Maria Gonzalez Gorosarri - @albistetan
Kazetaria eta ikertzailea

Europa gerran dago

Estatu Islamikoak (Daesh izenekoak) Europari noiz eraso egingo dion beldurpean bizi gara. Mendebaldeko estatuek herrialde musulmanetako diktaduretan parte hartu izan ez balute bezala. Mendebaldeko estatuek herrialde musulmanetan gerrak abiatu izan ez balituzte bezala. Parisko atentatuen harira, baina, François Hollandek Europaren egoera berria gudarekin parekatu zuen:

• «Frantzia gerran dago» (“Le Monde”, 2015/11/16).

Lehendik, 2015eko urtarrilean “Charlie Hebdo” aldizkari satirikoari eraso egin ziotenetik, Europako eta Mendebaldeko herrialderik aberatsenek gudaren bidea hartuta zuten (Europar Batasuna, Erresuma Batua, Alemania, Ameriketako Estatu Batuak, Kanada, Belgika eta Espainia, besteak beste):

• «Trece países señalan el yihadismo como su peor amenaza» (“El País”, 2015/01/11).

Guda izateko, etsaia behar dugu. Horretarako, herrikide musulmanak kriminalizatu dituzte. Hedabideek etsaiaren irudia erakutsi digute, Euskal Herritik bi mila kilometrora izandako lapurretak eta erasoak izan arren, Kolonian (Alemania), esate baterako. Etsaia irudikatzeko, masiboki oldartzen zaizkigula zabaldu zuten hedabideek. Justizia ministroaren iritzi pertsonala baino ez zen, baina aurreiritzi arrazista hori hedabideetan zabaldu zen, horixe frogatzen zuen datu bat ere egon ez arren:

• «Los ataques en Colonia fueron ‘coordinados’, dice el ministro: El titular de Justicia, Heiko Maas, aseguró que el hecho de que ‘una horda semejante se reúna a cometer delitos’ debió ser algo planificado» (Deutsche Welle , 2016/01/10).

• «Berlín cree que los ataques de Colonia estaban planeados» (“El Correo”, 2016/01/11).

• «Mil hombres acosan de forma coordinada a decenas de mujeres en Colonia» (Eitb.com, 2016/01/04).

Etsaia gurean dugula erakusteko, erasotzaileen artean errefuxiatuak zeudela zabaldu zuten hedabideek. Ondorioz, gurera etorritako errefuxiatuek modu masiboan eta koordinatuan eraso egiten digutela ulertu genuen. Herritarrek, orduan, errefuxiatuen aurkako jarrerak azaldu zituzten. Alemaniako Gobernuak errefuxiatuen aurkako legeak indartzeko aprobetxatu zuen. Buruzagiek pozoitutako informazioa zabaltzean, politikariek nahi zuten politika arrazista aurrera eramateko bidea eman zieten hedabideek. Errealitateak, handik hilabetera, gezurrak agerian utzi zituen:

• «Solo tres de los 58 hombres detenidos por los abusos sexuales de Nochevieja en Colonia son refugiados» (Eldiario.es, 2016/02/15).

Gerora egiaztatutako gezurrek, hala ere, ez dute buruzagi politikoen aurkako erreakziorik eragin. Armadak Europako kaleak hartu arren, ez gara kexatu. Frantziak urtebete militarizatuta darama: “Charlie Hebdo” aldizkariari eraso egin ziotenetik, hain zuzen. Ondoren, azaroan, Pariseko hiritarrak hil zituztenean, Frantziak larrialdi egoera ezarri zuen Hollandek. Oraintsu, beste hiru hilabetez luzatuko dute, maiatzaren 26a arte.

Larrialdi egoeran, Frantziak Siria bonbardatu du, Konstituzioa aldatu du eta frantziarren eskubideak murriztu ditu. Larrialdi egoeran, manifestazioak debekatuta daude Frantzian, baina herritarrek militarizazioari aurre egin diote eta kalera atera dira. Hollandek, ordea, propagandarekin erantzun du, “larrialdi egoera” esamoldea txantxetan erabiliz. Hedabideek, zoritxarrez, kasu egin diote:

• «Hollande dice que Francia está en ‘estado de emergencia económica y social’: El presidente francés presenta un plan dotado con 2.000 millones para combatir el paro de larga duración» (“El Periódico”, 2016/01/18).

Frantzian ez ezik, Italian ere armada kalean daukate. Hedabideek beldurraren berri ematen dutenean, herritarren erreakzio politikoa ekiditen dute:

• «El Jubileo empieza en Roma marcado por el miedo a un ataque yihadista» (“El Mundo”, 2015/12/08).

• «Jubileua: Erroman soldaduak, gehienezko alertan. Laster, beste 1.500 militar gehituko zaizkie» (“Corriere della Sera”, 2015/12/21).

Europa gerran dago: herrikide musulmanak etsai bihurtu dituelako eta armadak kalea hartu duelako. Eskubideak murriztu dizkigutela kontuan izanda, Europa herritarren aurka gerran dagoela ematen du. •