Zuhaitzaren eta intxaurren fabula zaharra aro berrian
2011. urtetik hona lortu denari eta lortu ez denari buruzko eztabaida bizi-bizia eta askotan tranpaz betea da independentismoaren baitan, baina ziklo berriaren ondorio on ukaezinen bat adostu nahi izatekotan, hauxe litzateke: indar espainiarzaleen gainbehera Euskal Herrian. Agertoki aldaketa hura gertatu aurretik, bi lehendakariek Patxi Lopez eta Yolanda Barcina zuten izena, bi legebiltzarretan PSE-PP eta UPN-PSN uztarketa nagusi zen eta zeharo pentsaezina zitzaigun Nafarroako erakunde garrantzitsu guztietan erregimenak pott egingo zuela edota Gasteizko Ganberan erabakitzeko eskubidearen aurkako bozak %25 ingurura murriztuko zirela, zenbait inkestek iragarri dutenez. Gainbehera hori, gainera –Bilduren orduko olatua ez bezala–, iraunkorra ez ezik etengabea izan da, txirrista luze batetik eroriko balira bezala, gero eta abiadura handiagoa hartuz. Penagarria zirudien bien emaitzak 2011n, baina are okerragoa izan da hurrengo hauteskunde zikloan hartutako kolpea eta irailaren 25ean boz galera areagotuko dela dirudi. Zenbakitan, hauxe da PSOEren bilakaera bi legebiltzar horietan 2005etik honako legealdietan: 37 eserleku-25-16? (EAEko emaitzen faltan, Soziometroaren aurreikuspena oinarri); eta honako hau PP-UPNrena: 35-29-23? Baturik, are gordinago: 72-54-39?.
Morbo handia eragiten du EAJ, EH Bildu eta Ahal Duguren arteko lehiak, guztiz likido eta hainbatetan gaseosoa ere baden egungo egoerak hiruki horren barruan bozak batetik bestera saltoka ibiltzea ahalbidetzen duelako. Baina inortxok ere ez du zalantzan jartzen PP eta PSE jadanik ez direla horiekiko lehiakide zuzen, bazterreko aukera baizik, laugarren eta bosgarren gonbidatu. Irailaren 25eko gauean arreta guztia hirukian jarrita egongo da, baina ez da interes gutxiagokoa alde (edo ertz) unionistan gertatuko dena.
Ahal Duguk PSOEri egin dion koska ahaztu gabe, argi da EAJk bi alderdi espainiar handien boz kopuru potentea jaso duela. Sakrifiziotzat ere har liteke Gipuzkoan gertaturikoa: EH Bilduri boterea kentzeko askoren obsesioak PP hustu eta EAJ loditu zuen duela hamalau hilabeteko foru hauteskundeetan, Espainiako indar nagusia emaitza barregarrian utziz (legebiltzarkide bat baino ez, duela hamarkada eskas bat zortzi zituenean). Eta hori gutxi balitz bezala, aldi berean, PSEk indarra galdu eta jelkideen makulu hutsa bilakatu da. Hortaz, Xabier Arzallusen ahotan jarri ohi den aspaldiko metafora haren gaurkotzea gertatzen ari da: ziklo aldaketa harekin ezker abertzaleak zuhaitzari eman zion astinduaren ondorioz lurrera eroritako intxaurrak EAJk jasotzen ditu. Zertarako? Horixe da hurrengo galdera, baina hau ez zigun On Xabierrek argitu, fabulak bukaerarik ez zuen-eta.
Ez dirudi ez PPk ez PSEk inertzia hori aldatzeko indarrik, ezta gogo handirik ere, dutenik, eta beraz EAJk beraien lepotik puzten segituko duela segurua da. Are gehiago orain, aldaketaren «mamua» EH Bildurengan ez ezik Ahal Dugurengan ere gorpuzten delarik. Espainia aldean makiavelikotzat eman liteke jokaldi hau guztia, bost urte eskasetan eta zalaparta handirik atera gabe indar oreka historikoa (euskal burujabetzaren aldekoak garaile euskal hauteskundeetan, espainiarzaleak Espainiakoetan) guztiz hautsi baita, betirako agian. Aldiz, inoiz baino lasaiago daude Madrilen, euskal procés baten zantzurik ez dutelako sumatzen. CiU zenaren kontrako bidea egin du EAJk, Estatuarentzat arrisku potentziala izatetik Estatuaren interesen bermatzaile izatera pasatuz. Seny euskaratzea besterik ez zaigu falta. Imazek erre zuen Ibarretxek ereindako lurra, Petronor eta Repsolera joan aurretik, eta Urkulluk du orain zoru hori barbetxoan gordetzeko misioa, denbora mugarik gabe, antza.
Hortaz, alderdi espainiarretatik EAJrako boto-emate hori ez da doakoa izan. Troiako zaldiaren istorioa gogorarazten du honek guztiak. Beste fabulari dagokionez, Sabin Etxean egunero-egunero intxaurrak gosaltzen dituztela adierazten digu egoerak, eta bukaera dexente interesgarriagoak iragartzen zituen Arzallusen jarioak. •

Azken-aurreko tragoa: Pepe, Joxe, Arantza... eta Manuela

Genozidioaren salaketak Euskal Herriko txoko guztiak bete dituen urtea

«Ez nuen inoiz pentsatu ni kirolaria izan nintekeenik, are gutxiago maila honetan»

Turismoak hiria irensten duenean
