Laura Mintegi

Alderdi berriak eta politika berria

Politika berria ez da horren berria. Politika berriak egiten dituen aldarrikapenak, orain berrogei urte egiten ziren, nahiz eta orduko politikari haiek politika zaharra egiten amaitu duten. Politika berriak badu aurrekaririk, orduko eta gaurko aldarrikapenak berberak direlako: aldaketa, alegia (noiz ez da aldarrikatu aldaketa?), herritarren partaidetza, ustelkeriarik eza, herritarrei begirako kudeaketa, ongizatearen sozializazioa, giza eskubideen errespetua, libreki adierazteko askatasuna, agintarien autoritarismoari galga jartzea, gutxiengoen errespetua, pluraltasuna aintzat hartzea, ahularen babesa.

Urteen joanaren joanaz praxiak kale egin du, eta hari aplikatu behar zaizkio neurri zuzentzaileak. Ez teoriari bere osotasunean.

Esan egiten da alderdi berriak etorri direla bipartidismoa akabatzera. Baliteke halaxe izatea Espainia aldean. Hego Euskal Herrian ez da egon bipartidismorik, ez da egon gehiengo absoluturik eta politika bi ardatzen inguruan eratu da, bakoitzak bi beso dituela. Batetik ezker-eskuin ardatza dugu eta lau alderdi nagusiak binaka kokatzen dira ardatzaren bi besoetan: ezkerrean PSE-EE eta EH Bildu, eta eskuinean PNV eta PP. Bestetik, abertzale-espainiarzale ardatza dugu, non beste bi multzo diferente osatzen diren: beso abertzalean PNV eta EH Bildu, eta, espainiarzalean, PSE-EE eta PP.

Lau alderdien artean betetzen dute espektro osoa. Ba al dago lekurik alderdi berrientzat? Nik uste dut Podemosen indarra dela gainontzeko alderdien ahuleziaren isla. Beren meritua baino, besteen desmeritua da. Alderdi bakoitzak ondo egin izan balu bere lana, Podemosek ez zukeen edukiko espaziorik. Podemosen arrakasta neurtzen da gainontzekoen porrotaren tamainaz. Madrilgo Sol plazan kanpatu zutenean alderdiak ez ziren gai izan gobernuaren tiraniatik babesteko, elkarren arteko borrokan entretenituta baitzeuden. Suminduek exijitu zutenean erabaki politikoetan parte hartzeko, alderdiek erantzun zieten alderdi bat sor zezatela. Voilà! Alderdia sortu dute eta suminduak elkartu dira, gobernuarekin eta alderdi guztiekin aspertuta.

Hego Euskal Herria ez da Espainia. Hemen gatazkak erradikalizatu du politika eta ez da egon tarte handirik gune kontrajarrien artean. Borroka armatuak markatu zuen limes-a, eta alderdiak kokatu behar izan ziren lubakiaren alde batean edo bestean, Euskadiko Ezkerra lehenago eta Aralar ondoren.

Gatazka armatua amaitu da, baina laster sortuko da beste lubaki bat, eta alderdi guztiak (berriak ere bai) alde batean ala bestean kokatu beharko dira, ez baitago erdibiderik: independentziarako prozesuari aukera emango diote, bai ala ez. Podemos ere alde batean edo bestean kokatu beharko da, baina seguru nago Albaceteko Podemos eta Nafarroakoa ez direla izango sentsibilitate berekoak, adibide bat jartzearren.

Nafarroa eta Valentzia, hain zuzen, kasu sintomatikoak dira. Biak ala biak estatu arrazoi izan dira, erkidego biei estatuak erantzukizun berezia egotzi zielako: geldiaraztea independentismo katalana eta baskoa, hots, asmo separatistei galga jartzea. Zeregin horren ordainean estatuak ezikusiarena egin du agintari lokalek dirua eskukadaka lapurtu dutenean, CANen ondasunak poltsikoratuz edo zazpi trama ustel sortuz (Camps, Gürtel, Fabra...) 30 urtean. Bi erkidego hauetako suminduak are eta suminduago daude: Valentziako Podemosekoak (Compromis) Kongresuan talde propioa izateko aukera eduki duten bakarrak dira. Nafarroako Podemosek ere nortasun berezkoa adierazi du eta bertako kideek aurre egin diete, behin baino gehiagotan, Madrilgo alderdikideei. Alderdi hauek, baina, uneren batean argitu beharko dute non kokatuko diren, lubakiaren zein aldetan, independentismoak markatuko duelako, errotik, politika osoa. Orduan ezagutuko dugu egiatan, alderdi berrien politika, politika berria den ala zaharra. •