Mikel Zubimendi
analisia

Bost mende betez, «Utopia»!

Errealitatea ez dago soilik izan badenaz egina, oraingoz potentziala den eta egunen batean izan daitekeenaz ere osatuta dago. Ametsak ezin gauzatuzkoak eta helburuak lorrezinak badira... entzun! Hori ez da ametsok ez maitatzeko arrazoi! Ai, ze tristeak liratekeen (askapenaren) bideak izarren presentzia magikorik ez balego!

Tomas Morok (1478-1535) “utopia” neologismoa sortu zueneko bostehungarren urteurrena dugu aurtengoa. Utopia, hots, leku ona, leku perfektua; baina baita aurkitu ezinezko, edo existitzen ez den lekua ere. “Utopia” liburu bat da, 1516an argitaratua, eta, Utopia, uharte imajinatu bat ere bada. Hura deskribatzean, sormenaren eskutik existitzen ez den gizarte ideal bat modu bizi eta zehatzean aurkeztean, zerbait handia, oso handia lortu zuen Morok.

Utopia bost mende zahar da, baina berdintasunean eta jabego pribatuaren abolizioan oinarritutako gizarte baten ideala askoz zaharragoa da, bai. Zentzu batean, Morok bere “Utopia” lanarekin jada existitzen zen alegiazko lurralde baten ingurumariak deskribatu baino ez zituen egin. Platonen Errepublikaren ertzetik hasi eta Erdi Aroan oparotasunaren Jauja (edo frantsesezko Pays de Cocagne edo ingelesezko Land of Cockaigne) lur mitologikoko mendietaraino zihoana.

Zorioneko jendeak populatzen zuen Utopia uharte modernoa. Ez zen, ez da, nabigazio mapetan ageri. Anberesen ezagutu zuen marinel galdu baten ahotik jasotzen du Morok haren berri, eta ipuin batean eman zuen, Rafael Hythloday fikziozko nabigatzaile eta narratzailearen hitzekin hain zuzen.

Marabilla bat da “Utopia”, entretenigarria eta asko irakasten duena. Segur aski Errenazimenduko obrarik aldarrikatuenetarikoa izango da. Polemikoa, anbiguoa eta inspiratzailea da oso, inor indiferente uzten ez duena. Besteak beste, bere ipuinezko eta fantasiazko egituraren atzean modernitatearen eztabaida asko eta asko barnebiltzen dituelako. Hein batean, “liburu-bonba” bat izan zen. Material leherkari askorekin paratutako liburua. Izan ere, bere formulazio kritiko, ironiko eta fantasiazkotik harago, eztabaida sutsuak eta pasio basatienak eragin zituen. Erabateko arrakasta jada 1516an izan zuen, eta orduz geroztik ez dio berriz argitaratu eta irakurria izateari utzi.

“Utopia” lanaren interpretazio asko daude, polemikak eta tentsioak ez dira falta, baina, dudarik gabe, literaturaren historian eta pentsamendu politikoan aparteko lekua merezi du.

Fantasiazko Utopia uhartean, errege eta aristokraziarik gabeko errepublika oparoa da lege. Dibortzioa baimenduta dago, apaizak ezkon daitezke. Emakumeek jainkoen aginduak zuzenean hartzen dituzte, eta erlijio askatasuna (ateismoa barne) baimenduta daude.

Utopian ez dago ez dirurik ezta jabego pribaturik ere. Etxegintza nazionalizatuta eta nekazaritza kolektibizatuta daude. Osasungintza eta botikak, irakaskuntza bera ere, doakoak eta eskuragarriak dira. Apaltasuna bertute da, eta estatus soziala erakusten duten sinboloak barregarri uzten dira. Kasu, baina, Tomas Mororen “Utopian” esklaboak badaude, adulterioa esklabotza forma zorrotzenarekin zigortua baitago.

Itsasoa, limonada?

Mororen “Utopia” ez da aspermenarena, kolore gabeziarena, gizarte utilitaristarena. Aitzitik, berak deskribatu “utopiarrek” egunean bederatzi orduz egiten zuten lan (eta duela bost mende, hori alimaleko aurrerabidea zen). «Lan egiteko, lo egiteko eta jateko» erabiltzen ez zen denbora pertsona guztiek nahi bezala erabil zezaketen. XIX. mendeko erradikalek berea egin zuten leloa, hots, “zortzi ordu lan, zortzi ordu lo, zortzi ordu nahi dugunarentzat”, aspaldi aurreratu zuen Morok.

