Garikoitz Mujika Zubiarrain

SAN JUAN BALEONTZIAREN KOPIA NOLA, HALA HAZITAKO LAPURTAR NERABEAK

Begiak dir-dir eta barrenak bero utzi dizkie Ziburuko Piarres Larzabal kolegioko ikasleei «Baleontziaren bidea» proiektuak. Horri esker itsasoaren inguruko euskal ondarea ezagutu dute eta zurtuta geratu dira topatu dutenarekin. Igo gaitezen geu haien «ontzira». Erria txikota!

Ziburu, pareko Donibane Lohizune bezala, itsasoari begira handi egindako herria da. Hantxe dago, kresal zaporea hartzeko metro bakan batzuk besterik geratzen ez zaion Untxin ibaiaren ondoan, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Seaskaren ikastola, Piarres Larzabal. Hego Lapurdiko 11-15 urte bitarteko gaztetxoek ikasten dute bertan. Iñaki Lekuona irakaslea damu da «aspalditxoan bizi garelako itsasoari bizkar emanik». Pare bat mende, jarri du mugarria.

Bizkar emanagatik handia da alabaina, zinez handia, itsasoaren inguruko euskal ondarea. Handia bezain estua, ordea, frantses hezkuntza programek geure historia jorratzeko uzten duten zirrikitua. Kezka hori pizgarri, gure historiaren altxor handi bat belaunaldi berrientzat galduta egotearen ezinegona akuilu, duela lau urte Pasaian eraikitzen hasi ziren XVI. mendeko San Juan baleontziaren erreplika aukera, gaiari helduko ziotela ebatzi zuten kolegioko irakasleek. Baleontziaren berreraikuntzaz arduratzen den Albaola museoaren eskaintza zuten batetik; bi sorgin –Maritxu Larzabal animatzailea eta Ttoni Basurko hezkuntza aholkularia– hauspo bestetik; eta Jon Maia bertsolariarengana jo zuten.

Izan ere, Labradorko ur hotzetan aurkitutako munduko balea ehizarako txaluparik zaharrenaren, San Juan baleontziarekin batera urperatu zenaren, kopia eraiki ondotik, 41 egunez 2.000 kilometro egin zituen zumaiarrak 2006an beste bost lagunekin batera Kanadako kostaldean XVI. mendeko euskal historia lau haizetara zabaltzen. “Apaizak obeto” jarri zioten izena espedizio hari; abentura hartan girotuta idatzi zuen “Beothuk” komiki-liburua euskaraz eta ingelesez. Xehetasun horiek guztiak bertatik bertara kontatzera etorri zitzaien Maia ikastetxera eta liluratu egin zituen.

Liluratik grina loratu zen, grinatik asmoa: goazen baleontzi zaharraren kopiaren eraikuntza segituz, askorentzat ezezaguna den XVI. mendeko euskal historia lantzera. Hala ekin zioten abenturari marinel prestuenen pare irakasle nahiz ikasleek, 2012an. Lau urteko bidaiaren ostean, maiatzaren 21ean “lehorreratu” ziren, Lohizuneko Jai Alain eskainitako ikuskizunarekin.

Lehen etapetako bat Donostiako Itsas Museoan jazo zen. Orduan 11-12 urte zituzten Hendaiako Aimar, Asier eta Anddek, Azkaineko Joanes eta Xanek ere bai. Senpereko Enekak, Sarako Julenek eta Biarritzeko Mirenek berdin. Gaur 14-15 dituzte. Bale ehizaren iraganaz eta orainaz Euskal Herrian lehen aldikoz antolatu zen behin behineko erakusketa monografikoa –“Baleazaleak”– ikusten izan ziren Gipuzkoako hiriburuan. Erdi Aroko arrantza motak ezagutu zituzten horri eskerrak eta bale nahiz bakailao harrapaketan Atlantikoa zeharkatuz Kanadako lur urrunetara, Labradorrera eta San Lorentzo golkora, joaten ziren XVI. mendeko euskaldun aitzindari haien larruazalean jartzeak zirrara eragin zien.

Arrantzari jarraika, Amerikaraino

Zirrarak jakin-mina piztu. Hari horretatik tiraka, Biologian animalien migrazioa landu zuten eta, ikasleek eurek kutun zutelako hautatutako gune bat egoitza, urtaroen arabera hegazti, ugaztun eta anfibioen artean, lurrean bezala itsasoan, populazio aldaketa nabarmenak izaten direla konturatu ziren. Itsasoari bizkar emanda lehorrean koskortutako belaunaldia euren arbasoen arrantza balentria ulertzen hasia zen jada: bale ala bakailao, haiei jarraika Amerikaraino iritsi!

