Nagore BELASTEGI MARTIN
HONDARRIBITIK GREZIARA

Arropa tona batzuekin hasita, betiko zubiak eraiki dituzte

Sei emakume Greziako Katsikas kanpalekura joan ziren. Bost egunez euren bizipoz, maitasun, elkartasunarekin busti zituzten bertakoak eta Hondarribira itzuli ziren sentsazio gazi-gozoarekin baina esker onez beterik. Hondarribiko herritarrei emandako aukera bihotzez eskertzen diete, lortutakoa beraiena ere badelako.

Maiatzean bost eguneko bidaia egin zuten Hondarribiko sei emakumek Greziara kazetari batek lagunduta. Katsikas errefuxiatuen kanpalekura abiatu ziren herrian jasotako material eta dirua banatzeko asmoz. Bost egun bakarrik izan ziren, gutxiegi euren ustetan, baina betiko esperientzia bat ekarri dute bihotzetan eta aukera hori emateagatik eskerrak ematen dizkiete hondarribiarrei.

Emeki emakumeen elkartean ezagutu zuten elkar Marije Zapirain, Izaskun Eizagirre, Mari Jose Aseginolaza, Edurne Nogeras, Maite Garcia eta Lurdes Retegik. Haien abenturen kontalaria Asier Perez-Karkamo izan zen. Bizilagun soilak bezala joan ziren, baina, bueltan, lagunak direla sentitzen dute. Euren bidaia amaitu da baina proiektuak martxan jarraitzen du.

Arropa bildu zuten maiatzerako. Guztira 30 tona atera ziren Hondarribitik, kamioi batean, diru kantitate batekin batera. Diruaren parte bat joan aurretik gastatu zuten, familiek pixoihalak eskatu zizkietelako. «Gobernuz kanpoko erakunde batzuei emandakoa iritsi behar den lekura iristen ez dela esaten da, eta, guk ikusitakoaren arabera, neurri batean hala da. Guk konpromiso hori hartu genuen eta horrekin jarraitzen dugu. Jendeak dirua ematen badu eskubidea du jakiteko nora joan den eta zer egin den diru horrekin», azaldu zigun Marije Zapirainek.

Arropa banatzean konturatu ziren kulturalki oso desberdinak garela, baita janzterako garaian ere. Guretzat aproposak eta politak diren jantzi batzuk ez dira bertakoentzat onargarriak edo gustukoak. Horregatik, kanpalekuan bertan joste tailer bat martxan jarri da eta josteko makinak, oihalak, botoiak, artilea, haria… eskatzen hasi dira euren arropak egin eta moldatzeko aukera izan dezaten errefuxiatuek.

Hala, hondarribiarrak Alfa lantegira jo zuten eta haiek gustu onez hartu zituzten. Sei makina eskaini zizkieten. Bestalde, herrian beste hiru lortu zituzten eta material pila bat. Urrian bi boluntario abiatuko dira Katsikasera eta azaroan beste bat gehituko zaie lortutako material berria eramateko.

Donostiako Udalarekin harremanetan jarri ziren eta honek ere laguntzeko asmotan bi auto eman dizkie; bi Seat Panda txiki, bertan ibiltzeko oso aproposak. Hondarribiko emakumeek esperientzia errepikatu nahiko lukete, baina, momentuz, itxaron egin beharko dute, bidaia euren poltsikotik ordaindu zutelako eta gastu handia delako. Gainera, nahiz eta bertan emandako denbora luzeegia ez zen izan, nekagarria izan zen.

«Bost egun izan ginen, baina oso intentsuak izan ziren. Egun batean hain geunden nekatuta afaldu ere ez genuela egin, gogorik ez genuen. Esaten dute hango egun bat hilabete bat bezalakoa dela, eta egia da», bota zuen Izaskun Eizagirrek.

Intentsua da bai lanagatik bai ikusitakoak bihotzean eragiten duen zirraragatik. «Ikaragarria izan zen ikustea zer-nolako egoeran bizi diren. Harriaren gainean dute jarrita karpa, ez dute zorurik. Nahiz eta Grezian egon, iparraldean denez (Albaniarekin mugan), hotza egiten du. Maiatzean izan ginen eta mendian elurra egiten zuen. Euria egiten duenean dena urez betetzen zaie. Oso kondizio txarretan daude. Gehienak emakumeak dira eta haur pila bat daude. Gu joan ginenean 50 emakume haurdun zeuden. Haurrek infekzioak, zorriak, azala zartatua… zituzten», aipatu zuen Eizagirrek. Zapirainek jarraitu zuen: «Ez dute batere etorkizunik ikusten. Euren lan duinak, etxeak, eskolak... utzi behar izan dituzte bonbardaketatik ihesi, eta, esaten zigutenez, hori guztia utzi ostean begira nola amaitu duten, animaliak bezala. Gure sentipena da bertan uzten ari direla, hil arte».