Utopia uhartean ez dira ezberdintasunak ezabatzen, ez da mundu osoki monokromatiko bat, «ez da musikarik gabe afaltzen». Sentzilloki, “utopiarrak” gabezia ekonomikorik gabe bizi direlako, eta, hala, osoki libreak direlako.

“Utopia” hitza, hiztegiaren arabera, gizarte perfektuaren inguruko uste irrealista da, lortu nahi baina ezin dena, hau da, “errealitaterik gabea”. Irismen luzeko gogomira utopikoa duena, utopia zalea, beraz, idealistegia da, ameslariegia, gauzaezinezko kontuetan temati hutsa. Mundua alda dezakeen ideia legez, sarri egozten zaio hori utopiari, askotan karikatura merkeak medio, utopia deuseztatzea, aldaketa barregarri uztea xede.

“Utopia” liburua zientzia fikzioa da, egia da, bai. Eta literatur genero berri bati bidea eman zion. Egia da, halaber, nolabait, bi motako utopiak daudela. Beti inauterietan den gizarte mota baten utopia dago, non lan egin beharrean bufoiek animatutako banketeetan majo jan eta edaten den, ilunsentitik egunsentiraino larrua jotzen den, itsasoa limonada bilakatzeraino. Badira ere, badirenez, utopia austeroagoak, non dena usainik gabea eta antiseptikoa den. Mororena, baina, utopia burutsuagoa da, landuagoa, puritanoagoa, arrazionalagoa eta libidinalagoa.

Lehen antiutopikoa?

Tomas Moro legelari eta moralaren filosofo izan zen. Baita katoliko askorentzat gizon onaren kintaesentzia ere. Doktrina katolikoaren arabera, egiazko fedearen defendatzaile gorena izan da. Agian, historia sinpleki adieraziz, Ingalaterrako Enrike VIII. erregearen eta Aragoiko Katalina bere emaztearen arteko dibortzioa onartu ez eta Eliza Anglikanoaren sorrera ekarri zuen Eliza Katolikoaren batasunaren zisma arbuiatzeagatik, bere kontzientziaren aginduari uko ez egiteagatik, moztu zioten burua 1532an. Zentzu horretan, kontzientzia eragozle eta intsumisoen aitzindari izan zen.

Morok, baina, disidenteak ere hil zituen. Eta bai, paradoxikoa da oso haren kasua. Bere heriotzarekin, martiri politiko eta erlijioso bilakatu zen, eta, geroago, naziekin eta Mussolinirekin ulerkorra izan zen Pio XI.a aita santuak berak kanonizatu egin zuen. Bere ibilbide politikoan, baina, erreformatzaile protestanteak jazartzen eta haien exekuzioak agintzen ere aritu zen Moro. Normala da, normala denez, berez, erreforma protestantearen jarraitzaileek munstro bat bezala sentitu eta deskribatzea Moro.

Izan ere, Mororentzat, orduko protestanteak egungo “terrorista” hitzarekin deskribatzen den pareko zerbait izan ziren. Espiritualtasuna beren modura sentitzen zuten pertsonak baino, ongizate komunaren desestabilizatzaile biolentoak ziren Mororentzat. Antza, sei exekuzio agindu eta tortura saio beldurgarriak zuzendu zituen ekintzaile protestanteen aurka.

Zentzu horretan, autore askotxok adierazi moduan, lehen utopiko handia lehen antiutopikoa ere izan zela kontsidera daiteke. Hain zen kontraesankorra bere arrazionaltasunaren eta fedearen arteko talka! Bere bizitza sakrifikatzeraino kontzientzia eragozle, baina baita lord-kantziler gisa herejetzat hartzen zituztenak heriotzaraino jazartzeko inolako gupidarik gabe.

Nola da posible bere bizitzan eta ibilbidean hain gordinki egitea realpolitik delakoaren alde eta gero “Utopia” bezalako pieza bat erditzea? Nola hartu behar dugu Moro? Politikarien santu katoliko gisa? Inposatzaile bihozgabe doktrinario gisa? Ala denbora zail eta arriskutsuak bizi izan zituen printzipiodun pertsona bezala? Zaldun komunista gisa? Modernoa ala atzerakoia izan zen?

