Nerea Ibarzabal

Hormak

Adreiluak, harriak, zementua, hormigoia, babesa, banaketa, isolamendua… Badakigu horma batek zenbat gauza sinboliza ditzakeen. Grafitien eta kartelen euskarri ere badira, eta horregatik askok esaten dute hormek oihukatzen dutela jendeak isildutakoa; gizarteak edo hormak berak ezkutatutakoa bistaratzen duela kaleko arteak. Baina, beti bistaratu? Koaderno zuri hau oporretako koaderno bilakatzen uzten badidazue, kontatuko dizuet nola harritu zaitzaketen horma batek.

Hanburgo (Alemania) bisitatu dugu abuztuan, G20-aren bisitaren osteko barealdi arraroan. Portu erraldoia, garabiak, kanalak, St. Pauli, zeru gris iraunkorra –baita postaletako argazkietan ere–, dekadentzia eta kaos puntu bat. Ia kasualitatez aurkitu genuen Sternschanze auzoa –“izarretara tranpolina” itzuliko litzateke alemanetik, metafora posible guztiak eginak izango dira jada–. Gentrifikazio sonatuaren beste adibideetako bat da, beti klaserik pobreenen auzoa izatetik, moda-modako izatera pasatu dena bat-batean. Auzotarrek izaerari eusten diote, ordea, ezkerreko hainbat mugimendu oso aktibo baitaude bertan –gehiago jakin nahi duenak, Rote Flora antzoki okupatuari buruzko informazioa bila dezake–.

Sternschanze osoa pegatinaz, grafitiz eta kartelez josita dago. “Ez dago pertsona ilegalik”. Bertako mutil batek kaleko arteari buruzko ibilaldi txiki bat eskaini zigun. Pintadak egiteak oso isun garestiak dakartza Hanburgon, 300 euro irudiak okupatzen duen esku bakoitzeko. Horregatik, hainbat artistak etxean egiten dituzte irudiak, paper edo gomaespuma estiloko materialen gainean, eta gero hormetan itsatsi, hori 15 eurorekin zigortzen baita. “Ez lapurtu kaleko artea, kaka da”.

Sokrates buruz behera, LSDaren eraginpean sortutako irudiak, Ingalaterrako erregina instrumentu musikalak jotzen… eta tartean, aurpegitxo irribarretsuak nonahi. Horrela ezagutu genuen, esaterako, Oz. Gizon hau Alemania hegoaldetik igo zen Hanburgora, eta bertako biztanleak hain iruditu zitzaizkion tristeak eta serioak –bere ustez, benetako arrazoirik gabe–, non hiri osoa aurpegi irribarretsuz betetzea erabaki baitzuen. Bi puntu eta marra kurbatu bat marrazten zituen egunero edozein txokotan. Eta irudiak normalean hiru eskuren zabalera hartzen zuenez, 900 euroko isuna ezartzen zioten aurpegi bakoitzagatik. Oz etxegabea izaki, kartzelara sartzen zuten marrazten harrapatzen zuten aldiro. Berak, hala ere, aske geratu orduko jarraitzen zuen hormak betetzen, esku batean espraia eta bestean makulua. Tren batek harrapatuta hil zen 60 urterekin, tunel batean marrazten ari zela. Auzotarrek, omenaldi gisa, aurpegitxo horiek marrazten jarraitu zuten gerora ere, baina malko txiki bat gehituta.

Horrelako istorio xamurrak, jolasak, asmakizunak, galderak… dena kabitzen da paretetan. Sternschanzeko haur-eskolako irakasleek ere umeen marrazkiak itsasten dituzte kalean, artea eremu pribatutik publikora igarotzeko. “Feministak G20aren kontra”. Eta honaino dena ondo, dena bistaratu, dena kanpora. Hormak munduko kausa guztien aldeko manifestazio bateko pankarta bilakatzen dira. “Ongi etorri errefuxiatuak”. “Elkarrekin suntsituko dugu kapitalismo patriarkala”.

Baina koloreek atzeko pareta ezkutatzeko ere balio dute, eta kapitalak leku guztietan egon nahi du, zure ideia alternatiboak patrozinatzen ere bai. Sternschanzera ere luzatu dituzte tentakuluak multinazionalek, tartean Carhartt arropa kateak. Auzotarrek haserre hartu zuten denda berria, eta pintura poteak hustu zituzten bere erakusleihoan. Zer egin zuten jabeek orduan? Beste negozio handi askok egindako gauza bera, antza: inguruarekin mimetizatu. Artista batzuk kontratatu zituzten fatxadan mural koloretsu bat egiteko, inork ez dezan diferentziarik sumatu ingurura begiratuta, eta auzokoak ez daitezen ausartu beste baten artelanaren gainean margotzera. Eta funtzionatu du. Arreta piztu zidan. Esplotazioa eta gutxi batzuen aberastasuna ezkutatzen duten Troiako zaldiak daude beraiekin kritikoenak diren lekuetan ere, ongi etorriak ez diren jakitun, mozorro baten beharrean. Horregatik, ondo erreparatu behar zaie hormetako margoei, eta saiatu asmatzen ea isildutakoak oihukatzen ari diren, edo oihuak isilarazten. •