Bidaiatzeari beldur?
Hilabete pasatxo da dagoeneko Aste Santutako destinoa erabaki genuenetik. Europa geneukan helburu, eta haren hiriburua, Berlin, hautatu genuen. Hiri kosmopolita, hiru gizonezko gaztek osatutako taldeari beharrizan guztiak asetzeko modukoa: turista izatea antzezteko hamaika leku, eta parranda amaigabeak egiteko beste horrenbeste lokal.
Azken aste honetan, baina, Alemaniako hiriburua astindu duen gertaera batek zalantzak eragin dizkigu. Iragan asteartean, bonba-auto batek eztanda egin zuen hiriburuaren iparraldean, pertsona baten heriotza eraginez. Hala, idatzi nuen Whatsappean: «Bonba-auto bat lehertu ditek Berlinen». Eta noski, segituan iritsi ziren erantzunak, batzuk erdi brometan besteak serio: «ISISek aldarrikatu arte lasai egon gintezkek», idatzi zuen batek; «akojonatuta nagok», gaineratu zuen besteak. Kontuak kontu, kontu-garbitze bat izan zela zabaldu zuten hedabideek, droga aferak medio.
Aipatu gertakariak bi galdera sorrarazi zizkidan nire baitan. Batetik, gisa honetako gertakari baten ondorioz bidaia bertan behera uzteko gai izango ote nintzen galdetu nion nire buruari, eta, bestetik, nire bidaia-lagunetako batek aipatu erabakia hartuko ote zuen gaineratu nion galderari. Lehenengoaren erantzuna baneukan: ez. Beldurti samarra izan arren, seguru sentitzen naiz Europan barrena bidaiatzen dudanean. Izan naiz gatazka handiagoko guneetan, eta behin ere ez dut damuarazi nauen esperientziarik bizi izan; gehienez jota, tiro hots batzuk entzun ditut ostatu hartua nuen hotelaren kanpoan.
Bigarrenak, baina, buruhauste gehiago eragin zizkidan. Iruditzen zait egon daitekeela “terrorismoaren” aitzakian atzera urrats bat egitera behartua sentitzen den jendea; gertaeren gehiegizko dramatismoak eraginda etxean hobeto dagoela erabakitzen duen jendea. Oraingoz, hirurok jarriko gara Berlinera bidean, bestelako gertaera batek arrakala gehiago irekitzen ez dizkigun bitartean behintzat. •

