Bama, Boko Harameko jihadistek eragindako txikizioaren ikurra
Nigeriako Gobernuak bukatutzat ematen du Boko Harameko jihadisten aurkako gerra, eta, oraindik erasoak izaten badira ere, «hil aurreko buztankadak» baino ez direla diote. Iheslariak hartzen dituzten kanpalekuak hustu egin nahi dituzte, ihes egiteko arrazoiak bukatu direlakoan. Baina herritarrak ez datoz bat.

Garai batean pareta izandakoa hondakin huts bihurtuta, teilaturik gabe geratutako eraikin ugari, su emandako gasolindegiak, kiskalitako autoak. «Bama dagoeneko ez da existitzen», adierazi du Mustapha Mallam herritarrak.
Bama 270.000 biztanle inguru zituen hiria zen, orain bi urte bertako milaka lagunek ihes egitea erabaki zuten arte. Une honetan Borno estatuko bigarren hiriaren %85 suntsituta dago eta Boko Haram talde jihadistak eragindako txikizioaren ikur bihurtu da. Bertan egon beste erremediorik ez duten soldaduak eta hiriko kale nagusia bere onera ekartzeko lanean ari diren langileak baino ez dabiltza bertan.
«Boko Haramek okupatu zuen gure lurraldearen azken zentimetro karratua askatu duen Gobernuari, nola esan ezer egiten ez duenik?», adierazi berri du Lai Mohammed Nigeriako Informazio eta Kultura ministroak, oposiziokoen diskurtsoa indargabetu nahian. Hori da agintarien egungo posizioa: jihadistek okupatu zituzten lurraldeak berreskuratu dituztela dagoeneko, eta, beraz, herritarrek bertara itzuli behar dutela.
Kashim Shettima Borno estatuko gobernadoreak onartzen du zazpi urteko gatazka armatuak erabat suntsitu duela Nigeriako ipar-ekialdeko lurraldea, baina bere ustez aurki ehunka mila herritarrek «etxera» itzultzeko aukera izango dute. Bama hiriko irudiak ikusita, gehiegi esatea dirudi.
«Gerra amaituta dago»
Gauzak ondo doazela adierazteko, Shettimak gogora ekartzen du askoz ere okerrago egon zirela orain hilabete batzuk: «Orain bi urte, Maiduguri Borno estatuko hiriburua Boko Haramen mendean erortzeko arrisku bizian zegoen; ordurako talde jihadistak Bornok dituen 27 udalerrietako 20 hartuak zituen. Ez zegoen Maiduguritik urrutira joaterik, hamabost kilometro eginda Boko Haramekoen lurraldean baitzinen. Orain talde armatuari egurra eman diogu eta gure komunitateetatik bidali egin ditugu. Dagoeneko ez dira lurralde bat mendean edukitzeko gauza. Horregatik hasi ziren eraso suizidak egiten. Indar handia dutela aditzera eman nahi badute ere, eraso horiek beraien ahultasunaren seinale dira, ez indarrarena. Ez dut ukatzen jihadistak oraindik herrialdean dabiltzanik, Sambisako basoan gordeta dabiltzala, baina beraien aurkako operazio militar bat abian jarrita dugu. Txad lakuaren inguruetan ere harrapatu izan ditugu jihadistak. Nik esango nuke gerra jada amaituta dagoela».
Bamara joanez gero, ordea, gerraren ondorioak hor jarraitzen dutela ikusiko dugu. Boko Haramek gauza guztiak suntsitu zituen. Nigeriako Armadak iazko martxoan bere erasoaldia egin zuenean ihes egin zuten jihadista beltzek. Soldaduek gorpuzkinez beteta aurkitu zituzten bertako kaleak. Mallam Mustapha irakasleak errautsak baino ez zituen aurkitu lehen aldiz itzuli zenean. Orain hondakin bihurtutako bere etxea auzo lasai batean zegoen. Gogoan du bere zazpi seme-alabek patioan eragiten zuten zalaparta alaia.

Meskita ere, suntsituta
Meskita zegoen lekuan dauden hondakinak ikusita ezin asmatu tenplu bat zenik, goiko aldean izarra eta ilargia dituen minaretearengatik izango ez balitz. Teilatuak su hartu zuen eta belztutako paretetan bala zuloak ikusten dira oraindik.
