Amagoia Mujika Telleria
{ hezkuntza }

Pertsona onak eta herritar onak hezi

Haurra ondo al dago? Eskolak baliabideak guztientzat eta modu justuan banatzen al ditu? Curriculuma egokia al da? Baliabide nahiko eskaintzen al zaio eskolari? Zer-nolako prestigioa dauka irakasleak? Galdera horietatik egin daiteke hezkuntza sistemaren erradiografia. Leo Pahkinek berea jarri du mahai gainean, Finlandiakoa.

Askotan jartzen gara Finlandiako hezkuntza sistemari begira miresmen puntu batekin. Izan ere, datuak nabarmenak dira: herritarren hezkuntza-maila eta eskolatze-tasa altua da; helduen herenak unibertsitate maila gainditu du –Europako tasarik altuena–; ikasturtea errepikatzen duten ikasleen tasa %2koa da –Europako baxuena–; ikasle ia guztiek amaitzen dute Oinarrizko Hezkuntza; eskola porrota %0,3koa da eta Oinarrizko Hezkuntza amaitutakoan, %96k segitzen du ikasten. PISAko datuak ere puntakoak dira.

Finlandian dauden 2.800 eskoletatik 50 bakarrik dira pribatuak, komunitate erlijiosoekin edo pedagogia-eredu zehatzekin lotuta daudenak. Baina proiektua aurkeztu eta onartzen bazaie, eskola publikoen antzeko baldintzak lor ditzakete. Heziketa doakoa da; eskola, eskolako materiala, jangela eta garraioa doakoak dira. Hala ere, Finlandian ikasle bakoitzeko gastatzen den diru kopurua Europako beste herrialde batzuetan baino baxuagoa da.

Leo Pahkin, Donostian

Hik Hasik gonbidatuta, berriki Leo Pahkin, Finlandiako Hezkuntza Nazionaleko Aholkularia, Donostian izan da. “Zer eratako harremanak eta nola sustatzen dira Finlandiako Hezkuntza Sisteman?” galderari erantzun zion Pahkinek, bidean egungo jendartearen aje eta zulo zenbait bistan utziz.

Agertu zuenez, egun ezagutzen dugun Finlandiako hezkuntza-ereduak 60 bat urte ditu. 1950eko hamarkadan sortu ziren lehen herri eskolak. Garai batean 5.000 eskola izatera iritsi zen Finlandia. Egun, baina, 2.800 eskola daude. Izan ere, azken hamarkadetan jende asko joan da landa eremu txikietatik hiri handietara bizitzera eta eskola txiki asko desagertu egin dira. Hiru oinarri nagusiren gainean eraiki ziren lehen eskola haiek eta zutabe berdinen gainean segitzen dute lanean: eskolak eduki eta ezagutza akademikoak eskaini behar ditu; eskulanak eta bestelako sorkuntza-lanak egiteko tokia izan behar du eta pertsona osoak hezi behar ditu.

Pahkinen hitzetan, «toki guztietan antzeko umeak hazten ditugu eta pertsona guztiak gara gai hezkuntza harreman horietan emaitza onak lortzeko». Horretarako, baina, norabide egokian lan egin behar da, eta norabide horri buruzko pista batzuk eskaini zituen.

Finlandiako Konstituzioan jasota dagoenez, eskolak denontzat eta doakoa izan behar du. Horrez gain, hezkuntzari bi helburu ezartzen dizkio: lehenik, pertsona onak heztea, eta, bigarrenik, herritar onak heztea.

Nahitaezkoa da haurrak zazpi urte betetzen dituenean ikasten hastea. Eskolatzea ez da derrigorrezkoa, hezkuntza jasotzea baizik. Alegia, etxean ere jaso dezakete hezkuntza, baina gaur egun gutxi dira aukera hori egiten dutenak. Oinarrizko Heziketa bederatzi urtekoa da. Hortik aurrera, ikasleek Lanbide Heziketara edo hemengo Batxilergoaren parekora jo dezakete. Bien arteko uztarketa modukoa ere egin daiteke eta ibilbidea toki batean hasi eta beste batean segitzeko aukera ere badago.

«Sistemak malgutasuna edukitzea oso garrantzitsua da, gizaki bakoitzak gure martxa propioa dugulako. Horregatik ezinbestekoak dira malgutasuna eta aurrean ibilbide ugariren aukera izatea», nabarmendu zuen Leo Pahkinek.