Haurrak, kaltetuenak

Siriako gerra hasi zenean gizonezkoek alde egin zuten baina aurten joera hori aldatu egin da, eta, Greziara iristen saiatzen direnen artean, hamarretik sei emakumeak eta haurrak dira, Asier Perez-Karkamo kazetariak argitaratu zuen bezala. NBEren arabera, 200 adingabe hil dira bidean.

Dudarik gabe, haurrak dira gehien sufritzen dutenak, nahiz eta Katsikasen kasuan kanpalekuko alaienak izan. Une oso gogorrak bizi izan dituzte. Bost urteko gerraren ostean eskolak eten egin dira. «Badago 15-16 urteko gazteek osatutako talde bat; bakarrik zeuden. 12 urterekin irtengo ziren Siriatik. Beraz, ez da bakarrik gerra, kulturarekin genozidio bat egiten ari dira, eta oso tristea da Europaren erantzuna», adierazi zuen Eizagirrek minduta.

Haurrak, helduak bezalaxe, txalupa eta ontzietan iristen dira Europara. Bidaia luzea egin behar izaten dute, euren bizitza arriskatuz eta azkenean espero ez duten leku batean amaitzen dute. Han itxaropena galduta dute, baina, hala ere, irribarrea mantentzen dute ahoan.

Hondarribiko boluntarioek jostailuak eraman zizkieten, tarte batez beste gauza batzuetan pentsa zezaten. «Scooby Doo pultserak egiteko hari pila bat eraman genituen. Ez zekiten lehendabiziko pausoak egiten eta guk egiten genituen beraiek jarraitzeko», kontatu zuten. Lorik egin ezin zutenean ere lehenengo korapilo horiek osatzen ibiltzen ziren.

Haurrek badute gaitasun bat zoriontsuak daudela irudikatzeko, nahiz eta barruan iluntasun handi bat gorde. Marrazkien bidez islatzen dute beraien samina. Tiroka ari den jendea, tankeak, hildako pertsonak, bonbak, txalupetan iristen diren printzesak, bonbak botatzen dituen hegazkina...

Haurrek ere gainezka egin zuten ekainaren amaieran eta gose greba hasi zuten. Sei eta bederatzi urte bitarteko haurrak gose greban, desesperazio hutsez, laguntza eske. Soluzioa beste leku batera mugitzea izan daiteke, eta, askorentzat, ez litzateke zaila izango senitartekoekin biltzeko aukera emango baliete. Izan ere, haur horien senitarteko asko Europako beste herrialde batzuetan bizi dira.

«Hango azala han uztea»

Ez da erraza halako egoera gogorrak bertatik bertara ikustea eta etxera besterik gabe itzultzea. «Aholku bat eman ziguten: hango azala han uztea. Ez du merezi bazkari handi batean zaudela damutzea hango gizagaixoek ezer ez dutelako. Ez ahaztu bizitakoa eta ahal duzuenean laguntza bidali. Guk ez dugu gure kultura aldatu behar, ezta flagelatu behar ere. Solidarioak izan, hori da egin behar duguna», aipatu zuen Zapirainek.

Eta orain eskuartean duten proiektua horren adibide da. Gainera, herri osoa inplikatuta dago. Jaiak direla eta, elkarte gastronomikoek esan dute lortzen duten diruaren parte bat emango dietela. Aurrerago ere errifak prestatu nahi dituzte, herriko saltoki eta zerbitzuekin elkarlanean, bakoitzak ahal duena eskainiz eta euro baten truke zozketan sartzeko txartelak salduz. Baina momentuz atzeratu egin dute herriko sukaldari ospetsuek beste egitasmo bat proposatu dietelako: puntako bazkariak eskainiko dituzte 30 euroren truke, eta lortutako diru guztia errefuxiatuentzat izango da.

Hainbeste diru maneiatzea ez da erraza eta horregatik orain laguntza Emekiren barruko proiektu independente bezala antolatzeko prestatzen ari dira. «Ogasunarekin kontuak azaltzea zein zaila den! Ikaragarri nekatzen gaitu, beraz, hori bideratzeko moduak bilatzen ari gara», esan zuten. Euren kontu korronte propioa zabalduko dute eta bi auditore izendatuko dituzte, sei hilero kontuak azter ditzaten eta diruarekin zer egin den publiko egiteko.

Jendearen aldetik, beraz, oso erantzun baikorra sumatu dute, Hondarribian behintzat. «Hemengoak prest daude jendea etxeetan hartzeko ere. Diputazioarekin eta Lakuarekin hitz egin dugu, alderdi guztiekin egon gara, eta denek oso ondo erantzun dute. Prest daude familiak Euskal Herrira ekartzeko. Baina gero Espainian filtro bat dago, eta ez dakigu Europak mugak jartzen dituen edo zer», kontatu zuen Eizagirrek.