Bakoitzak bere erara baina zentzu batean edo bestean denek santutu izan dute Moro. Komunistek, liberalek, katolikoek. Denek hartu dute ikono gisa, santutu beharreko ekintzaile erradikal gisa. Familia utopiko patriarkalaz idatzi zuen heinean, matxista setatia ote zen? Zein Moro hobetsi behar dugu? Utopiaren zein zentzurekin geratu behar genuke?

Ezker muturrekoa?

Mororena, argi eta garbi, gizarte ideal baten gaineko ikuspegi ilustratua izan zen. Erdi Arotik Aro Modernorako zubi izandako Errenazimendua eraiki zuten sentsibilitate ezberdinak barnebiltzen zituena. Bere lagun min eta XVI. mendeko humanista ospetsuena izandako Erasmo Rotterdamgoarekin batera ideia komun bat defendatu zuen: pertsona osasuntsu eta buruargi mantendu ahal izateko, bereziki garai nahasietan, ezinbestekoa da eromen eta satira puntu bat izatea. Eta horretan, moderno asko baino modernoago izan zen.

Letren munduko gizon-emakumeentzat, artista eta bufoientzat, garai hartako Europa lotiaren kontzientzia astintzeko bidea zabaldu zuen Tomas Morok, Errenazimenduko beste jenio askok bezala. Ez mailuaren danbatekoekin, baizik eta irribarre eta galdera asko sortzeko gai diren lerro sarkorren bitartez.

Historian zehar gizakien imajinazioa bereganatu duen ideia bati izena eta forma emate aurrenekoa izan zen Moro. Mundu hobe bat imajinatzea posible denez, berau sortzeko tresnak gure esku direla gogorarazi zigun. Eta gisa horretan, aspirazioaren leku imajinatua pintatuz, mundu berri baten alde borrokatzen direnei zinez kontzeptu erradikal eta indartsua eskaini zien.

Moro bizi izan zen garaian Ingalaterrako kantziler eta noble gutxik salatu zuen berak bezain irmoki jabego pribatua, nolabaiteko komunismo bat aldarrikatuz. Orduko ordena soziala “aberatsen konspirazioa” bezala deskribatu zuen. “Utopia” lanean, aberats horiek «diruzale, eskrupulurik gabeko eta ezgai» gisa deskribatu zituen. Harrigarria da “Utopia” liburuak ze puntutaraino dirudien ezker muturreko lana. Gaur egungo ezkertiar askorentzat ere, agian, militanteegia izan daiteke.

Liburu bakoitza mundu bat da, eta liburu denen artean mundu honi forma eman diote. Baina, zentzu argi batean, Karl Marx beraren “Kapitala” liburua kaleratu baino 350 urte lehenago Morok hitz egiten zuenean, Marx beraren hitzekin aritzen zela pentsa daiteke. Historiaren zehar oso liburu gutxik aztoratu dute mundua. “Kapitala” horietako bat da, eta, oraindik agian gehiago, “Utopia”. Azken hori, garai ustel eta arriskutsu baten kontrako erasoa izan zen. Gure burua eta besteak nola ikusten eta pentsatzen ditugun inguruko ikusmoldea aldatu zuen.

Eztabaidak inspiratu ditu, diskordiak, gerrak eta iraultzak piztu. Bidea argitu du, jendea haserretu, probokatu, kontsolatu. Askoren bizitzak aberastu ditu, eta, beste askorenak, suntsitu. Zibilizazioak astindu ditu eta gizakiok egun garena izatera bultzatu gaitu.

Denek maitatua

Munduan izan diren literato eta pentsalari handiekin gertatu bezala, zaila da oso modu sinplean Tomas Moro klasifikatzea. Era berean, baina, paradoxikoa da zenbat jendek, ideologikoki zein ezberdin eta zein puntutaraino goratzen duten Moro. Den-denak maite eta aldarrikatzen dute.

