Ramon Sola

50 borrokalari aske eta askoz arrazoi gehiago

Eztabaida antzu ugarik trabatu du ezkertiar abertzaleen aurrerako bidea azkenaldi honetan, baina guztien artean bitxienetarikoa auzitegietan lortzen hasi diren konponbide akordioen ingurukoari deritzot. Agian ez dago oso zabalduta eta hurrengo lerroak soberan dira; hala bedi. Azken finean, argudio bakar batek aski izan beharko luke artikuluari bukaerako puntua jartzeko. Hauxe: Haizpea Abrisketa, Jesus Agirre, Egoitz Apaolaza, Alazne Arozena, Karmele Berasategi, Nekane Erauskin, Antxon Gomez, Iñaki Olalde, Juan Carlos Ramos, Nuria Alzugarai, Aitor Aranzabal, Karmele Aierbe, Iñigo Balda, Pernando Barrena, Gorka Diaz, Mikel Etxaburu, Maite Fernandez de la Bastida, Ino Galparsoro, Mikel Garaiondo, Asier Imaz, Eusebio Lasa, Aurore Martin, Patxi Urrutia, Joseba Zinkunegi, Marisa Alejandro, Angel Mari Elkano, Marije Fullaondo, Jon Garai, Gorka Murillo, Aner Petralanda, Juan Joxe Petrikorena, Peio Galvez, Joana Regueiro, Arantza Santesteban, Mikel Zubimendi, Hasier Arraiz, Jon Patxi Arratibel, Iñigo Gonzalez, Gorka Mayo, Iker Moreno, Gorka Zabala, Eneko Compains, Joxe Aldasoro, Aniaiz Ariznabarreta, Rosa Iriarte, Egoitz Garmendia, Sandra Barrenetxea, Urko Aierbe, Ugaitz Elizaran eta Erika Bilbao.

Beste ezer baino lehenago, pertsonak daude 50 izen-abizenon atzean. Eta 50 familia, kuadrilla, lankide talde, auzokide multzo... Horien guztien espetxeratzeak maila humanoan izango zukeen eraginaz ez da gehiago esan beharrik. Bakea eta independentziaren alde ari diren guztion aurkako kolpe psikologikoaz ere ez; aski da aipatzea egunkari honen azaleko mantxetan beherantz hain poliki doan kontagailuak 385 markatu beharrean 437 adieraziko lukeela, iazko udaberriko datuetara itzuliz. Urtebeteko atzerapausoa, beraz, preso guztiak etxera ekartzeko borrokan. Baina dimentsio politikoa erantsi behar zaio horri, 50 pertsonok –zerrenda berrikus daiteke– herritar arruntak izateaz gain, militante politiko trebatu, gogotsu eta garrantzitsuak ere badirelako, bakoitza berean eta bere eskarmentuarekin. Errepresio politikoa ezkertiar abertzaleen eguneroko ogia izan delako-edo, kartzelak mugimenduan duen eragina gutxietsi egiten dela ez dago ukatzerik. Baina ariketa sinplea da; nolako kolpea hartuko zuen EAJk aste gutxi batzuetan aipatutakoen pareko 50 eledun, ordezkari, hautetsi, tokiko arduradun, aditu, militante arrunt... lanetik atera eta giltzapera pasatuko balira? Eta Ahal Duguk? Eta PSOEk? Eta UPNk?

Imajinatzen hasita, irudika genezake ere Estatuaren partetik akordiorako eskaintza hori jaso, eta, gaizki ulertutako koherentziaren izenean-edo, ezetza ematen diotela militante horiek –edo horietako batzuek–. Irekitako atea ostikada batez ixtea izango zatekeen, atzean konponbide bera jorra dezaketen dozenaka lagunak biderik gabe utziz eta mugimendu osoaren kalterako. Aldiz, zirrikitu horretan oina jarri eta atea gehiago irekitzeko bultza eginez, hainbeste aipatu dugun justizia trantsizionalaren abiapuntua izan liteke oraingoa. Ez litzateke oharkabean pasa beharko lege aldaketa baten ondorio direla akordiook («larritasun gutxiko delituei» dagokiena, alegia). Nahi den muga eta errezelo guztiekin, baina Madrilen Estatuko aparatuek hartutako hautua, eta Madrilen oraingoan batere eskandalurik eragin ez duena. Horri izkin eginez gero, badakigu zer zetorkien hurrengoei ere: Auzitegi Nazionalaren loteria-bonbotik zein bolatxo (absoluzioa ala kartzela) aterako zen zain segitzea.

«Eta duintasuna zer?», esango du honezkero batek baino gehiagok, aspaldi kontzeptu sanoa baino egun barruko liskarrerako gerra-tresna bilakatu den hitza ahoan. Karga moral erabatekoa duenez, norberak bakarrik jar diezaioke marra gorria bere duintasunari. Baina argi dago mugimendu bezala, independentzia eta sozialismoa helburu dituen giza multzo gisa, duintasun osoz eta gainera indartsuago jarrai dezakeela borrokan ezker abertzaleak akordioon ostean. Eta ez dakit zehazki zergatik litzatekeen duinagoa inork zigor politiko bidegabe bat bere borrokaren kaltetan irentsi beharra... •