Jan Marchal (AFP)
TXEKIAR ERREPUBLIKA

Herrialdearen izena laburtzeko proposamenak eztabaida eragin du

«Txekiar Errepublika» da herrialdearen izen ofiziala, baina arazo ugari eragiten ditu eta deitura laburrago baten inguruko proposamenak azaldu dira, eztabaida eraginez. Irakurleak askotan ikusiko zuen «Txekia» hitza izan daiteke konponbidea, baina bestelako ideiak defenditzen dituztenak ere badira Erdialdeko Europako herrialdean.

Txekiar Errepublika” ala “Txekia”, besterik gabe? Herrialdea era adiskidetsuan Eslovakiatik banatu zenetik, bertako herritarrek jakin nahi dute zein den herrialdearen izenaren laburpen egokia.

“Txekiar Errepublika” izenaren bertsio motz ezberdinak ikusteaz nazka-nazka eginda, agintari batzuek, Milos Zeman presidenteak besteak beste, apirilaren erdialdean jarri zuten abian NBE Nazio Batuen Erakundeak izenaren bertsio sinplifikatuak hizkuntza ezberdinetan erregistra ditzan helburu duen prozesua.

Mahaiaren gainean den proposamenaren arabera, herrialdearen izena modu formalean erabili behar denerako gomendatzen da Czechia erabiltzea ingelesez, Chequia espainolez, Tchéquie frantsesez eta Tschechien alemanez, txekierazko Cesko itzultzeko. Euskaraz “Txekia” izango litzateke. Proposamena aurrera aterako da Gobernuak oniritzia ematen badu eta hori maiatzean bertan gerta daiteke, hedabideen arabera.

«‘Txekiak’ ez du ‘Txekiar Errepublika’ ordezkatzen», irakur daiteke Atzerri Ministerioaren webgunean (www.mzv.cz). “Frantzia” eta “Frantziako Errepublika” izenen arteko loturaren tankerakoa izango litzateke, iturri horren arabera. Edonola ere, gaia ez dago oraindik batere argi eta Gobernuko kideen artean ere eztabaida bizi-bizirik dago. «Ez nago ados ‘Txekia’ izenarekin», adierazi zuen Karla Sleshtova Eskualdeen Garapenerako ministroak. Bere ustez, hitz hori erabilita herrialdea Txetxeniarekin nahas daiteke, izan ere, Chechnya esaten zaio ingelesez Kaukasoko herrialdeari.

Georgia eta Georgia

«Erdipurdiko geografia-ezagutzak ezin dezake saihestu herrialde baten izenaren erabilera egokia», erantzun diote argudioari Atzerri Ministeriotik.

Tankerako adibide batzuk ekartzen dituzte gogora: Irak eta Iran, Niger eta Nigeria, Eslovakia eta Eslovenia... Hitz bera bi leku ezberdin adierazteko ere erabiltzen da, esaterako, Georgia, Kaukasoko herrialde bat izateaz gain, Ameriketako Estatu Batuetako estatu bat ere bada.

Txekiarrak atzerrira joaten direnean hizkuntz arazo ugari izaten dituzte. Ivana Schachnerova Italian bizi da 1989az geroztik. Berak nahiago izaten du «Pragakoa» dela esatea. «Txekiarra naizela esatean (ceca italieraz), guztiek laguntza eskaintzen didate kalea zeharkatzeko». Izan ere, italieraz cieca hitzak “itsu” esan nahi du.

Txekiar Errepublikan bertan (izen hori erabiltzen da 1993az geroztik), ez dago izen ofizialaren laburpen bat lurraldeari deitzeko. XI. mendean, 1061etik 1092ra bitarteko Vratislav II.aren agintaldian, Bohemiako dukerria erresuma bihurtu zen; hala, Bohemiako Erresuma (Regnum Bohemiae) izena hedatu zen; XVI. mendean, berriz, habsburgotarrek Bohemiako koroa eskuratu zuten eta 1918tik aurrera Txekoslovakiaren zati bihurtu zen. 1993az geroztik deitu zaio Txekiar Errepublika.

Gaiari buruzko ikerketak buruhauste bihurtzen dira Erdialdeko Europako leku horretan. Elezaharrak dio herrialdea Cech izeneko arbaso mitiko batek sortu zuela, Bohemia (Cechy txekieraz, 6,5 milioi biztanlerekin), Moravia (Morava, hiru milioi) eta Silesiaren (Slezsko, milioi bat) zati bat elkartuta.

Makina bat proposamen egin ziren herrialdearen independentziaren garaian. Horietako batek zioen herrialdeari Morce deitu behar zitzaiola, hau da, Morava-Cechy izenaren akronimoa, baina hitz horrek txekieraz “akuri” ere esan nahi du. Ideia baztertu egin behar, beraz.

Azkenean Cesko hitza aukeratu zuten. Gramatikari dagokionez egokia da, baina batzuek diote hitz hori artifizial samarra dela. Vaclav Havel Txekiar Errepublikako lehen presidente zenak berak ere arazoak ikusten zizkion hitzari, “barea” ekartzen ziolako gogora.

«Czechomoravia»

Ez ziren hor amaitu arazoak. Esaterako, herrialdeak dituen eskualdeei autonomia gehiago eman nahi dietenek esaten dute hitz horrek –Cesko– Moravia eta Silesia ahaztu egiten dituela. Ondrej Hysek Moraviarrak alderdi politiko txikiko burua da. Berak proposatzen du herrialdeari ingelesez Czechlands edo Czechomoravia deitzea.

Parlamentuan ordezkaririk ez duen indar politikoaren iritziz, “Txekia” hitza eta tankerakoak «moraviarron nortasunaren eta Txekiar Errepublikako Konstituzioaren aurkako erasoa dira».

Michaela Lagronova Atzerri Ministerioko eledunak gogorarazi du herrialdeko agintari batzuek egindako proposamenak Gobernuaren argi berdea lortu behar duela, eta hori maiatzean gertatzea espero dela. Ondoren bidaliko litzaieke proposamena Nazio Batuei.

Kristina Larischova gai honetaz arduratzen den diplomazialariak nabarmendu du Txekiar Errepublika salbuespen bat dela Europan, «garatutako estatu demokratikoen arteko anomalia bat», herritarren arteko elkarrizketetan izenaren laburpenik ez duelako.

«Zaila da gaiari buruz erabaki bat hartzea geure hizkuntzan, eta zailagoa oraindik atzerriko hizkuntzatan», adierazi du Karel Oliva Zientzia Akademiako Txekiar Hizkuntzaren Institutuko zuzendariak. «Azken finean, herritarren erabilerak hartuko du azken erabakia, Ministerioak edo beste erakunderen batek esaten dutenari zain egon gabe», erantsi du adituak.