Erietxe nagusia ere hondakin bihurtuta dago. Gaur egun haur parke bihurtu dute ospitalea, hiriaren kanpoko aldean bizi diren 10.000 lagun ingururen seme-alabek. Bertan eraikitako kanpaleku batean bizi dira oraingoz. Beste asko urrutirago joan ziren, 70 kilometrora dagoen Maiduguri hiriburura, eskualdeko beste milioi bat lagun inguru bezalaxe.
2014ko irailaren 1ean bereganatu zuten Bama hiria jihadista beltzek. Garai hartan kalifa herri bat eraiki nahi zuten indarrak oso indartsu zeuden, beren momenturik onenean: hilabete gutxi batzuetan bereganatu zuten Belgikaren azalera duen eremua, Nigeriako Armada ihes egitera behartuz.
Hurrengo zazpi hilabeteetan infernu bilakatu zen hiria. Ali Mbusube ikasle ohia ihes egindakoen kanpalekuko arduradunetako bat da egun. Ez du inoiz ahaztuko bizi behar izan duen egunik txarrena: «Hemezortzi urtetik gorako gizonezko guztiak hiriko espetxean sartu eta bertan exekutatu zituzten».
Gosea eta egarria
Garai hartan gosea pasatzea tokatu zitzaien, «jateko ez baikeneukan ezer, ez zegoen ez eskolarik ez erietxerik, eta, jakiren bat lapurtzen harrapatuz gero, besoa mozten zizuten».
Borno estatuan Boko Haramek eragindako txikizioak beldurra eragiten du. Jihadistek gehien kaltetutako estatua da. Munduko Bankuak iazko martxoan ezagutzera eman zuen ikerketa baten arabera, 5.900 milioi dolarreko kalte ekonomikoak eragin zituzten. Milioi bat etxebizitza suntsitu zituzten, estatu osoan zeudenen %30. 500 haur eskolatik gora, 40 ikastetxe eta 200en bat erietxe, klinika eta kontsultategirekin ere gauza bera gertatu zen. Ur eta argindar hornikuntza, berriz, kaltetuegiak daude kalkuluak egin ahal izateko, Shettima gobernadoreak berak emandako datuen arabera.
Bama eta Konduga hiriak berreraikitzeko lanak orain hiru hilabete hasi ziren baina denbora asko beharko da leku horiek gizakiak ondo bizitzeko moduan jartzeko. «Gauza asko dago egiteko oraindik eta komunitate guztietatik deika dauzkagu laguntzera joan gaitezen», onartzen du Shettimak.
Hala ere, oso helburu anbiziosoak ditu gobernadoreak, beren etxeetatik ihes egindako herritar gehienak beren herrietara maiatzerako eraman ahal izatea espero duelako.

Soldaduen beldurra
Baina Bama hirian bertan segurtasun eza sekulako arazo da oraindik. Armaz josita dauden nigeriar soldaduek patruilatzen dute hiria, bidegurutze nagusiak babestu nahian.
Hormigoizko bloke handiak eta hondar zakuak erabiltzen dituzte militarrek beren posizioak babesteko.
Boko Haram talde armatu indartsu moduan desagertu egin da, baina bere borrokalariek Sambisako basoan ezkutatuta jarraitzen dute, Bamatik 30 kilometro eskasera. Bertatik tarteka hirira joaten dira elikagaiak eta tresneria lapurtzera.
Jihadisten erasoaldiak saihestu nahian, soldaduek txapa ondulatuak jarri dituzte kanpoko auzoetako bideetan, erasotzaileak gauez iristen direnean txapa horiek zapaldu eta militarrak ohartarazteko, soldadu batek esplikatu duenez.
Bisitari, susmagarri
Armadak dozenaka kanpaleku babesten ditu, iheslari horiek Boko Harameko eraso suiziden jomuga askotan izan baitira. Iritsi berri guztiak susmagarriak dira kanpalekuetan, Boko Haramek bidalitako jihadistak izan daitezke-eta.
70 urte dituen Mohamed Mustapha 28 egunez eduki zuten espetxean, agintariek bere auzotarren artean ikerketa egin eta bertakoa zela baieztatu ahal izan zuten arte. «Gazteen eskuei ere erreparatzen diete soldaduek, Kalashnikov fusila erabili ondoren marka ikusgarriak geratzen baitzaizkie», azaldu du Mustaphak.