Finlandian oso serio hartzen dute hezkuntza. Aipatu bezala, Europa mailan ez da ikasle bakoitzeko diru gehien inbertitzen duen herrialdea. Aldiz, gehiago inbertitzen dutenak baino emaitza hobeak lortzen ditu. «Gakoa ez da zenbat inbertitu, nola inbertitu baizik».

Inbertsio hori ahotan hartuta, Finlandiako hezkuntza arduradunak grafiko bat agertu zuen eta ondorio bat jarri mahai gainean: «garrantzitsua da non inbertitu nahi dugun ondo pentsatzea. Lan nagusia non egin nahi dugun erabakitzea. Frogatuta dago haur hezkuntzan inbertitzen den euro bakoitzeko bueltan askoz gehiago eskuratzen dela. Aldiz, adinean aurrera joan ahala, etekin hori murrizten joaten da. Jendartean benetako aldaketak ikusi nahi baditugu, oso garrantzitsua da lehen unetik hastea, haurrak txikiak direnean hastea. Horretarako, baina, etorkizun-sena eduki behar da; zer lortu nahi dugun eta nolako jendartea eraiki nahi dugun garbi izan behar da, eta hori lantzen hasi haur hezkuntzatik bertatik. Jendarteko aldaketak ez dira egun batetik bestera lortzen, inbertsioa eta denbora behar dute. Giza harremanak nola lantzen ditugun aztertzerakoan, ikuskera oso zabala izan behar dugu, epe luzeko ikuskera».

Pertsona onak eta herritar onak

Finlandiako eskolak, beraz, pertsona onak eta herritar onak heztea du erronka nagusi. Eta proiektu horrek bi hartzaile edo merkatu mota nagusi ditu: eskola bera eta lan mundua.

«Guztiok espektatiba propioak ditugu eskolarekiko; norberaren ikasgaiak ikastea, jendartean posizio ona lortzea, soldata ona lortzea, hizkuntza berriak ikastea... Eskolak aukerak eman behar ditu, ikasleak nahi duen horretan prestatzeko eta trebatzeko aukerak. Hori litzateke eskola merkatua. Baina lan merkatuak ere bere erronkak jartzen dizkio eskolari, bere espektatiba propioak dauzka eskolari begira. Errealitatea etengabe aldatzen da, lanbideak etengabe aldatzen dira, batzuk desagertu egiten dira eta beste batzuk sortu. Eskolarentzat erronka handia da hori guztia. Une honetan, gainera, aldaketa handiak gertatzen ari dira. Duela 15-20 urteko egoerarekin alderatuta, aldaketak etengabeak, sakonagoak eta azkarragoak dira eta haurrek presio handiagoa daukate. Horregatik, Finlandian konturatuta gaude eskola bera aldatu egin behar dela».

Gauzak egiteko modua aldatzen ari da, «egun erronka handienak talde-lanean eta sarean egiten baitira». Jakintza aldatu egin da, «orain ez da derrigorrezkoa norberak dena jakitea, talde-lanean eta sarean aritzean garrantzitsuena da nork dakien jakitea». Eta izatea bera aldatzen ari da, «gero eta zailagoa da izatea bera».

Aldaketa sakonak dira eta eskolak ezin die bizkarra eman. «Aldaketa horiek talde-lan gehiago, interakzio gehiago eta saretze handiagoa dakarte ikasleen artean, eta, ondorioz, pertsonen arteko harremanak erdi-erdian kokatzen ditu. Horrez gain, eskola bera aldatzen ari da, orain ikaskuntza komunitatea dela esaten da. Horrek zer esan nahi du? Saiatu egin gaitezkeela, hanka sartu, berriro saiatu, besteengandik ikasi... eta bada beste puntu oso garrantzitsu bat: eskolatik kanpo asko ikasten da, eskolan adina gutxienez».

Leo Pahkinen esanetan, aldaketa horiek guztiek eskola arrastaka daramate derrigor beste toki batera. Orain arte hain funtsezkoak izan diren ikasgaien egitekoa bera aldatu egin da. «Lehen ardatza ikasgaiak ziren. Orain, aldiz, pertsona bezala eta herritar bezala heztea da ardatza».

Bi helburu horiei begira, zazpi konpetentzia ekarri dituzte Finlandian hezkuntzaren erdigunera. Alor guztietan eta adin guztietan lantzen dira, etapa bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta.

Norberaren zaintza eta bestearen zaintza da lehen konpetentzia. «Harremanak, elikadura ohiturak, lotarako eta atsedenerako ohiturak, arriskua non dagoen eta noraino arriska gaitezen neurtzen ikastea... ».