Kanpalekuko egoera hain larria da errefuxiatuak jada esaten hasiak direla zer topatuko zuten jakin izan balute ez zirela Europara etorriko, nahiago dutela bonba bat erortzea ogia erostera joatean horrelako kanpalekuetan egotea baino. Euren herrietan zuten bizitza guztiz arrunta zen gerra iritsi zen arte. Klase ertainekoak dira gehienak, «irakasleak, idazleak, medikuak, gida turistikoak... Jende langilea, bizimodu ona zuena». Bestalde, yezidiak ere bazeuden kanpalekuan, kurduak, mendian bizi zirenak. Hauek ere pozik zeuden euren bizimodu xumearekin, baina herri osoak suntsitu zizkieten eta bizirik iraun zutenek Europara jo zuten laguntza eske. Talde horretako kideekin iskanbilak izan ziren kanpalekuan eta beste leku batera eraman dituztela esan zuten boluntarioek. «Errefuxiatuen artean ezkortasuna hedatzen hasia da, eta, etnia desberdinetakoak direnez, liskarrak sortzea normala da. Ez dute baikortasunerako izpirik».

Egindako lagunak

Yezidiekin harreman polita egin zuten euskaldunek. Bidaiaren alde txarrak alboratuta, osatu dituzten harremanak dira etxera ekarritako altxorrik onena. Mari Jose Aseginolaza siriar familia baten laguna egin da eta oraindik ere harremana mantentzen du Whatsapp bidez. Arropa banatzen ari zirela konturatu zen familia horrek tentuz jokatzen zuela, ez zuela dena hartzen. «Egun batean liskar bat egon zen. Jendea makilekin agertu zen defendatzeko. Familia horretako aitak 10 urteko semea bertatik eraman zuen borroka ikus ez zezan. Emaztea, 6 eta 3 urteko eta 8 hilabeteko alabak dendan sartu zituen babesteko», zioen. Berarentzat jokaera hori deigarria izan zen eta haiekin harremana hasi zuen. Azken egunean familia osoa atera zen dendatik bera agurtzeko. «Inoiz ez dut hori sentitu, bat-batean malkoak ateratzea», kontatu zuen.

Hondarribian ezkondutako siriar batek kanpamenduko lagunek bidalitako testuak itzultzen dizkio. Hari esker badaki familia osorako pasaporteak lortu dituztela, 500 euroren truke bakoitza, eta Alemaniara joaten saiatuko direla. Bertan dute 15 urteko semea, beste senitarteko batekin. «Haurrei opari bat egin nahi niela esan eta zer behar zuten galdetu nien. Neguko arropa esan zidaten, laster elurra egiten hasiko delako». Hondarribian bizi den mutilak ere bere ama Sirian nola bizi den kontatzen dio: «Jendeak ez du ate edo leihorik konpontzen, hurrengo erasoan berriro apurtuko dira-eta. Kalean egongo balira bezala bizi dira. Baina amak ez du etorri nahi, ez du arriskatu nahi», esan zuen Aseginolazak.

Zertarako etorriko dira, bada, Europako kanpalekuetan jasaten ari diren egoera latza ikusita? Katsikasen bizi direnen izenean kexa bat aurkeztu diote Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariari, baina Greziako eremu horretako egoera ez dute batere hobetu. Kanpalekuko dendak karabanengatik aldatzea eskatzen dute, beste behin –duela bost hilabete bezalaxe– haurrak eta euren senitartekoak salbu egoteko. Laguntzarik jasotzen ez badute kanpalekua utzi eta ez itzultzeko mehatxua egin dute. Azken asteetan errefuxiatu talde batzuek jada alde egin dute eta errepide bazterretan pilatzen ari dira egoera duina aldarrikatzeko. Greziako Gobernuari eskertzen diote harrera egin izana, baina, orain, Nazio Batuen Goi Mandatariari egoera jasangaitz hori konpontzeko eskatzen diote.

Esker ona

Katsikasen leku askotako boluntarioak daude, «Nazio Batuen Erakundea dirudi kanpalekuak», elkarrizketatuen hitzetan. «Gure txokoa ezagunetarikoa zen, iritsi bezain pronto ikurrina zintzilikatu genuelako. Suitzako boluntarioak, hinduak, herbeheretarrak, portugaldarrak… zeuden. Jendearen joan-etorria etengabea da. Gu ginen zaharrenak, gainontzeko gehienak gazteak ziren», azaldu zuen Zapirain.

