Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Libre

Zortzi egun. Zortzi egun mundutik kanpo bizitzeko, ihes egiteko, aspaldi izan zinen hori izateko, burua galtzeko, ordulariak askatzeko; zortzi egun alkoholezko, zortzi egun gaua soilik daukatenak, zortzi egun lanbrozko, zortzi egun lagunezko, zortzi egun begiradazko, zortzi egun. Aste Nagusia iristen denero pentsatzen duzu baietz, aurtengoa izango dela sekula bizi izan duzun onena; eta parranda bakoitza bilakatzen da aurretik egin dituzun parranda guztiekin lehiatzeko modu bat. Eta egonezinez joango zara Flamenkara; bultzaka iritsiko zara barrara eta lehendabiziko tragoa eskatuko duzu; eta bigarrena, eta hirugarrena. Lagunek eta zuk erabakiko duzue bertan geratzea, besoa barraren gainean jarri eta oinarrizko kanpamentua bertan ezartzea, zuek bezala trago bat eskatzera etorri nahi dutenak ukalondoak zabalduta uxatuz. Borobila osatuko duzue eta gerran bazeundete bezala defendatuko duzue eraikitako espazioaren milimetro karratu bakoitza. Eta elkarri adar joka hasiko zarete, nork hitz egingo lehian; nork ozenago, nork xelebreago, nork sakonago, nork ederrago, nork gordinago nork nork nork; beti nor izan nahian, besteen gainetik geratu nahian.

Zortzi egun baitira, zortzi egun eta zortzi gau, besterik ez. Urteak dira lantokian burua makurtu eta ia hitzik egin gabe aritzen zarena; goizetan iratzargailu hotsa entzun eta ohetik jaikitzea gero eta gehiago kostatzen zaizu. Urteak ohartzerako igaro dira eta, orain, atzera begiratu eta egindakoaz baino gehiago gogoratzen zara egin gabe utzi duzunaz. Lagunak aldatu egin direla esaten duzu: jada ez direla lehengoak. Jada ez dutela egunsentira arteko parrandarik egiten, jada ez dituela militantziak asetzen, jada ez daukatela ilusiorik, ez daukatela alaitasunik, ez daukatela indarrik. Agian zu ere beraiek bezala aldatu zaren arren beraiek dira asetzen ez zaituztenak. Beraiek eta inguratzen zaituen guztia. Gazteagotan ametsak bazenituela esaten diozu zure buruari, baina asko ahaztu egin zaizkizu honezkero eta ahaztu ez zaizkizunek ez dizute azalik lazten. Dena aldatu da, baina gauetan lehengoa zarela esaten diozu zure buruari: lehendabiziko parrandetako lehendabiziko tragoen ilusio eta urduritasun hori berriz sentitu nahi dituzu. Kuadrillako lehenengo gaupasaren debekatuaren sentsazio hori, lehenengo muxuaren bertigoa; mugikorrik ez zen garai urrun haren askatasun sentsazio hori nahi duzu berriz. Lotuta sentitzen duzu zure burua egunerokotasunean: arauek lotuta, ordulariek lotuta, munduak lotuta. Erabakiak ez direla zureak iruditzen zaizu; mundua ari dela zu zer izango zaren erabakitzen, aurrez markatutako bide batean zoazela eta ez daukazula irtenbiderik, preso bizi zarela.

Eta orduan zortzi egun. Zortzi egun lurrunezko, zortzi egun jendezko. Arauak urtu egiten dira abuztuko sargorian eta gaua iristen denean libre sentitzen duzu zure burua jolas egiteko. Libre sentitzen duzu zure burua zure eskua nahi duzunaren gorputzean jartzeko, nahi duzuna isilarazteko, nahi duzunaren gainetik hitz egiteko. Festak ez al dira, bada, horretarako? Mundua erre nahi duzu, lotzen zaituen hori dena desagerrarazi, puskatu, ahaztu. Horregatik trago hau, lagunarteko borobil trinko hau, ahots ozen hauek, barre hanpatuegi hauek. Ez duzulako pentsatu nahi, ez duzulako isildu nahi. Barra ertz honetan, zirkulu honetan zara nor, inon izatekotan. Ondo zaude, ederki zaude, zoriontsu zaude. Ez dezala inork zalantzari izan, ez zaitzala inork zalantzan jarri. Eta tragoari helduta benetan sentitzen dituzun hitzak esango dituzu ikus zaitzaten, entzun zaitzaten. Inoiz barratik urrun dagoen ertz batera joan eta geratu al zara munduari begira, beti nor izatera behartzen zaituzten arauetatik eta konplexuetatik libre? Egizu proba. Ikusezintasuna ere ederra izan daitekeelako, norberak aukeratua baldin bada. •