Kultura konpetentziak barneratzea da beste helburuetako bat, horien bitartez bestea ulertzea samurragoa delako eta enpatia lantzen delako.

Finlandian garrantzia handia ematen diote alfabetatze anitzari. «Dagoeneko ez da nahikoa testu bat idazten eta irakurtzen jakitea. Irudiak, bideoak, naturako elementuak... ikuskerak askoz zabalagoa izan behar du».

Informazioaren munduan harremanetarako eta jolaserako eremu berriak ireki dira. Horietan errespetuzko harremanak eta heziera ona bultzatzea ezinbestekoa da. «Izan ere, nola adierazten ditugu emozioak gizarte sareetan? Testua oso tresna indartsua da. Norbait mindu edo gozatu dezakezu testuaren bitartez, esaera batek dioen moduan, ‘boligrafoa ezpata baino zorrotzagoa’ izan daitekeelako. Eta testuaz gain, emotikonoak jartzen ditugu. Horiek erabiltzen ere ikasi egin behar da, arazoak sor daitezkeelako».

Gizarteko bizitzan parte hartzen erakusten duen konpetentzia ere landu behar da, demokrazia eta askatasuna oinarri.

Lan munduarekin lotura izatea ere ezinbesteko jotzen dute. «Batzuetan lan munduan behar diren konpetentziak ez dira eskolan irakasten. Adibidez, lan munduan oso garrantzitsua da ordutegia betetzea eta gauzak kontuz egitea. Horietarako prestatu behar dira ikasleak, lan munduan hasten direnean ezusteko desatseginik izan ez dezaten».

Eta azkenik –eta behin eta berriz agertzen den gaia da– elkarlanean lan egiten ikastea da erronkarik zailena. «Nola ikas dezaket nik egoki? Gaur egun ez da nahikoa norberak jakitea, besteekin elkarbanatzen ere ikasi behar da».

«Oso garrantzitsua da konpetentzia horiek lehen urteetan bertan garatzen hastea, txiki-txikitatik. Gero, urtez urte, konpetentzia horietan sakontzen joaten gara. Alde horretatik aztertzen dugu eskola etapa bakoitzean zer egingo dugun. Curriculum berriaren oinarrian daude konpetentzia horiek eta eskola guztiek oinarri hori erabiltzen dute. Hortik aurrera, eskola bakoitzak proiektu propioa dauka».

Norbera eta besteak

Pahkinen esanean, oso garrantzitsua da haurrak txikitatik bere gauzez arduratzen ikas dezan. «Norberak bere gauzez arduratu behar du eta baita besteen gauza batzuez ere. Haurrak bere emozioak adierazten ikasi behar du eta, era berean, besteen emozioak ulertzen. Zaintza partekatuaren edo kolektiboaren ideia oso garrantzitsua da; norbera zaindu eta besteak zaindu, eta, era berean, besteek zaindua izan».

Norberaren buruari buruz iritzi baikorra izatea «ezinbestekoa» da finlandiarraren ustez. «Oso garrantzitsua da norberaren buruaz iritzi ona izatea eta denboran zehar hori mantentzea. Duela urte batzuk egindako galdeketa batean konturatu ginen bederatzigarren maila bukatu eta gero ikasle askok ez dakiela esaten zein den beren indargunea, zertan diren abilak. Garrantzitsua da txikitatik haurraren puntu indartsuak detektatzea, horiek ikusaraztea eta denboran zehar mantentzea. Eta badakit irakasleentzat askotan ez dela erraza izaten, akatsak eta gaizki egindakoak nabarmentzera ohituta daudelako».

Indar baikorra. Hori da, Pahkinen ustez, hezkuntzaren motorretako bat, norberak bere indarguneak identifikatzen dituenean parekoarenak ere errazago antzematen baititu. «Ikasleei indar positiboa eman behar zaie etengabe. Indar horrek ikaskuntza hobetzen du. Horren bidez haurrek besteei indar positiboa ematen ikasten dute, besteei buruz ondo hitz egiten, haien indarguneak baloratzen...».

Arazoak edo zailtasunak dituzte ikasleen kasuan, funtsezkoa da horiek garaiz detektatzea eta aurre egiteko lanean hastea. «Inor atzean ez geratzea da helburua. Arazoak dituzten ikasleen kasuan, ezinbestekoa da babes edo laguntza osagarriak ematea. Hain gutxi gara, gure populazioa hain txikia da, ez dugula aukerarik inor bidean galtzeko».

