Asier Lauzurika

Europak ikusi nahi ez duen genozidioaren bihotzean

Zer gertatzen da NATO erakundeko bigarren potentzia militarrak herri bat setiatu eta suntsitzen duenean? Ipar Kurdistandik itzuli berria naiz eta han ikusi eta entzundakoarekin bizi beharko dut: XXI. mendean ere genozidioak egin eta ezkutatzen dituzten inpresioarekin.

Amed hiriko Sur auzora sartzeko Poliziak ipinitako kontroletatik pasa beharra dago.
Amed hiriko Sur auzora sartzeko Poliziak ipinitako kontroletatik pasa beharra dago.

Euskal ordezkaritza bat Ipar Kurdistanen (Turkiako Estatua) ibili gara. Bisita ezberdinak egin ditugu lekukotasunak entzuten, material grafikoa biltzen... Momentu hunkigarri ugari bizi behar izan ditugu. Amed (Diyarbakir, turkieraz) hiriko Sur auzoa bisitatu genuenean bezala, esaterako. Bertako sarraskiak dokumentatzeko asmoa genuen. Auzoa hesiz eta poliziaz inguraturik dago. Checkpoint-ak nonahi, Palestinan bezala. Oso kontrol zorrotza pasa genuen bertara sartzeko. Hirian oraindik sei auzo dituzte erabat itxita.

Ercanekin elkartu ginen hotelean agenda adosteko. Arratsaldeko lauretan udaletxean ginen Kataluniako ordezkaritzarekin batera. Alkatearen eledunarekin eta HDP alderdiko kideekin batera Sur auzora sartu ginen, bertako zentro kultural kurdura. Bertan setioan hildakoen senideak zeuden, euren etxekoen gorpuak berreskuratzeko zain.

Kurduek berehala esplikatzen dizute beraien drama. 55 urteko gizaseme batek kontatu zigun sei auzo daudela oraindik setiaturik. 27.000 pertsona mugitu ezinik. Askok alde egin zuten erasoak hasi zirenean. Etxe zaharrak, meskitak, elizak... dena suntsituta. Gizon haren arabera, eraitsitako eraikinetako hondakinak eramaten dituzte turkiar militarrek kamioietan, eta Tigris ibaira bota. Gu izandako astean 30 hildako zenbatu zituzten Surren (gerrillari zein zibilak). Etxeak bota zituzten okupatzaileek, hondeamakinekin zein tankeekin. Era krudel horretan, etxeetan babestuta zeudenak lurperatu egin zituzten, gure lagun berriak malko artean esplikatu zigunez.

Oraindik ez dakite zehatz-mehatz zer gertatzen ari den. Ez dute ez bizirik daudenen ez hil direnen inguruko informaziorik, baina jakin badakite «etxeak oso-osorik botatzen» ari direla. Oso borroka desorekatua: hondeamakinak eta tankeak, kalaxnikov fusilen kontra. Krimenak egin bezain pronto, ezkutatu egiten dituzte. Hondakin guztiak eramaten dituzte, zer gertatu den inork jakin ez dezan. Okerrena da Europako agintariak militarren konplize bihurtu direla. Gizon hark esan zigunaren arabera, gobernuz kanpoko erakundeek ere ezikusiarena egiten diote sarraskiari. Hori kontatzen zigun momentuan, kalkulatzen zuen 40ren bat gorpu egongo zirela oraindik auzoan.

Beste leku batzuetan (Siriako Kobanen, esaterako) kurduen kontra borrokan ibili diren indar berak dira hemen ere Turkiako Armadarekin batera kurduen aurka ari direnak: ISIS, turkomanoak, txetxeniarrak... «Hemen gertatzen ari dena ISISek egiten dituen buru mozketen tankerakoa da. Tankeak ere pertsonen gainetik pasatzen dituzte», esan zigun.

Lau hilabete zeramatzaten su pean. Ez dakite noiz arte jarraituko duen egoera horrek. Auzo horietan beste sei jendarmeria eraikiko dituzte dena kontrolatu nahian. 5.000ren bat etxebizitza suntsitu dituzte dagoeneko. Jendeak ezer gabe egin behar izan zuen ihes bere etxeetatik eta orain esku hutsik daude.

Emakumeen haserrea

Gainera, baldintza horietan ustelkeria arazorik gabe hedatzen da. Guri kontatutakoaren arabera, Erdogan presidentearen AKP alderdiaren inguruko herritarrek diru laguntzak jaso dituzte. Horiek ez daude hain gaizki, baina gainontzeko guztiek oso egoera kritikoa bizi dute. Dena suntsitu ondoren, bakarren batek sekulako negozioa egingo du berreraikuntza lanekin.

Leku berean beste herritar batek esplikatu digu Surren gertatzen ari dena ez dela beste inon gertatu: «Herri kurdua historian orrialde berri bat idazten ari da. 20.000 soldadu 40 lagunen aurka», esan digu, datuak zertxobait apainduta.

Auzoan ibiltzea nahikoa da herritarrek kontatutakoa bene-benetakoa dela konturatzeko: tiroek utzitako zuloak, kristal guztiak txiki-txiki eginda, dendak itxita, orube hutsak nonahi, hondakinak ere eraman egiten baitituzte okupatzaileek. Halako batean bi emakume hurbildu zaizkigu, haserre. Duintasunez azaldu digute batek zuen denda lehergailu batek suntsitu zuela, eta beste bonba batek bestearen etxea txikitu zuela. Beste auzo batera joan ziren, baina bertatik ere ihes egin beharrean izan ziren. Kurdua izanez gero ez da bakerik gaur egungo Turkian, Erdoganek krudelkeriaz zuzentzen duen Estatu ustez demokratikoan.