Bizpahiru adibide jarrita, adierazgarria da oso kontrastea. AEBetako Thomas More Society eskuin muturreko erakundea hor dugu, “erlijio askatasuna” aldarria lelo hartuta. Haientzat, Tomas Moro gizarte bat antolatzeko ezinbesteko zutabe izan beharko litzatekeen kontzientzia askatasunaren bultzagile baino, heretikoak jazarri zituen buruzagia da. Nazien eta Mussoliniren aldeko hitzak historiarako utzi zituen Pio XI.a aita santuak kanonizatu zuen Moro, eta Eliza Katolikoak “Politikarien santu patroi” bilakatu zuen. Bestalde, Leninek berak espresuki hala eskatuta, Marx eta Engelsekin batera “Langileriaren Askapen Borrokaren Lider eta Pentsalari Gorenen Memorialean” leku egin zitzaion.

Karl Kautskyk “Thomas Morus und seine Utopie” obran aurreratu bezala, Moro XIX. eta XX. mendeko sozialismoaren zuhaitz genealogikoan kokatu behar da. Nahiz eta, nolabait esatearren, Morok komunismo kristau primitiboa dei genezakeena aldarrikatzen zuen, hau da, Nazareteko Jesus berak praktikatu eta pertsonifikatutakoa hain zuen. Izan ere, Mororentzat, bizitza komunala zeruko jaunak ezarritako lege naturala zen, sinestun ororen horizonte eta bertute gorenaren adierazle.

Literaturan, berriz, Eduardo Galeanotik Alfonso Sastreraino, asko eta asko izan dira utopiaren inguruan jardun direnak. Sozialismoaren ikuspegi utopiko eta anarkista zuen Oscar Wilde irlandarrak adibidez, “Gizonaren arima sozialismoaren pean” liburu ederrean, «aurrerabidea utopiaren gauzapena» baino ez dela dio.

Profeta bat?

Hipotesi bezala, demagun Marx profeta bat izan zela. Profeta izatekotan, baina, ez zen izan giza perfekzioan interesa zuelako, ezta etorkizuna ikusteko ahalmen mirakulutsua zuelako ere. Marxek irudikatutako gizarte postkapitalista ez litzateke psikopatez, harrapariz edo aprobetxategiz salbu. Etorkizunaren barrunbeak ikusi baino, langileei kontzientzia, gosetuei euren jana irabazteko bitartekoak eta immigranteei ongi etorria eman gabe gizarte gisa etorkizunik ez dugula izango zioen. Edo izatekotan, oso desatsegina eta gogorra izango zela.

Izan ere, Leninek beste hitz batzuekin zioen gisa, pentsamendu utopikorik behar ez den leku bakarra Utopia da, edo, Oscar Wildek zioen bezala, munduko mapa orok ezinbestean izan behar duen leku bakarra Utopia da, etorkizunari begiratzeko mira bat izanik orainean amets egiteko prozesuan garrantzi osoa bereganatzen baitu.

Esperantzarik gabeko, edo esperantzarako tarte gutxiko garai ilunotan, zein da utopiaren esanahia? Zer inspiratzen digu utopiak? Gizakion izatearen gainean, gizatasunaren berezko kontraesanen aurrean, hots, desesperantza eta esperantza, muga eta mugagabetasuna, gabezia eta gehiegikeria, oraina eta geroa, justizia eta injustizia... nola mantendu utopia pentsamenduaren eta eztabaidaren abangoardian?

Ez da ez lan erraza. Bizi dugun garai nahasian errealitate distopikoak ageri-agerikoak baitira maila ekonomiko eta sozialean. Ingurumen arazoek, gizarte kohesio ezak, gizateriaren kausa komunek edo instituzio politikoak astintzen dituzten krisi ezberdinek argiro erakusten dute hori. Gainera, tamalez, errealitateari alternatiba bideragarri, sinesgarri eta inspiratzaileak eskaintzerako orduan, imajinario utopiko tradizionalek bere ortopediak eta gabeziak garbi erakutsi dituzte azkenaldian.

Testuinguru ezkor honetan, alternatiba bat eraikitzeko, utopiaren desiraren egituratze arrazional bat posible al da? Zentzu kritikoz eta eraikuntza ikonoklasta batez armaturiko eta utopiaren baieztatze edo gaitzespen kaskarinetik harago, praktika eraldatzaileak markaturiko mugimenduak erditzea posiblea ote? Galderak, baieztapen janzkerak.