Baleontziarekin aurrera eginez, Pasaia-Lezo lizeoko haurrekin harremana hasi zuten orduan 11 bat urte zituzten ikasleek, lapurtar eta gipuzkoarrek elkar hobeto ezagutzea xede. Gutun eta posta elektroniko bidez ireki zuten bidea eta ikasleen bizkar geratu zen beren adinkideekin komunikazio-sua ilauntzen ez uztea. Joan ziren Lezora bisitan, elkar aurrez aurre ezagutzera. Gero, ordea, izotzak hartu zituen itsaso horretako urak. Bi ikastetxeetan lehentasun berak ez eta lezoarrek beste bide bati heldu zioten, gauza jakina baita batzuetan asmoak, ederrak izanagatik, astaputzak bezalakoak izaten direla: itxuraz balekoak, barrenean hutsak.

Itsas balentrien giroan erabat murgildurik, literaturaren sail oso bat, bidaia liburuena, agertu zitzaien 12 urteko ikasleei aurrez aurre eta protagonista bat, Koldo Izagirrek euskara ekarria duena: Victor Hugo. XIX. mendeko idazle ezaguna 1843an iritsi zen Pasaiara. Bertako portuak liluraturik, bolada batez bertan geratzea erabaki zuen eta hantxe bizitakotik idatzi zuen “En voyage, Alpes et Pyrénées” eleberria. Idazlearen pausuei jarraiki, liburuaren pasarteak klaseetan landu ondotik, Pasai Donibaneko Victor Hugoren etxera joan ziren. Hala, garaiko arrantza portu baten funtzionamendua ezagutu zuten gure neska-mutikoek.

Giro epikoa gori-gori, ezin bada Homeroren “Odisea” aipatu gabe utzi. Frantses klaseak baliatuz, Troiako gerlaren ostean Ulises heroi greziarraren etxerako itzulera gorabeheratsua bizi izan zuten poeta greziarrarekin. Ikusi, entzun eta ikasitakotik euren Ulises propioaren abentura sortu beharra izan zuten gero. Bidaiarien eta esploratzaileen frantses elkarteko kide baten, Jacques Santouren, zinema-konferentzia izan zuten horretan lagungarri, hark ekoitzitako “Ulisesen bidaia” dokumentala aurrez aurre aurkeztera etorri baitzitzaien kolegiora.

Iparrizarra

12-13 urte zituztela, animalien arnas sistema ezberdinak eta horien sailkapena ikasteko garaia iritsi zitzaien Biologian, baina “maisu” berezi baten laguntza izan zuten horretarako: Pasai San Pedroko Mater itsasontziarena. Donibane Lohizunera egindako bisita baliatuta, 1990ean eraikitako atunontzi horrek, hamahiru urtez antxoa, sardina, berdel eta hegaluze arrantzan ibili ostean museo bihurtua denak, itsasoko bizia nolakoa den eta arrantza teknikak zein diren “irakatsi” zien. Labradorreko kostaldeko animaliak eta euskal kostaldekoak ezagutu zituzten bide batez horrela.

Itsasontzitik liburuen mundu miresgarrira jauzi egiteko unea etorri zen berriro. Oihane Fernandezen “Labarreko itsasargia” lanarekin, itsas hiztegia ikasteaz bat, etxeko kalapitetatik ihesi osaba farozainarenera doan Ania gaztea ezagutu zuten gure neska-mutilek, eta bere kontu eta komeriekin marinel zaharrak, abenturaz, maitasunez eta tristuraz betetako kontakizunak ezpainetaratzen zituztenak, topatu.

13-14 urterekin, Matematikako orduetan, berriz, nabigazioaren oinarri teorikoak eskuratu zituzten eta horri eskerrak izar konstelazioak ezagutu, lurraren biraketa aztertu eta biraketa horrek izarren behaketan duen eragina ulertu. Garaiko marinelen izar bereziena ere, Iparrizarra, aurkitu zuten, astrolabioa erabiltzen trebatzearekin batera. Tresna horrekin lokalizatzen zituzten marinelek izarrak eta haien mugimendua behatzen, itsas zabalean ez galtzeko.

