Adiorik ez, Maider

Telefonoz eta ordenagailuz trukatu ditugun azken mezuak berrirakurtzen, Maider. Eguneroko elkarrizketa praktikoak dira gehienak, laneko kontuak eta. Tantaka, baina, zure nortasunaren zantzuak ageri dira. Umore fina. Eszeptizismo sanoa. Kritika zorrotzerako gaitasuna, autokritika barne. Euskararen eta euskalduntasunaren ulerkera sakon ezohikoa. Lanerako ahalmena, ikerketarako grina. Irakasle ona izateko ardura eta gogoa. Adimena.
“Aldiri” aldizkarian eta GAUR8n idatzi dituzun azken artikuluak berrirakurtzen, Maider. Paisaiarekiko pasioa darie. Kuriositatea. Landaren eta hiriaren arteko gatazka ulertzeko eta deskribatzeko nahia. Ezagutza. Zalantza ondraduak. Euskal Herritik mundura, mundutik Euskal Herrira. Kultura. Gauzen atzean benetan zer dagoen ezagutzeko jakin-mina. Erantzun harroen ordez, galdera zintzoak. Inguratzen gaituen errealitatearen irakurketa etiko eta, bereziki, estetikoak. Arkitektura.
Burutu ezin izango dugun ikerketa-proiektuan pentsatzen, Maider. Bete-betean asmatu du zure intuizioak. Euskararen bilakaera ere landaren eta hiriaren arteko talkaren baitan ulertu behar. Nazioarteko erreferentziak. Asko bidaiatzeak eman dizun umiltasuna. Kemena. Laguntasuna.
Ez adiorik, ilegorri.


