Bidasoa eta Ebro
Auzoan bizi den Mendi margolariari urte bat edo bi faltako zaizkio 90 egiteko eta irudipena dut bista jaitsi ahala etorkizuna ikusteko dohaina zorrozten ari zaiola. Goizero bi bastoirekin sendagileak agindutako hiru kilometroak egitera ateratzen da eta topo egiten duenari bere gogoeta filosofiko edo politikoen berri ematen dio.
Goiz batean aurtengo ikasturte politikoan eman den gertakaririk esanguratsuena Nafarroa Akitania-Euskadi euroeskualdean sartzea izan dela esan zidan, etorkizunean Akitaniarekin batera Europako eskualde indartsu bat osatuko dugulako, bi muturretan hiri industrial bana (Bilbo eta Bordele), bakoitza bere portuarekin merkantziak esportatzeko; bien artean Biarritz eta Donostia, mundu osotik turistak erakartzeko, eskualdeko gastronomia eta mundu mailako fama duten Arabako Errioxako eta Bordeleko ardoak eta… jarraitu genuen futurismoa egiten, Euskal Herri independente baten bideragarritasuna ekarriko lukeen Benelux berri horren indarguneak zerrendatzen.
Egunotan kontrol ikusgarriak jarri badituzte ere, Bidasoako muga mehartzen ari da. Herri Urratseko ekitaldi ofizialean urtero euroeskualde horretako ordezkariak bildu ohi dira. Euskal Eskola Publikoaren festan Max Brisson eta Arnaldo Otegi ikusi genituen hizketan. Ipar Euskal Herriko Elkargoak loturak estutzeko aukerak ekarriko ditu. Ideiak ere aise igarotzen dira alde batetik bestera.
Horren lekuko da Nuit Debout eta Gipuzkoa Zutik mugimenduen kasua. Eduki aldetik dituzten diferentziak gorabehera (lan erreforma eta erraustegia), biak dira mugimendu horizontalak, buruzagirik eta bozeramailerik gabeak, sistemarekiko ezkorrak, diskriminazio guztien kontrakoak, nolabait esateko postmarxistak.
Bidasoako muga ezabatzen ari da. Mugen inguruan eta gure izaera europarrari buruz entzun dudan gauzarik bitxiena, dena den, joan den larunbatean entzun nuen Lapuebla de Labarcako upategi baten atarian, Fuenmayortik Logroño aldera zabaltzen ziren mahastiei begira, upategiko jabeak gogoratu baitzuen orain milioi batzuk urte bi kontinente elkartu zirela hor, orain Ebrok markatzen duen lerroan, Logroño aldeko lurrak Afrikaren jarraipena zirela eta Arabako Errioxakoak Europarenenak.
Ordurako laugarren ardoa probatzen ari ginen eta etxera etorri eta badaezpada Interneten begiratu nuen, eta Felix Perez Lorente geologoak ere antzeko teoria bat ematen duela ikusi nuen. Upategiko jabearen ondorioa garbia zen: bi aldetako lurrak oso ezberdinak dira eta ardoak, zer esanik ez. Arabakoak, noski, askoz ere hobeak. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Gauzak ondo egin nahi ditut, benetan, eta ofizio honen parte izan»

Turismoak hiria irensten duenean