Gu turista moduan sartu ginen eremu hartara, eta kazetari lana egin. Surreko kultur etxean bertako kazetariak etorri zitzaizkigun, beren lekukotasuna eskaintzera. Oso garbi utzi ziguten Europak duen jarrerarekin oso haserre daudela, eta eskatu ziguten han ikusitakoa zabaltzeko. Beraien iritziz, europar politikarien isiltasuna lortu du Erdoganek Siriako errefuxiatuekin Brusela presionatzen duelako –nahi duenean bideak zabaldu, eta, nahi duenean, berriz itxi–.

Kontatu ziguten Europako kazetari batzuk iritsi zirela Cizre hirira, eta esan zitzaiela bertan zer gertatzen ari zen: herritarrak bizirik erretzen zituztela tropek. Baina guri esandakoaren arabera, kazetari horiek ez zuten horrelako ezer kontatu Europara itzultzean. Ulertezina egiten zitzaien. Baita guri ere.

Herritar kurdu horien egoera ez da batere erosoa. Batzuetan setiatuta dauden lagunen deia jasotzen dute, militarrak hurbiltzen ari direla eta guztiak hilko dituztela esanez. Handik egun batzuetara iragarritakoa bete egin dela ikusten dute, ezintasuna areagotuz.

Hondakinez betetako kamioiak

Surren begi bistakoa da potentzia okupatzailea bere krimenak ezkutatzen saiatzen ari dela. Eremua barrikadaz josita dago eta ez da inor ikusten kalean; ezta etorbide nagusian ere. Puntu zehatz batean zer gertatu den inork jakin ez dezan, izara handiak ipini ditu Poliziak. Umeak gerrillariz mozorrotzen dira jolasteko, hondakinez betetako kamioi artean. Bertakoek esan digute ibilgailu horietan gorpuak ere ateratzen dituztela turkiarrek. Egoera larriagotzen du setiatuta daudenekin komunikatzeko aukera ezak.

Sur ezagutu ondoren, eta bertan entzundakoak entzun ostean, Cizre hirira joatea (saiatzea behintzat) ezinbesteko da. Amedeko Turistik hotelean egin dugu hitzordua, goizean goiz: 06:30ean. Mardinetik pasatzean esan digute bidea Nusaybin itxita dagoela, herri hori ere setiopean baitute. Edonola ere, Cizrera joan nahi dugu, eta HDP alderdiko diputatuen laguntza dugu. Beraiek esan digute hiriko Newroz festa debekatuta dagoela eta istiluak aurreikusten dituztela.

Bidea askotan aldatu dugu, kontrolak saihestu nahian, baina alfer-alferrik, checkpoint-ak bazter guztietan daude-eta. Halako batean, helmugara iristeko 60 kilometro faltan, ez aurrera ez atzera geratu gara. Sekulako ilarak. Oinez joan gara militarrak dauden lekura. A ze koadroa! Oso urduri daude, urduriegi gauza onerako. «Horiek pasatuta zeudek, hi!», esan dit lagunak belarrira. Tankeak, frankotiratzaileak, ura jaurtitzen duten tanketak, metrailadoreak, fusilak... Ez digute beste inon horrenbesteko ongietorririk egin!

Ez dago pasatzerik. Atzerritik etorritako ordezkaritzak, hedabideetako langileak, HDPko diputatuak eta herritarrak elkarrekin, errepide moztuan. Agintariek bide guztiak itxiko dituzte, baina ez dute inoiz lortuko herri kurdua otzantzea. Bat-batean gerrillaren aldeko abestiak entzuten hasi gara. Gazte eta ez hain gazte dantzan hasi dira errepidean bertan. Tentsioak ikaragarri egin du gora; badirudi soldaduak kargatzeko prest daudela, gasaren aurkako maskarak atera eta janzten ikusi baititugu. Une horretan agertu da Selahattin Demirtas HDP alderdiko burua eta egoera berehala aldatzea lortu du zorionez. Guztiok lasaitu gara, batez ere militarrak. Han bertan hitzalditxo bat eskaini du diputatuak. Cizrera bertan setiatuta daudenei indarra eramatera gindoazela adierazi du. Hiriak jasaten duen egoera gogor salatu du, herritarrek zutik jarraitzen dutela esan aurretik. HDPren elkarrizketaren aldeko jarrera gogorarazi du, beste behin. Azkenean, sarraski bat gertatzea ekidin nahian, atzera egitea erabaki dute herritar kurduek. Ordurako beste kontrol batean istilu larriak izan direla jakin badakigu.

Cizre ezagutu ezinik geratu ginen, baina bertako egoeraren berri eman ziguten: 300en bat gerrillari eta zibil hilda, arma kimikoen erabilera, bizirik erretako herritarrak, burua moztutakoak, herritarren babesgune bihurtutako sotoak propio suntsituta, etxeak eraitsita, tankeak gizakien gainetik pasatzen... Hiriaren hiru laurdenak suntsituta. Iazko abuztuan deklaratutako udal autonomia ez du Ankarak onartu. Eskualdeko alkate batzuk espetxean dituzte turkiarrek.

Erresistentziak 71 polizia eta soldadu hil ditu Surren, Gobernuak emandako bertsioaren arabera. Kurduek esan ziguten gutxienez 200 hilko zituztela. Baina datu horiek baieztatzerik ez dugu. Bizirik dagoen herri bat baino ez genuen ikusi.