Ramon Sola

Estatutik estatusera eta estatusetik autogobernura

Egiaren Osteko aroan (post-truth*) bizi garela gero eta nabariagoa da arlo guztietan, baina bereziki politikagintzan. Eta Trump, Farage, Uribe, Rajoy eta abarren lurralde miresgarrian, euskal politikagintza ez da salbuespena. Errepara diezaiogun EAEko alderdi bozkatuena gure gako politiko nagusiaren inguruan egiten ari denari. Orain arte gertatutakoa (iraganeko egia) zein egungo errealitatea (oraingo egia), biak bazterrean utzita, fikzio bat asmatu eta sinesgarri bihurtzea da koska.

Agerikoa da tranpa, ordea. Hitzetatik hasita. Duela hamarkada pasatxo, Espainiarekin «adiskidetutako» euskal Estatua lortzeari atea ireki zion Ibarretxe Planak, Euskal Herri osoaren nazio izaera eta erabakitzeko eskubidea barruan zekartzan neurrian. 2012an aferari heldu zion berriz Iñigo Urkulluk, baina Estatua lortzeko xedearen ordez bere sinonimo ez den estatus berria kokatuz. Lau urte igarota, ez bata eta ez bestea, eta hirugarren untxi bat atera da kapelatik: autogobernua hobetzea, anbiguotasunaren adierazpen gorenena, are lotsagarriagoa Gernikako Estatutua 37 urteren ostean oraindik bete gabe dagoela kontuan hartuta. Demagun erreforma berria adosten dela, aurrekoak ekarri ez dituen transferentziak aipatuko al ditu berriz? Oraingoan horiek eskuratzeko zein motako bermeaz?

Azter dezagun bilakaera berbera beste ikuspegi batetik: jatorriarena. 2001-2005eko saialdi hura Ibarretxek bultzatu zuen, Lehendakaritzaren ekimena izan zen, horrek duen indarrarekin. Urkulluren bi planentzat, ordea, «guztion arteko adostasuna» jarri da abiapuntu; hau da, ezinezko baldintza bat, ondorioz beto eskubiderako aukera sortzen duena.

Inguruan bildutako indarrek ere jartzen dute argia bataren eta bestearen gainean. Ibarretxerenak EAJ, EA, IU-EB batu zituen eta ezker abertzaleak bidea egitea ahalbidetu zuen, baina PSOE aurkako amorratu bilakatu zuen, Gasteizen zein Madrilen. Oraingoaren diseinua, aldiz, EAJ-PSEren arteko gobernu batek egin du, eta keinu nagusiak oraingoz Elkarrekin Ahal Duguri begirakoak dira.

Saialdi zintzoen eta post-truth ahaleginen artean, non da iraulia, noiz pasarazi gaituzte ispiluaren bestaldera? Data nahiko zehatza jar lekioke: 2013an zehar. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen aldeko inoizko indar metaketa handien eta zabalena sortu zen urtean, Eskozia eta Kataluniako prozesuak azkartu zirenekoan, eztabaida esparrua aldatzen hasi zen Sabin Etxetik, eta batez ere EAEko Lehendakaritzaren bozgorailutik, garaiak aurrera egitekoak baino zegoenari eustekoak zirela aipatuz. Zerumugatik erabakitzeko eskubidearen konkista kendu eta birzentralizazioaren mamua kokatu zen.

Hauts haietatik, egungo lokatza; sasi-egia horretatik abiatuta heldu gara oraingo desitxuratzera. Hiru gezur tartean: 1) EAJ-PSE akordioak herritarren gehiengoaren nahia ordezkatzen duela, inkestek diotenaren aurka (EAJ-EH Bildu nagusi ageri ohi da ia guztietan) eta Nafarroan gertatzen denari kasu egin gabe. 2) Estatu espainolak eta bere Gorteek estatusa berritzeko borondatea dutela; ez da horren zantzurik ageri, ez maila publikoan, ez eta pribatuan ere. 3) Burujabetza prozesu ausart bat abiatzea guztiz ezinezkoa dela; itxura denez, Katalunia ez da agertzen EAJren radarrean.

Buruan duena azken muturreraino eramateko, beraz, jauzi hirukoitza egin behar du Urkulluk: euskal gizartea lokarrarazi, Estatua konbentzitu eta historikoki lagun mina den Kataluniaren pare-parean jarri, aurre egin. Izan ere, egia baztertzen duten fikzio politikoak asmatzea ez da zaila, baina aurrera eramatean noizbait egia borobil horiekin talka egitera kondenatuta daude.

*P.D: Post-truthen («urteko hitza» izendatu berria) definizioak halaxe dio: «Gertaera objektiboek iritzi publikoarengan emozioek eta norberaren sinesmenek baino eragin txikiagoa izatea». Esana da Urkullurenak ez dituela gertaera objektiboak oinarri, baina emozioak bereziki astintzen dituenik ere ez dirudi... •