Gaizka Amondarain
Irakaslea

Mailua, populua eta fideltasuna

Zer edo zertan tronpatuko zen gizona, ez dizuet ezetzik esango, izan ere, ez dago hanka sartzea baino gauza humanoagorik; ezingo genuke gaur egunera arteko gure eboluzioa esplikatu bestela, behin eta berriz hanka sartu eta hanka-sartze horietatik gero zerbait ikasteko gai izan ez bagina. Baina honetan behintzat bete-betean asmatu zuen Fidel Castrok, 1973an, Gerra Hotza egundoko hotzena zenean, Vietnametik bueltan, nazioarteko kazetariekin izandako prentsaurrekoan: «AEBek Kubarekin hitz egingo dute, Presidentea beltza eta Aita Santua latinoamerikarra den egunean». Gela osoan entzun ahal izateko moduan esan omen zuen, Brian Davis kazetari ingelesak egindako galderari erantzuteko. Barack Obamaren eta Raul Castroren arteko bostekoa eta Aita Santu argentinarraren bisita Karibeko irlara etorri ziren handik 40 urtera, Fidel Castro bizirik zela oraindik. Horrelako gauzekin enteratzeko ere balio izan digu XX. mendea apur bat atzerago uzten duen aurreko asteko albisteak. Fidel black friday egunez hil baitzen azkenean, Joseba Sarrionandia Habanako Unibertsitatean eskolak ematen hasi zen aste berean. Handik kilometro batzuetara, itsasoz bestaldean –eta apur bat bestalderago ere bai–, munduak kapitalismoaren eta kontsumismoaren jairik behinena ospatzen zuen bitartean. Black friday-a. Ostiral Beltza. Ospatzen hasita, mende-baldarrok, ez baitaukagu neurririk gaur-gaurkoz. Hainbestekoa zen lehia txolloa inork baino lehenago eskuratzeko, ezen erosle-harrapakarien arteko borroka ugari eta bi hildako ere utzi baitzituen erosketa zerrendan egunaren bukaerarako. Fidelena gehituz gero, hiru. Sarriren mitoaren biluztearekin, lau.

Gauza batzuk aurreikustea beste batzuk aurreikustea baino errazagoa da beti, ez ditzagun gure buruak engaina. «Euskal kultura» artikulu hau publikatzen den egunean, artikulu hau idazten ari naizen egunean baino gehiago aipatuko dela gure medioetan, adibidez –Rita Barberarena baino gutxiago, halere–. Edo, esate baterako, asko Durangoko Azokak utzitako ajea pasatzen ibiliko garela zu hau irakurtzen ari zarenean –zu zeu ere bai, akaso–. Aurreikuspen horiek ez dira Nostradamusen kategoriara heltzen. Azkenekook baldintza errealak direlako, besteak ez. Gertatzen direnera arte.

Koldo Izagirrek Gabriel Arestiren hitzaldietatik honako hau berreskuratu eta oparitu digu oraintsu Bilbon emandako hitzaldi batean: «Jendea herria da, baina herria ez da osatzen jendearekin. Jendea une zehatz batean hartzen baldin badugu kontuan, populu bat daukagu, une jakin bateko biztanleria. Baina populua bere aldakuntza historikoan, bere eboluzioan hartzen badugu, herria daukagu. Bere kontzientzia, bere borroka, bere kultura, bere hizkuntza mundu-trukean etenik gabe garatzen eta aberasten duen populuak osatzen du herria, hemen eta edonon».

Edonola ere, populuak egonkortasuna bilatzeak ez du esan nahi gauzak aldatzen ari ez direnik inguruan. Kontua da, orain, black friday-ak eskaintzen dizkigun beherapenei esker, “viva el pueblo soberano!” paparrean idatzita duen kamiseta bat eros dezakegula 8 euroan Euskal Herriko edozein hiritan. Kontu egin denok gaudela horretan, populuaren eboluzioak ekarri gaituela honaino. Hauxe dela herria. Beste herri bat ere ager zitekeen argazkian, baina hauxe da botoiari sakatu diogunean agertu dena.

Jendeak akordioak nahi ditu gure herrian, diotenez. Baina jendeak ez du herririk osatzen momentuz. Eta populua ehunekotan zenbatzeak ez garamatza inora. Jendeak nahi ditu akordioak, baina ez gure agintariek nahi dituzten berdinak. Populuan eragiteko herria behar dugu, baina jendeak ez du herririk osatzen oraingoz, saltoki handietan ilara egiteko ez bada.

Euria ari duenerako prest egoteko diote iragarpenek, eguzkia egiten duenerako ere bai. Inork espero ez duenean egin dezake elurra Gasteizen, Iruñean, zein Kuban, eta dena hankaz gora jarri. Aurreikuspenek asmatzen ez dutenerako prest egon beharra dago. Hori edo Lehendakaria beltza eta Aita Santua emakumea denera arte itxaron. •