Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Belodromoa

Egunak gose dira, elkar jaten dute gupidarik gabe; bata bestearen atzetik datoz geroz eta azkarrago, geroz eta gosetuago eta bihar gauerako ahaztuko zaigu gaurko goiza; beste norbaitenak izango dira gaur esaten ditugun hitzak, gaur ematen ditugun pausuak. Errutina deitzen omen zaio horri: egun guztiak elkarren antzekoak izateari, egunero ordu berean leku berean eta aurpegi berarekin egoteari; beste ezer egiterik izango ez bagenu bezala, nahitaez orain, hemen eta horrela egon beharko bagenu bezala.

Badira lekuak, ordea, egunei ihes egiteko gai direnak, aurretik igaro ziren eta ondoren etorriko diren egun guztien gainetik geratuko direnak, denbora propioa balute bezala. Belodromoa hori da bertsozale askorentzat. 1997ko Txapelketa Nagusian etorri nintzen lehenengo aldiz. Eta gogoan ditut sarrerako ilarak, jendea elkarri begira, elkar agurtzen, eskuak igurzten, urduri, ezezagunei ere egunon esanez eta Belodromo barruko jende oldea, betetzen ari ziren aulkien kolore guztiak; oholtza han, urrun, txiki eta hauskor eta bertsolariak irten zireneko leherketa hura, bertso bakoitza hasi aurreko isiltasun erabateko hura, isiltasunak berak ere bere oihartzunari ikara balio bezala eta disimuluan ihes egindako eztulak eta bertsolarien ahotsak, hain urrun, hain txiki eta hain hauskor ikusten genituen bertsolari haien ahots sendoak; eta bertsoen ondorengo leherketak, txaloaldiak; bertso on baten ondorengo begirada hunkituak, begirada konplizeak eta zerbaiten parte sentitze hori; zerbait zehatza izan ez arren, izenik ematen asmatu ez arren, horren parte sentitzea. Badira egunak ondoren datozenek irensten ez dituztenak; hamar urte nituen abenduko egun hartan, oraindik zer zen esaten asmatzen ez dudan horren parte sentitu nintzen egun hartan. Non eta nola jakin ez harren, zer horren parte izan nahi nuela erabaki nuen egun hartan.

Handik lau urtetara ere hemen ginen, eta lau urte lehenagoko emozioak ere bai, 1997ko final hura, giro hura espazio eta denboratik kanpo baleude bezala, gure barruko zokoren batean ondo gordeta. Ordukoa da kartzelako gai famatu hura ere: “Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan daiteke testigu”, eta nola Jexux Mari Irazuk Belodromoko pistara ekarri zuen Euskal Herriko egoera politikoa, «buelta ta buelta gabiltza baina irten ezinean». Eta ez dakit zergatik, baina Belodromoa ikusten dudan aldiro gai hura etortzen zait burura. Eta badakit garai txarrak direla epikarentzat eta hitz handiak krisian daudela, beste batzuk omen direla gure kezkak orain: lana eta etxea, adibidez. Baina hesiak gero eta garaiagoak dira Melillan eta Mexikon eta Palestinan eta Mazedonian; beldurrak hartu du Paris eta gerrak Siria, eta Hego Amerikan eskuina gora omen doa eta gurean etxegabeak kutxazain automatikoen aho itxien aldamenean hiltzen dira gauez Europako Kulturaren Hiriburuan, eta haurrak leihotik behera botatzen dituzte Gasteizen eta lantegiek jendea hiltzen dute eta inauteriek ez dute erasorik mozorrotzen eta nire baitan ere badira gune okupatuak; nik ere altxa dut ahotsa ondokoa isiltzeko, ni ere isildu nau beste norbaiten ahots sendoak eta bai, egunerokoak kezkatzen gaitu, hozkailuak, soldatak, berogailuak... Baina egutegiak lokatzaren gainean eraiki genituen, egunak gose dira, elkar zanpatzen dute eta guk ere bai, guk ere elkar zanpatzen dugu edo elkarrekin makurtzen dugu burua egunerokotasunaren aurrean, noizbait hala egiten hasi ginelako, egunerokotasuna ez baita arau bihurtutako ohitura sorta bat besterik. Eta egunak gose dira; urteak dira Euskal Herrian egunak gose direla, horregatik behar dugu berriz egutegiari ihes egingo dion egun bat, gaurkoa adibidez, Belodromoko pistatik atera eta hemendik aurrera datozen egunak dardarka jarriko dituena. •