Itsasontzien eraikuntzan ezinbesteko osagaia zuten, gaur bezala XVI. mendean, burdina eta haren lanketa bertatik bertara ikusteko, Aiako (Gipuzkoa) burdinola zaharrera egin zuten joan-etorria. Agorregiko ola bezalakoak XVI. mendean, Gipuzkoa-Bizkaia aldean, 300 bat zirela ohartu ziren eta teknologiaren handitasunaz jabetu: hiru elementu besterik ez zituzten behar horren lehengai garrantzizkoa lortzeko; burdin mea, egur-ikatza eta ibaietako ura besterik ez. Mailuaren tiriki-traukiak txunditu zituen hala ere gehien gure nerabeak.

Baionako Euskal Museora sartu-irtena ere egin zuten, bertako bildumako altxor handi bat ezagutzera: “Partida tristea Ternuara” bertso izkribua, 1798an idatzia, nork ez dakigula. Beharrezko segurtasun arauak harturik, jatorrizko dokumentua ukitzeko aukera ere izan zuten. Horrek piztutako zirrara ageri da oraindik haien begietan. Asierrek jarri du guztien partez ahotsa: «Erakusten du idaztea ez zela garai hartan elitearen kontu huts bat, herri xehearena ere bai».

Maiatzaren 21eko ikuskizuna, proiektuak iraun duen urte horietan guztietan bizitakotik XVI. mendeko giro hura taulara eramatea xede izan duena –batzuek dantza, besteek kanta, hurrenek konta–, prestatzeko inspirazio iturri izan dute bertso hori, Guillermo Zubiagak idatzitako “Joanes or The Basque Whaler” marrazki-komikia bezala. Idazle bizkaitarra New Yorketik Larzabalera etorri zitzaien bere lanaz solas egitera.

Kantari ere aritu dira. Proiektuaren barruan, itsasoari edo marinelen biziari lotutako abestiak ikasi dituzte gazteek eta CD batean grabatu, tartean Benito Lertxundiren “Balearen bertsoak” edota “Boga-boga” ezaguna. Ez dute ahanzteko San Juan baleontziari gila jarri zitzaion eguna. Haien hitzekin sortutako kantua abestu zen zeremonia ofizialean; abeslari ere Larzabaleko ikasle koroa.

Atzera kortsarioak Ziburun

Joanes Zuhigaraitxipi kortsario hendaiar ezaguna, burua jasoko balu, harro egongo litzateke belaunaldi berriokin. Ikus-entzunezko bat tarteko, geure historian horrenbesteko itzala izan duten kortsario eta piraten bizipenetan murgildu ziren ikasleak. Euskal Herrikoak soilik ez, mundu zabaleko kortsarioen gorabeherak ere ezagutu ondotik, gaiaz erakusketa bat antolatu zuten eta pista jokoan aritu Donibane Lohizuneko kaleetan. Detaile bitxiez oroitzen dira; barre algara batean gogoratu dute Daniel Matematikako irakasleak giltza-zorroa zuela belarrian.

Kortsario zaildu bihurturik, bale harrapaketarako ontziaren erreplika egiten hasi ziren zurez, 1:20 eskalan. Berehala jabetu ziren, ordea, zailegia zela eta bale-ehizarako txaluparen erreplikari ekin beharrean izan ziren. Hiru aurreratu samar dituzte. Hura zen lana hura, baina hara nola aritu ziren proportzioak eta kalkulu matematikoak lantzen, zerrak nahiz zulagailuak erabiltzen, eta itsasteko gai ezberdinak erabiltzen trebatzen.

Kortsarioen ibilbideetan barrena, Cantinoren planisferio ezagunaren kopia bat aztertu zuten. 1502ko mapa horrek portugaldarrek XV. mendean egindako lur-aurkikuntzak jasotzen ditu, garaiko europarrek oso gutxi ezagutzen zituzten bazterrak, eta, bide batez, planoetan neurriak hartzen eta orientatzen ikasi zuten.

Itsasoa barnealderaino iristen zen

Ezkio-Itsasoko Igartubeiti baserri museora bisita ere egin zuten, euskal baserriaren historia eta bilakaera ezagutzeko. Baleontziak hornitzeko ezinbestekoa zen sagardoa bertan ekoizten zuten, besteak beste. Izan ere, kostaldeko itsas industria aurreratu hura mantentzen barnealdeak latz egin behar izaten zuen lan. Ontziak eraikitzeko egurra ere bertako basoetatik etortzen zen.

