Etxebarriak gaztetxe eta gazte asanbladen baitan ematen ari den nolabaiteko garapena. «Alternatibak garatzeari ematen zaio, batez ere, garrantzi berezia. Gaur arte gaztetxe eta gazte asanbladen jardunaren erdigunean aisialdia egon den bezala, gaurtik aurrera alternatibak garatzeari ere tamaina bereko garrantzia emateko nahia antzematen da, aisialdia albo batera utzi edo gutxietsi gabe betiere. Modu horretan, bizitzaren bestelako eremuetan ere eragiteko aukera lukete gaztetxe eta gazte asanbladek», azpimarratu du.

Jakitun da, baina, gaztetxe edo gazte asanblada bakoitzak bere errealitatea bizi duela –Tolosan gaztetxerik gabe geratu dira; Iruñea eta Baionan, berriz, lortu berri dute–, nahiz eta dioen badela guztiek partekatzen duten elementu bat: kapital humanoa. «Gaztetxe edo gazte asanblada bat dagoen herri bakoitzean dago gazteria antolatu bat, konprometitutakoa eta jarrera kritikoa duena. Hori sekulako kapital humanoa da», adierazi du.