Izaga, Xabier
IKUSMIRA

DENA ALDATZEKO ZERBAIT ALDATU BEHARRA DAGO

PuntuEUS, Topagunea eta Euskalerria Irratiko zenbait ordezkari ageri dira lehen planoan. Ez da harritzekoa, eurek antolatutako ekitaldia baita, Internet Eguna dela eta. Aurten, lehen aldiz, euskarak ere bat egin du ospakizun horrekin Iruñean. Horman “hau dena” irakurgai dago, eta irudian ikusten ez diren hitzok osatzen dute esaldia: “aldatu nahi genuke”, agidanez Hertzainak taldearen abesti baten eta disko baten izenburuak iradokita. Abesti hark, talde hark, musika mugimendu hark ez zuten dena aldatu, baina zerbait aldatu zuten, euskal musikan eta euskal gizartean. PuntuEUS fundazioak, Topagunea euskara elkarteen federazioak eta Euskalerria Irratiak, euskaltzaleek oro har, horiek ere dena aldatu nahi lukete, eta badakite horretarako zerbait aldatu beharra dagoela. Ez dute dena aldatu, baina bultzada ederra eman diote Bernat Etxepare lehen euskal idazleak idatzi eta zenbait kantarik abesti bihurtu zuten asmoari: «Euskara, jalgi hadi mundura!». Xabier Izaga Gonzalez