Musikaren eta legatuaren zubi lana
Orain dela aurki urtebete kontzertu errepikaezina antolatu genuen hainbat eta hainbat lagunek Arrasaten, Monterron parkean, JULHNE27 (Jul Harro Nago Ekainak 27) izenpean, gure lagun Jul Bolinagaren omenez. Asmoaren berri eman ahala, Euskal Herriko zein kanpoko musikari eta lagun ugari batu ziren egitasmora laguntzeko gogoz. Musikariei dagokionez, Julengandik eta berak izandako ibilbidearengandik hurbilen sentitzen genituenak aukeratu genituen. Eta behin zerrenda mardula osatuta ez genuen partaideen izenik zabaldu nahi izan, protagonista Jul zelako. Baina harrotasunez eta hunkituta esan dezakegu belaunaldi oso desberdinetako pertsonen testigantza eta ekarpen oso esanguratsuak, egiazkoak, lortu genituela, beste ezeren trukean Julen eta haren lagunen ondoan egon eta parte hartu nahi zutenak. Osagarri horiek guztiak mahai gainean jarrita, ezin bestela izan, kontzertua itzela izan zen, bai antolatzaileontzat, bai laguntzaileentzat bai Monterron bete zuen publikoarentzat. Lorpen ezinezkorik ez badago ere, oso-oso zaila izango da halakorik errepikatzea. Horra erronka...
Kontziente ginen gau errepikaezina izango zela –Julek hori baino gehiago merezi du– eta erabaki genuen emanaldia irudietan jasotzea, erretinan paratutakoa eta gau magiko hartan disfrutatutakoa ahanzturak ezabatu ez zezan. Gerora, batek baino gehiagok eskatu dizkigu irudiok partekatzea, eta azkenean emanaldiaren lagin handi bat kaleratzea erabaki dugu.
Kontzertu horrek garai baten bukaera islatzen du eta lekuko baten entrega, bere kabuz birmoldatuta baina izan garena ahaztu gabe aurrera egingo duena. Berorrek adierazten du Euskal Herriko muturreko rockaren aitzindarietakoak izan direnek orain arte egin duten zubi lana. Eta horra hor, esaterako, Jul eta Txerra Bolinaga anaiak horren adierazle argi. Euren oinarrizko taldea izan den RIPen kantuen gaurkotasun eta indarra alde batetik, belaunaldiz belaunaldi transmititzen joan dena eta erreferentziazkoa izaten jarraitzen duena. Eta, bestetik, bi anaiek etenik gabe jende gazteagoarekin ilusioz musika egiten jarraitzeko une oro egin izan duten hautua. Julen kasuan azken egunera arte; eta Txerrak hala jarraitzen du, geldiezin. Beste pasta batekoak, alajaina. Zubi lan horren zentzuarekin geldituko nintzateke, hori baita denetatik aberasgarriena.
Askotan hizpide izan da zergatik 80ko hamarkadan sortutako talde horietako batzuen itzala ez den inoiz itzali; alderantziz, gerora etorri diren belaunaldien bizitzako soinu bandak argiztatu dituzte; eta, jakina, musikari gazteago andana inspiratu dituzte musika norabidea erabakitzeko nora ez horretan. Itzal edo argi horrekin lotuta, ezin albo batera utzi horien atzean pertsonak daudela edo izan direla, eta gutxi horiek dutela halako jende batuketa –ezohikoa erabat– batzeko gaitasuna. Karisma, sinesgarritasuna, erreferentzialtasuna...? Horiek guztiak eta seguru beste batzuk gehiago ere.
Iaz Arrasaten egindako kontzertu bereziak bietatik dauka. Eta katebegi berean lotu ziren emanaldi horretan, iraganean izoztutako proiektu batzuen esentzia agertokira itzuliz, horien atzetik musika patroi berberarekin jarraitu dutenak biziberrituz zein aurreko horietan oinarrituta eraldatu direnak ere aurrera eginez. Eta beste ikuspuntu batetik, publikoari erreparatzen badiogu, 80ko hamarkada hasiera bete-betean bizi izan zuten nagusiak eta eszena hura bere horretan ezagutu ez zuten gazteak ikusi ahal izan genituen. Horiek guztiak batu zituen omenaldi-jaiak, gaur egun oso gutxitan gertatu ohi den bezala.
Han bizi izandakoaren laburpena bi DVDtan batu dugu: batean, RIPen kantutegian oinarritutako emanaldia; eta bestean, gainontzeko taldeen –Magnificent 7, Karrocerias Betoño, Piztu Punk eta The Potes– hiruzpalau kantu. Emaitza eskuragarri izango da laster, baina, horren aurretik, ekainaren 21ean, 19:30ean, Arrasateko Amaia Udal Antzokian proiektatuko dugu. •

