Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Abuztuko denborak

Denbora gara, baina egun guztiek ez dute denbora bera, ez dira denbora berekoak. 1996a zen, gorputzera itsatsita geratzen den abuztuko egun sargori bat. Afaldu berriak ginen eta aitak telebistaren aurrera joateko esan zigun, jada koloreak nahasten hasi zitzaizkion telebista pantaila haren aurrera joateko; gorria berde ikusten zen eta berdea gorri. Eta atleta batzuk ikusi nituen oinak telebistan berde ikusten zen pista gorriko takoetan jartzen. Eta isiltasuna. Eta tiro hots bat eta atleten jauzia aurrerantz eta nola zuzentzen zituzten uzkurtutako gorputz gihartsu haiek, eta nola hartzen zuten bihurgunea eta bihurgunetik irtendakoan nola atleta bat besteen aurretik jarri zen nabarmen eta publikoa oihuka nola hasi zen bere zapatila urreztatuen pausaje erotua bultzatu nahian, eta gu isilik egongelan; isilik ukabilak eta sabela eta birikak urrezko zapatila haien lokarriekin lotuta bagenitu bezala, eta esatarien oihuak «Munduko errekorra!, munduko errekorra!» eta «Michael Johnson, Michael Johnson!» eta emozio nahasketa hura, barre eta negar aldi berean egin nahia, ezer ulertu ez arren ulertu nuelako une hura betiko geratuko zitzaidala barruan: munduko errekorra, pertsona bat iritsi zitekeenik ere pentsatu ezin zen lekuan ibili zen atleta hura eta, batez ere, une historiko hura, sekula errepikatuko ez zen historia zati hura bizi izanaren sentsazioa nire baitan. Bederatzi urte nituen. Abuztuko egun hartan ulertu nuen zer diren Olinpiar Jokoak.

Denbora gara. Akaso, horregatik hunkitzen gaitu norbait ordulariaren aurretik joaten ikusteak; gure gorputz eta denbora mugatuak gainditzen dituelako. Baina denbora gara hala ere, hemen, portu ertzean ere, ez daukagu erlojuei ihes egiterik. Gaur ez dago oholtzarik kaian, ez dago barrarik, ez dago karparik, abordatze eguneko ontzi-hondakinak aspaldi desagertu ziren hemendik. Eta ez dakit zergatik gogoratu naizen 1996ko Atlantako egun harekin, azalean hain itsatsita geratu zitzaidan abuztuko sargori harekin. Agian izango da festek ere badutelako historikotik, olinpikotik, etorri eta joan ibiltzen direlako eta guk ere badugu gorputzaren mugak hautsi nahi dituen kirolari horretatik zerbait; ahotsik eta indarrik gabe etxeratu ezin hori, nork gehiago iraungo, nork gehiago edango, lehian beti: denborari eta gorputzari ihes egin nahi hori; erritmoak behartu nahi bat, une bakoitza historiko bizi beharraren bizi beharrez uneari ihes egiteko premia bat, ia aurrean daukaguna ikustea ere eragozten diguna, sarri ahaztuta elkar ezagutuz ezagutzen dugula gure burua ere; noiz lotsatzen garen, noiz hitz egiten dugun ondokoa mututzeko beste, noiz ez garen euforia kontrolatzeko gai... Zer naizen ni ez naizenean, eta zer ez naizen ni naizenean.

Egiten duguna gara, eta egiten dugunak egiten gaitu. Umetako telebista harekin gogoratu naiz, koloreak nahasten zituen harekin. Guk ere batzuetan aldatzen dugu pantaila, errutinaren koloreak atzekoz aurrera jartzen ditugu festak iristen direnean eta jakin nahiko nuke zein den benetako gure kolore gama: pelukak, betaurrekoak eta mozorroak janzten ditugun unekoa edo bestea. Jakin nahi nuke, egiten dudanak egiten banau, oholtzarik, barrarik eta karparik gabeko portu honetan, zer geratzen den ezer geratzen ez denean; abuztuko egunetan zer den azalera itsasten dena eta zer ni aldatzen nauena. Kuriosoa baita mundu berriak asmatu ondoren ordulariak eskumuturrean lotu beharra. Eta badirudi bizitza hori dela: Olinpiar Jokoetatik Olinpiar Jokoetara, festatik festara, egun historikotik egun historikora doan orduen iragatea; zer den ez dakigun arren denbora gaindituko duen horren bila ematen dugun denbora zatia. •