Zaharrenak bai, baina langileak ere bai. Goizean gazteek bilerak egin ohi zituzten, eta, hondarribiarrei ondo iruditzen bazitzaien ere, nahiago zuten lanean jarri. Segituan hasten ziren arropak banatzen. Gazteek besoak zabalik hartu zituzten, alaitasuna jartzen zutelako kanpalekuan. Azken egunean sagardoa, txorixoa eta gazta banatu zuten. «Beganoek ere jan zuten!», esaten zuten barrez orain lagunak diren emakumeek.

Orain Hondarribiko herriari eskerrak ematen saiatzen ari dira. «Inoiz ezingo diogu nahikoa eskertu aukera hau eman izana», ondorioztatu zuten. Kontakizun osoa eta hemendik aurrerako pausoak jarraitzeko aukera dago Asier Perez-Karkamo kazetariaren eskutik, #Hondarribiatikgreziara traolarekin.•

Zarauzko malekoitik Indiako Anantapur nekazari komunitateko emakumeei begira

Mondragon Unibertsitateko Oreka ikasle taldea Indiara begira jarrita dago, zehazki Anantapur nekazari komunitatera begira. Vicente Ferrer gobernuz kanpoko erakundearekin elkarlanean, urritasunen bat duten komunitate horretako emakumeekin proiektu bat jarri nahi dute martxan. Oreka elkarteko Maria Irurozkik azaldu duenez, Gradua Lidergo Ekintzailea eta Berrikuntzan ikasketak egiten ari dira eta horien baitan jarri dute martxan proiektua. «Azaroan Indiara goaz, bi hilerako. Bertan proiekturen bat garatu behar genuela-eta jarri ginen harremanetan Vicente Ferrer elkartearekin. Urteak daramatza Indiako gune pobreenetan lanean elkarteak, ondo ezagutzen ditu bertako beharrak eta indarguneak, eta bidelagun bikaina izan zitekeela pentsatu genuen».

Hartara, gobernuz kanpoko erakunde ezagun horren eskutik, Anantapur komunitatean dibertsitate funtzionala duten emakumeen bueltan hasi dira lanean. «Emakume horiek gaitasun handia daukate ehungintzan lan egiteko eta gure proiektuaren ardatza hori izango da: ehungintza. Baina ez dugu gauza sinboliko bat egin nahi, Euskal Herriko merkatuan aukerak izango dituen proiektu bat garatu nahi dugu, eta horretan ari gara lanean. Orain gure inguruko merkatua ikertzen eta aztertzen ari gara, zein behar dituen ikusteko. Eta horren arabera diseinatuko dugu Indiako emakume horiek ekoitziko duten ehungintza produktua. Gero, haiek ekoitzitako produktuak euskal merkatuan saltzea da asmoa. Eta irabazitako diru guztia, noski, ekoizleentzat izango da», segitu du Irurozkik.

Vicente Ferrer gobernuz kanpoko erakundeak hamarkadak daramatza Indiako nekazari komunitate desberdinetan dibertsitate funtzionala duten pertsonekin lanean. Baldintza, eskubide eta aukera berdintasuna sortzea eta bultzatzea du helburu. Eta hori lortzeko norabide desberdinetan jarduten du. Lehenik eta behin, urritasunen bat duten pertsonen integrazioaren alde lan egiten du, maiz baztertuak baitira ez bakarrik jendartean, baita etxean bertan ere. Bigarrenik, dibertsitate funtzionala duten haurrek hezkuntza duina izan dezaten lan egiten du. Pertsona horiek osasunerako eta oinarrizko zerbitzuak jasotzeko egin behar duten bidea samurtzen ere saiatzen da. Eta, azkenik, bereziki lan egiten du dibertsitate funtzionala duten pertsonen autonomia, askatasun ekonomikoa eta familiarra bultzatzeko.

Vicente Ferrer elkarteak Andhra Pradesh inguruan lan egiten du eta bertako nekazari komunitateetan urritasunen bat dutenen kopurua altua da. Bizi baldintzak oso gogorrak dira komunitate horietan eta gosea urritasun kausa eta ondorio bihurtu da dagoeneko. Indian herritarren %5 eta %8 artean dira dibertsitate funtzionala dutenak, eta horien %75 nekazaritza guneetan bizi dira. Pertsona horiek aukera eskasagoak izaten dituzte garatzeko, bai pertsonalki eta bai sozialki. Era berean, diskriminazio bortitza sufritzen dute.

Indiara joan aurretik –eta bertako proiektua finantzatu ahal izateko– festa antolatu dute Oreka elkartekoek. Hitzordua bihar, hilak 11, izango da Zarauzko malekoian, goiz guztian barna. Yoga eta meditazio klaseak, surf klaseak, haurrentzako tailerrak, kontsumo etikoan oinarritutako merkatu txiki bat, hindu musika... aukera zabala izango da.