Horrexegatik, San Juanen erreplika eraikitzeko egurrak datozen basora, Altsasuko Dantzaleku hariztira, jo zuten ondotik. Hango interpretazio zentroan deskubritu zuten ontzigintzarako zuhaitzen aukeraketa nola egiten zuten, nola zurkaizten zituzten, nola inausten eta zaintzen hamarkadetan zehar gero itsasontziko pieza jakin bakar bat eraikitzeko baliagarri izateko.

Itsasoaren industriak barnealderainoko erroak izate horrek harritu ditu gehien gure gaztetxoak. Hala aitortu dute. Aimarren hitzak dira hauek: «Gaur egun arrantzaren inguruan kostaldeko jendea mugitzen da, baina, bale arrantzan, ontziak eraikitzeko egurgintzan edo burdingintzan, ontziak sagardoz hornitzen, Euskal Herri osoko jendea aritzen zen auzolan erraldoi moduko batean, eta horri esker lortzen zen ontzi bat joatea Ternuara, gero koipez beteta itzultzean, Euskal Herri osoan argia izateko». Ondo ikasia du lezioa.

Oroitzapen liburuxkaren altxorra

Ateraldi ezberdinetan bizitakoa jasoz oroitzapen liburuxka bat taxutu dute ikasleek. Bertan, bakoitzaren sentipenei hauspo eman zaie, eta horiek adierazteko bideak jorratu: literatura, musika, dantza, antzerkia, zinema, marrazkia, margoa, arkitektura... Benetako altxorra geratu zaiela argi dute; begiak piztu zaizkie gai hori aipatzean.

Sentipenei jare egitea bezain garrantzizkoa da, alabaina, beso-hankei eragitea. Proiektuaren baitan, gorputz heziketa orduetan, Donibane Lohizuneko Ur Yoko arraun elkartearekin lankidetzan, arraun ikastaroa egitea zuten asmo, baina eguraldi txarrak zapuztu egin zien asmoa. Gerorako utzi behar… eta gero dioenak bego dio. Ez dute, ordea, egingo duten itxaropenik galdu oraindik.

Horrenbeste gauza eginik, kutuntasunaren galbahean pasaz aukera egiteko eskatuta, ados jarri dira zortzi neska-mutilak: bereziena baleontziaren eraikuntza aurrera nola zihoan bizitzea izan da, Pasaiara bertara joatea baleontziaren garapena ikustera. Azken batean, euren gorputza hazten zihoan eran ikusi dute San Juan baleontzia eraikitzen, urtean pare bat aldiz, Albaolan. Aimarrek beste ñabardura bat ere egin du: «Lortu dugu Euskal Herriko historia, gure arbasoen historia, berreskuratzea bide praktikotik».

Ez dute San Juan baleontzian itsasoratzerik izan. Hasierako proiektua horixe zuten, maiatzaren 21ean eskaini zuten ikuskizuna Donostiako kaian ematekoa, hastapen batean aurreikusitako San Juanen itsasoratze egunean hain zuzen, eta bukatzeaz bat estreinako bidaian Donibane Lohizunera etortzea. Borobila. Horrexek liluratu zituen gehien seigarren mailan proiektua aurkeztu zitzaienean.

Krisialdiaren eraginez eraikitze lanetarako laguntzak apaldu izanak, atzeratu egin du baleontziaren itsasoratze data 2018-2020ra arte. Ez dakite noski non izango diren orduan, baina Iñaki irakasleak argi du zinez polita litzatekeela haietako batzuek une hori bizitzea.

San Juanekin zer egingo luketen itaunduta, murmurra hazi da. Plausta hauxe atera zaio bati: «Lehenik Ternuara joan eta gero, badirudienez hemen baleak itzultzen ari direla, haien babeserako eta ikerketarako erabili». Adar jole erantzun du beste batek: «Piezaz pieza saldu!». «Portuz portu museo gisa aritu» serioago hirugarrenak. Transatlantiko gisa baliatzeko aukera ere atera da mahai gainera. Aukera exotikoa, garai batean bezala itsasoan ibiltze hori. «Eskorbutoarekin, oso exotikoa bai» jalki zaio bati. «Ez, sagardoarekin ez da eskorbutorik!» erantzun dio zorrotz beste batek. Beharrezko liratekeen lanpostuak zerrendatzen amaitu da jokoa: kapitaina, itsas neska-mutilak, gida turistikoak, biologoak, sukaldariak… «Teknikoa, frigorifikoa apurtzen bada…» mutil batek. «Orduan ez zen hozkailurik» hartu dio kontu neska batek, «ez duzu deus ikasi materiala landu dugularik!». Eta barre gozoa atera zaie. Merezi izan duen abentura, ezta?