Behin honetara iritsita, zailtasunak dituzten ikasleekin «motibazioa eta interesa piztea» ezinbesteko jo zuen Pahkinek, eta, horretarako, jolasak eskaintzen dituen aukerak nabarmendu zituen. «Asko ikasten da jolasten eta besteekin gozatzen. Jolasak oso tresna onak dira trebetasun sozialak eskuratzeko».

Ardura hartzea, erantzukizuna hartzea eta autonomia lantzea oinarrizko ikasgaiak dira. «Lehen Hezkuntzako lehen eta bigarren mailan aldaketa handiak gertatzen dira. Gero eta ardura eta erantzukizun gehiago hartzen du haurrak. Jauzia ematen du autonomiaren bidean. Ordura arte gurasoek eramaten dituzte eskolara eta haiek joaten zaizkie bila. Baina, maila horretatik aurrera, beraiek bakarrik hasten dira eskolara joaten eta etxera bueltatzen. Gainera, batzuetan, etxean bakarrik egoten dira gurasoen zain. Sekulako aldaketa da, izugarri garrantzitsua, ardura eta erantzukizun handia hartzen dutelako beren gain».

Konfiantza eta zintzotasuna

«Garaiz iritsiko al naiz eskolara? Motxila hartu al dut? Bizikleta hartzen badut, gogoratuko al naiz kaskoa hartzen? Eskolako bidean gauza interesgarri asko daude... jakingo al dut horiei izkin egiten eta eskolara garaiz iristen?». Haurrak egoera berri asko kudeatzen ikasi behar du zalantzarik gabe. Norbere emozioak identifikatzen ikastea eta horiek kudeatzen asmatzea beste ikasketa garrantzitsu bat izaten da haurrarentzat. Eta, noski, emozio horiek taldean maneiatzen ere ikasi behar du.

«Jokoak eta jolasak oso garrantzitsuak dira, arauak barneratzen laguntzen dutelako. Elkarrekin arauak finkatu behar ditugu eta denok hartzen dugu horiek betetzeko konpromisoa. Konfiantza oso garrantzitsua da. Hartara, konfiantza daukagu guk bezala, taldean jarritako arauak besteek ere bete egingo dituztela».

Konfiantzarekin batera zintzotasuna eta borondate ona dira, Leo Pahkinen ustean, harreman osasuntsuak sortzeko gakoak. «Gerta daitezke arazoak eta gertatuko dira, konpetentzia sozialak eta emozionalak gatazka egoeretan ere lantzen direlako. Baina horiek gertatzen direnean konfiantzaz, zintzotasunez eta borondate onez konpontzea da gakoa».

Norberak bere mugak jartzea ere garrantzitsua da, «ez da derrigorrezkoa den-dena eta edozein lekutan partekatzea. Norberaren intimitatea babesteko mugak beharrezkoak dira».

Finlandiako Hezkuntza Nazionaleko aholkulariak ondorio zenbait atera zituen mahai gainera bere hitzaldiaren amaieran. «Pertsona guztiok behar dugu guregan konfiantza izango duen pertsona bat, gutxienez bat. Izan gurasoa, irakaslea, kirol begiralea, aisialdiko hezitzailea.... Bestetik, denok behar dugu talde bateko kide garela sentitzea. Horregatik, ardura handiz zaindu behar dugu inor ez dadila taldetik kanpo geratu. Hirugarrena, zenbat eta lehenago inbertitu hezkuntzan, orduan eta emaitza hobeak izango ditugu. Eta, azkenik, nabarmendu behar da hala ere inoiz ez dela berandu, beti gaudela hezkuntzan inbertitzeko garaiz. Eta beti merezi du saiatzea, beti».

Bide onetik al goaz?

Mundu osoko eskola sistemak aztertzen ari den ikerketa batek sei galdera pausatu ditu, munduan hezkuntza sistema ona daukaten herrialdeen ezaugarrietatik abiatutako sei galdera: Haurra ondo al dago? Eskolak baliabideak guztientzat eta modu justuan banatzen al ditu? Curriculuma egokia al da jendartearentzat eta ikasleentzat? Baliabide nahikoak eskaintzen al dizkiogu irakaskuntzari? Nolakoa da irakaslearen prestigioa jendartean? Eskola berriak proiektatzen direnean, teknikariez eta arkitektoez gain, eskola komunitate osoak parte hartzen al du?

Gurean hezkuntza komunitatea borrokan dagoen honetan, baliagarriak izan daitezke galdera hauek. Erantzunek marrazten duten hezkuntza sistema ote da amesten duguna?