Maider Iantzi Goienetxe
infraganti

OIHANA IGUARAN

Bere herriko, Amasako, Iturri-goxo tabernan harrapatu dugu Oihana Iguaran. Bertso kantuan ibiltzen den kultur etxearen ondoan eta udan liburu batekin egoteko gustatzen zaion ermitako txokotik hurbil. Ikuspegi ederra dago; Ernio ageri da zurituta. Ilusioz dago gaztea, Gipuzkoako finalaren ondotik egiten hasi den plazekin eta mila proiekturekin.

T xori bat eskuetan izatea hobeki dela diote, baina hegan dabiltzan txoriak maite ditu Oihana Iguaran Barandiaranek (Villabona-Amasa, 1991). Ikusi bertzerik ez dago zenbat proiektutan dabilen, eta zenbat gehiago egin nahiko lituzkeen. Aitzinetik bide bat ibilia bazuen ere, joan den abenduan jokatu zen Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalak egin du ezagun eta plazetan kantatzeko aukera ekarri dio.

«Aste honetan eta datorrenean zazpi-zortzi saio edukiko ditut, eta nik normalean urtean egiten nituen zazpi-zortzi saio. Oso-oso pozik nago horrekin. Egia da Martxoaren 8aren buelta honetan saio gehienak neskenak direla. Ez da kasualitatea».

Elkarrizketaren egunean, ostegunean, Usurbilen kantatu behar zuen bertso afarian. Biharamunean, aldiz, Erniarraitz sariketako finala zuen. Gaur saio musikatua du Andoainen, eta, bihar, Elizondon. Gogotsu dago. Gainera, musikatuek inbidia eman izan diote beti eta lehenengoa probatuko du.

Urtarrilean Bertso Egunean ere abestu zuen aurrenekoz, Donostiako Kursaal jauregian, eta oroitzapen hagitz polita du.

Txapelketa, aurrerapauso handia

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketatik gelditu zaiona, oro har, «aurrerapauso handi baten sentsazioa» da. «Saio batzuk egitea zen nire helburua, abestu egin nahi nuen plazan, eta badirudi hori beteko dela. Pixkanaka deiak iristen ari dira eta alde horretatik oso-oso pozik eta helburuak oso beteta. Horretaz aparte, esperientzia bezala, zoragarria izan da, batez ere bukaera aldera, inguruko guztien beroarekin. Bertso eskola bezala ere gehiago bildu gaitu».

Harituz Tolosaldeko bertsozale taldean egin duten lana nabaritzen dela eta koska bat gora egin dutela uste du. «Batzuek oso garbi zuten Euskal Herriko Txapelketara sartzen saiatu behar genuela; beste batzuek urruti samar ikusten genuen. Bederatzi aurkeztu ginen eta hiru iritsi gara. Ederra da mugimendua ekarriko duelako».

Bailara herri txiki eta bereiziz osatuta dago eta bertsolariekin ere hori gertatzen ari zen. «Herri bakoitzean bat edo bi gelditzen ginen eta horrek bertsotan aritzeko aukera murrizten zuen». Orduan, bat egin zuten. Bertsoak sortzea, irakaskuntza eta ikerketa bultzatzen dituzte, eskualdeko ikuspegiarekin. Bertso eskoletako haurrek kide gisa funtziona dezaten saiatzen dira.

«Horren barruan oso polita izan da Harituz-eko kideak txapelketan epaile eta gai-jartzaile ibili izana. Bertsoa bizi nahi duen edozeinek bere tokia topatzea nahi dugu, denon artean sortu ahalko dugulako eskaintza bat eskualde mailan. Eta martxa polita dagoela uste dut».

Isildutako gaien ahotsa

Parekidetasunari dagokionez, bertsolaritza aitzindari izan den sentsazioa izan du Iguaranek batzuetan. «Txapelketak antolatzen direnean gauza batzuk zaintzen dituzte, bertsolarien bi abizenak emanez, adibidez. Lan dexentekoa egiten ari direla uste dut, bai gai-jartzaileak, beste gai mota batzuk plazaratuz, beste era bateko pertsonaiak marrazten uzten dutenak, eta bai bertsolariak, beste errealitate batzuk islatuz eta zabalduz».

Bertsolari profila bezala, entzulearena ere anizten joanen dela pentsatu nahi du amasarrak, diskurtso ezberdinak eginez esparrua zabalduko delako. Ahalegin kontziente bat ikusten du espazio publikoan ohikoak ez diren gaiak plazaratzeko.

Errate baterako, Gabon gauean afaltzen ari ziren amatxi baten eta zaintzailearen paperean jarri zituzten saio batean bertsolariak. «Amona goxoa irudika dezakegu, baina errealitatean izan daiteke ozpina. Kasu horretan, Miren Amuriza eta Maialen Lujanbio esplotazio sutil bat marrazten ahalegindu ziren. Saiakera txikiak dira. Ikaragarri estimatzen ditut eta aurrera garamatzatela uste dut».

Eragiteko esparrua

Urte gutxitan aldaketa handia gertatu dela deritzo. Lehen emakumezko pertsonaiak gizonezkoek marraztuak ziren. Gero, emakume bat edo bi zeuden. Eta orain emakume hagitz ezberdinak dabiltza plazan. «Interesgarria da ikustea bakoitzak nola ikusten dituen gauzak. Ez duzu bat jartzen denen hitzaren ordezkari, emakumeen hitza ez delako bat». Bertsolaritza eragiteko esparru txiki bat dela eta diskurtso berriak plazaratzeak jendeari pentsaraziko diola sinestea gustatzen zaio Iguarani.