Gosea da Nigeriako ipar-mendebaldeko herritarrek aurrean duten arazo larrienetako bat, larriena ez bada, eta jihadisten jarduera armatua egoera hori eragin duten faktoreetako bat baino ez da. Beste faktore garrantzitsuak dira 2016ko udan izandako lehorte izugarria (nekazariek uztak galdu egin zituzten) eta herrialde osoak jasan duen finantza krisia.

Gosea nonahi
Nazio Batuen agentzietako adituek egin dituzten kalkuluen arabera, aurten 2.000 pertsona inguru hilko ziren gosearen eraginez Borno estatuan eta une honetan 75.000 ume daude desnutrizio larria jasan beharrean, hau da, datozen hilabeteetan hiltzeko arriskuan.
Nazio Batuek laguntza eskatu diote nazioarteko komunitateari goseteari aurre egin ahal izateko. Esplikatu dute Bornon iaz 55.000 lagun izan baziren nahikoa jaterik izan ez zutenak, aurten arazoa larriagotu egingo dela eta uztailetik aurrera kopuru hori bikoiztu egingo dela, 115.000 lagunera iristeko. Orain aste batzuk plazaratu zuten agiri batek dioenez, Borno estatuko zenbait eskualdetan egoerak ez du hobera egingo hasi berria dugun 2017an, batez ere leku helezinenetan. Bama eta Banki hiriak iaz apirilean eta abuztuan bisitatu ondoren egin zuten aipatu txostena.
«Egia da erronka humanitario itzelak ditugula, baina oso zaila izango da niri sinistaraztea gosez hiltzen ari diren 100.000 pertsona inguru ditugula», esan zion AFPko Celia Lebur kazetariari Kashim Shettima gobernadoreak. «Eskertzen diegu Nazio Batuen Erakundeari eta nazioarteko komunitateari erronka horiei aurre egiteko ematen diguten laguntza, baina Nigeriako Gobernuak ere gure herriak dituen arazoak konpontzeko erabakia hartua du».
Shettimak nabarmentzen du Maiduguri hiriburuak dituen arazoak. Izan ere, estatuko hiri nagusiak milioi bat iheslari hartzen ditu gaur egun, nahiz eta oso baliabide gutxi eduki. Ura falta zaie, horrenbeste laguni emateko. Gainera, saneamendu egokirik ez dute. Ezta osasun etxerik ere. Eta tripa betetzea sekulako arazo izaten da kasu askotan.
Horregatik nahi du Shettimak hiriko kanpaleku guztiak maiatzerako itxi eta bertako egoera zertxobait hobetzea: «Kanpalekuek arazo ugari eragiten dituzte: umeen ezkontzak, prostituzioa, legez kontrako drogak, gaztetxoek sortutako gaizkile kuadrillak... Beste Calais bat izan nahi ez badugu, bertatik joan nahi dutenei lagundu egin behar diegu. Horregatik ari gara Baman eta Gwozan lanean».
Jihadistek kanpamentu nagusia galdu dutela dio Buhariren Gobernuak
Nigeriako Gobernuak abenduaren 24an argitara eman zuen agiri baten arabera, Boko Haramek Sambisako basoan zuen kanpamentu nagusia galdu egin du, Armadak egin dituen erasoaldien eraginez. Hiru egun lehenago Armadak berak jakinarazi zuen jihadistek mendean zituzten ia 2.000 zibil askatu zituztela, 500en bat jihadista atxilotzeaz gain.
Edonola ere, Boko Haramekoen erasoak ez dira amaitu. Hori bai, «arrainaren hil aurreko buztankadak» baino ez dira, Nigeriako agintariek esan dutenez. Horrela abenduaren 31n Nigerreko Armadari egin zieten eraso jihadistek, eta egunotan Kamerunera ere iritsi dira beraien kolpeak.
Abubakar Shekau Boko Harameko buruak bideo bat plazaratu zuen abenduaren 30ean, Sambisatik ez dituztela bidali esanez. “Vanguard” egunkariak eskainitako informazioaren arabera, Nigeriako agintariek askotan hiltzat eman duten gizonak 25 minutuko lana grabatu du, Muhammadu Buhari Nigeriako presidenteari «herritarrei gezurrik ez esateko» esanez. «Gerra oraindik ez da amaitu», dio jihadista beltzen buruak. Bere borrokalariei eskatzen die jarraitzeko «fedegabekoak akabatzen». «Gure helburua kalifa herri islamikoa sortzea da. Gu ez gara Nigeriako zati bat». Boko Haramek dagoeneko 20.000 hildako eta milioi eta erdi iheslari eragin ditu.