Agian, gure sistema euren burua errealistatzat jotzen duten ameslariek gidatzen dute. Edo agian, ez. Baina duela bost mende klaserik eta jabego pribaturik gabeko gizarte bat irudikatzea, non Platonen Errepublikaren ereduari jarraiki haur guztiak Estatuak jarritako bitartekoekin berdintasunean hezten diren, potentzial iraultzaile itzeleko ideia dela ezin daiteke ukatu. Izan ere, Utopiako gizarte idealean, Estatua eta zuzenbidea ez dira albora uzten. Aitzitik, eraikuntza sozialerako tresna iritzita, oinarri filosofiko guztiz ezberdinetatik abiatuz, boterearen bidegabekeriekin eta ezberdintasun sozialekin amaitu nahi da. Eta hori oso ideal indartsua da benetan.

Gatz eskukadak

Bestalde, utopia genero literario bat ere bada. Baudelairek konposatu paradisu artifizial haiek bezala, fikzioaren eskutik autore konprometitu eta kontengaitz askok eta askok landutakoa. Literaturaz gain, utopia ere ideia politiko, zientifiko, ekonomiko eta kultural zinez indartsua da. Eta hain zuzen horregatik, izan sozialista ala liberal, izan utopiko ala errealista, mendeetan zehar, zorte ezberdinarekin, saio utopiko franko izan dira.

Morok duela bost mende gai sozialak, filosofikoak eta fantasia nahastu zituen legez, arestian aipatu bezala zaila da lehen utopia historian kokatzea. Gizakia gizaki denetik, mendeak eta mendeak baitaramatza gizarte idealak irudikatzen.

“Distopia” hitza, nolabaiteko antiutopia dena, 1868an John Stuart Mill parlamentari ingelesak erabili zuen aurrenekoz. Utopiaren eztizko eta limonadazko irakurketen gainean botatako gatz eskukada da. Desira utopikoari kontrajartzen zaion antsietate distopikoa.

Orduz geroztik, bere baitan zitala den gizarte fiktizioa izendatzeko erabili izan da. Ugari-ugariak dira literaturan, zineman edo komikietan distopiaren erreferentziak. Oro har, mundu imajinatu zitala dakarkigute, jendearen eskubideen sakrifizio kolektiboaren eskutik helburu maltzurrak lortzeko. Joera pesimista eta eszeptikoa da, errotik, aurrerabide sozial baten eskutik sekula etorriko ez den etorkizunaren ideia.

Agian, denetan autore distopikoena Friedrich Nietzsche dugu, bere ukitu ilun eta estilo sakon paregabearekin. Edo Thomas Hobbes, gizakia gizakiarentzat otso dela esatean, etorkizunaren gaineko begirada ezkor bat planteatzeaz gain, ikuspegi distopiko bat argiki landu zuena.

Literaturan kontaezinak dira obra distopikoak, literatura apokaliptiko izenpean ere ezagunak direnak. Besteak beste aipatzekoak dira Jonathan Swiften “Gulliverren bidaiak”, George Orwellen “1984” edo Aldoux Huxleyren “Bai mundu berria” eleberriak, edota zinemara eraman den Alan Mooreren “V for Vendetta” komikia.

Ez gaude galdurik

“Utopia” liburuaren handitasuna ez datza hainbeste Utopia uhartean, bertako gizartearen alderdi berritzaileetan baizik. Jabegoa komunala da, etxebizitza eskubide unibertsala eta betebehar publikoa, osasungintza doakoa, biztanle guztien artean berdintasuna da lege, eutanasia edo dibortzioa baimenduta daude, erlijio eta kontzientzia askatasuna onartuta daude eta agintariak jendeak hautatzen ditu. Dudarik gabe, Morok aurkeztutako ideiak garai hartako pentsamenduarekiko apurtzaileak izan ziren oso. Platonen “Errepublika” obraren baimenarekin, liburu hau izan zen gizarte komunista batez modu irekian hitz egin zuen lehena.

Politika mundu berri bat eraikitzea edo posible denaren artea ote den hemen eztabaidatzeke, gauza bat argi dago: utopiarik gabe galdurik gaude. Oraina beti izango baita tristea hobea den zerbaiten esperantzarik ez badugu. Horregatik ez dugu utopia borobil eta amaiturik desiratzen, irudimena eta esperantza bizi-bizirik izanik guztiz aktibo mantenduko den mundu hobe bat baizik.