Plazetan ez dago Roxi Lazkanoren belaunaldiko emakumeen ahotsik. Ezta Gipuzkoako finalean aditu genuen Iñaxi Etxaberen adinekoenik ere. «Ez gaude ohituta emakume zahar baten ahotsa entzuten. Kontatu ahalko lukeen guztia plazan balego... Hutsune handi bat dago».

Irailetik ahalduntze bertso eskolan biltzen ari dira hilabetean behin emakumezko bertsolari batzuk. Hitzaldiak izaten dituzte aurrena, gero gorputz eta arnasketa ariketa laburrak egiten dituzte eta ondotik praktika, kantuan. «Gai-jartzaileek lan handia egiten dute bilatzeko gure diskurtsoarekin non eragin dezakegun. Galdera dexenterekin ateratzen gara».

«Polita da belaunaldi ezberdinak biltzen garelako, tartean Roxi, eta luxu bat da entzutea nola kantatzen dien gaiei, burutik pasa ere egiten ez zaizkigun ikuspuntuetatik». Hilabetean behin elkartzen badira ere, harremana aunitzez handiagoa bihurtzen ari da. «Hausnarketa aldetik oso inportantea izaten ari da eta praktikara bideratuta dago, bertsotara. Fruituak emango ditu».

Gazteak uste du pertsona bakoitzak duela zerbait berezia kontatzeko. Bertsolariaren lana egokitzea ere bada-eta, Iguaranen arabera, hor erabaki behar dute beren izaeraren ze parte egokitzeko prest dauden eta zertan ez duten men eginen. «Gaztetxe batean ‘gora autogestioa’ kantatzen baduzu txalotuko zaituzte, baina galde dezakezu ‘zergatik dauzkazue 50 Coca-Cola kaxa?’. Orekan ibili behar duzu, zer entzun nahi den eta zer kontatu nahi duzun. Batzuetan bat datoz eta bestetan ez».

Eredu pila ditu Amasako gazteak eta aunitz gustatzen zaio eta interesatzen zaio bertzeek diotena aditzea. Erreferente ezberdinak ikusten ditu eta poza ematen dio horrek. Denengandik hartu eta berea eraikitzen doa. «Oso fase polita da: dena daukazu egiteko eta esateko, eta, aldi berean, nora ez moduko bat da». Lehenengo plazetan «oso gustura» dabil, ilusioz, deskubritzen.

Amaia Agirrerekin egin zituen lehen urratsak. Berarekin ezagutu ditu erreferentziak eta bera izan zen lehenengotarikoa herrietan sakabanatuta gelditu ziren bertsolariak elkartzen. Orain ere ondoan du, bai berak eta bai kideek. Berarekin sortu zen taldeak aitzinera segitzen du, Agirre barne, eta hagitz inportantea da. Egunotan saio batzuk ditu berarekin eta ilusioa egiten dio.

Oinkari dantza taldean

Ikus-entzunezko Komunikazioa ikasi zuen Iguaranek eta profesionalki hortik abiatu da. Dantzan ere badabil, Oinkari taldean, 6 urte zituenetik. «Herriko dantza talde bat da, baina emaitza aldetik askotan profesionaletik gertuago ibiltzen da. Dedikazio aldetik ere bai». Azken urteetan Korrontzi folk taldearekin dabiltza

Orokorrean, astean bi orduko bi entsegu izaten dituzte. Gertatzen dena da proiektu berriren bat esku artean izaten dutenean behar adina izaten dela. «Azken lanaren estreinaldia uztail erdian izan zen eta ikasle guztiak apunteekin gogoratzen ditut entseguetan, azterketa garaia zelako ekaina. Egia da gero emaitza oso-oso polita izaten ari dela».

Dantza antzerkiarekin elkartzen ari dira, Agurtzane Intxaurragarekin batera. «Istorio bat kontatzen dugu dantza bidez. Azken lana ‘Itsasoaren emazteak’ izan da. Gorputzarekin adierazten genuena aurpegira ekartzen saiatu gara. Ezberdina izan da guretzat, oso lanketa interesgarria, eta publikoarengana iristeko hoberen funtzionatu duena Agurtzanerekin egindako lana izan da, jendea hunkitzeraino. Horrek asko ase gaitu eta uste dut hortik joango garela».

“Itsasoaren emazteak” obraren emanaldi gehiago dituzte udaberrian, proiektu berria marraztu nahian ere badabiltza, eta, bitartean, emanaldi bereziak sortzen zaizkie. Berriki Salvamento Marítimo Humanitario Egeo itsasoan errefuxiatuei laguntzen dien taldearen aldeko ekitaldi baterako pieza berezi bat prestatu zuten.

Ikerketa proiektua

Bertsoa eta dantzaz gain, ingelesa irakasten du Iguaranek Elduaien akademian. Gizarte Komunikazioko masterra eta Bergarako Idazle Eskolako graduondokoa ere egiten ari da. Gainera, hausnarketak plazaratzen ditu Tolosaldeko Atarian.

Masterrean, bertsolarien mezuak publikoari nola eragiten dion eta publikoak berak nola eragin dakiekeen mezu horiei aztertu nahiko luke. Proiektua planteatzeko fasean dago orain. Ekaina eta iraila bitartean aurkeztuko luke eta aukera baleuka gustatuko litzaioke garatzea. «Beti pentsatu dut bertsolaritzaren bidez diskurtso alternatibo bat lantzen dela eta interesgarria da aktualitate aldetik zer lantzen duten aztertzea eta ateratzen diren albisteekin konparatzea, jakiteko ze ikuspegi ematen dituzten, zein gai hartzen dituzten eta zeintzuk alboratu».

Badaki aukeratu behar duela, ikerketa zehaztu, baina hori kostatzen zaio gehien. Dena hartu nahiko luke, dena ikusi... hegan dabiltzan txorien gisan. •