Ander Izagirre - @anderiza
Kazetaria

Elgetako zaurien bidea

Antxoni isilik egon zen 66 urtez. Ez zituen sekula kontatu 1937ko apirilaren 24an bere baserrian ikusi eta jasan zituen krimenak, harik eta 2003an Intxorta 1937 elkarteko kideen bisita izan zuen arte. Elgetako bataila eta hilketen testigantzak jasotzen ari ziren haiei azaldu zizkien bizitza osoa urratu zizkioten gertakariak:

«Goizeko hiruretan ezezagun batzuk baserrira etorri ziren; beltz-beltzak ez ziren, gure aldean pixka bat tostatuak, erdaraz ondo moldatzen ziren. Nire iritzia da kanpotar haiek horrelako orduetan bakarrik ezin zutela baserria aurkitu, herrikoek lagunduta etorri zirela. Eztabaida sortu zen ia bortxatu edo ez bortxatu; gero bultzaka hasi ziren eta azkenean aitari buruan tiro egin zioten, odolustu egingo zen; orduan, nik eskua buruan jarri nion, bigarren tiroa egin zioten eta niri eskuko atzamarrak birrindu. Amari, berriz, kulatazoka burua apurtu zioten; konortea galdu eta ez zuen berreskuratu; hamar egunera hil zen. Bortxatzaileek ikusi zuten onean ezin zutela ezer egin, txarrean dena, hilketak, bortxatu eta dena».

Gerraren hasieran, Gipuzkoa ia osorik irentsi ondoren, 1936ko urrian Bizkaia hartzera abiatu ziren Mola jeneralaren tropak. Elgeta inguruko muinoetan, Intxortetan, ordea, batailoi errepublikar eta abertzaleek erresistentzia antolatu eta erasoa gelditu zuten. Baina 1937ko apirilean Mola indarberriturik itzuli zen, italiar eta alemaniarren laguntzaz, eta artilleriarekin, aireko bonbardaketekin eta infanteriarekin etengabeko erasoa jo zuen bost egunez.

Intxorta 1937 elkarteak lan itzela egin du sarraskiaren memoria osatzeko. Besteak beste, lubakiz lubaki batailaren agertoki nagusiak bisitatzen dituen ibilbidea. Elgetako Espaloia kafe antzokian hasten da, erakusketa erakargarri batekin. Panel eta maketa bidez ezagutu ditzakegu batailaren gorabeherak; argazki, kartel eta gerrako objektuek, aldiz, tragedia bizi izan zutenen oihartzun hunkigarria ekarriko digute.

Mendizaleen plazatik abiatuta, Salbador kaleak Arrasateko errepideraino garamatza. Pintura marka zuri eta berdeak jarraituko ditugu beti (hasieran gorriak eta horiak ere batera doaz). Pinudi batean sartu eta berehala aurkituko dugu ibilbideko lehenengo panela, Elgetako ikuspegi zabalean frontea nola kokatu zen erakusten diguna.

Aurrerago, Miraballes eta Uraixa baserriak pasata, Asentzioko ermita eta urmaelera helduko gara. Hementxe daude faxisten lubakiak, honaino heldu ziren lehen erasoaldian. Bidean aurrera Intxortako Atea topatuko dugu, altzairuzko eskultura. Eta errepidearen beste aldean, oroitarri xumeago bat: «Euzkadik hemen gelditu zituen etsaiaren erasoaldiak».

Nola gelditu zituzten oso argi dago: berreraikitako lubaki bat eta parapeto bat daude ikusgai, bakoitza bere panelarekin.

Aldapa gora, bigarren lubaki lerroraino eta Belgikarren Kokapeneraino iritsiko gara. Antifaxista belgikar ezezagun batzuek ekarri zuten metrailadore astunaren habian gaude, eta erraza da irudikatzea hemen goitik nola tirokatzen zituzten Asentzioko lubaki frankistak, nola gelditu zuten oldarraldia 1936ko urrian.

Beste babes bat ikusi ondoren, bideak pinudian behera eramango gaitu Xalbador ermitaraino eta eraildako zibilen omenezko monolitoraino. Ordu eta erdiko ibilbidearen azken zatian honezkero, monolitoaren ondoko panelean topatuko dugu Antxoni Telleriaren testigantza lazgarria, ibilbide honen zentzua, oroimenaren behar gordina, berretsiko diguna. •

www.anderiza.com