Nagore Belastegi Martin
infraganti

PANTERES GROGUES

Aniztasun sexuala gizartearen txoko guztietara iristen dela onartuagatik, kirola bezalako esparruetan ez da oraindik ere naturaltasun osoz bizi. Badaude kirol maskulinizatuak eta badaude kirol feminizatuak. Estereotipoek, baina, ez dute beti errealitatearekin bat egiten. Panteres Grogues kirol eta kultur kluba hori aldarrikatzeko sortu zen Bartzelonan.

Panteres Grogues kluba 1994ean sortu zen Bartzelonan, Rudy izeneko mutil baten ekimenez. Bera lagun gay eta lesbianekin hondartzako boleibolean aritzen zen. Mutil homosexualez osatutako Alemaniako boleibol talde batek oparitutako baloi hori batekin jokatzen zuten, eta horrela sortu zitzaien ideia: LGTBI kolektiboko eta haiek babesten dituztenentzako kirol klub bat sortzea. Panteres Grogues jarri zioten izena, alegia, “pantera horiak”. Egun LGTBI+ bezala federatutako Europako lehendabiziko klubetariko bat da. 2018ko hasierako azken zenbaketaren arabera, 1.139 kidek osatzen dute egun kluba, 824 gizonek eta 315 emakumek, dozenaka ekintza eta kirolen artean banatzen direnak.

Klubean, genero eta sexualitate aniztasunaz gain, jatorri askotako pertsonak ere badaude, tartean euskaldunak. Jon Domingez Irungoa da eta 32 urte ditu. Bartzelonara orain dela bi urte heldu zen, «ipurtarin» bat delako eta probatzearren. Bada, egun, klubeko koordinatzaileetako bat da. «Panteres Groguesen helburua errespetu eta askatasun espazio bat sortzea da, non guztiek gustuko duten kirola edo ekintza kulturala praktika dezaketen askatasun osoz, inolako presiorik edo taburik gabe», azaldu du. Bere kasuan, arraunean aritzen da. «Betidanik izan dut arraunagatik jakin mina, txikitatik gustatu izan zaizkit estropadak».

Klubean nahi duenak eman dezake izena. Urteko kuota 40 eurokoa da, gastuak estaltzeko. Izan ere, irabazi asmorik ez dute. Koordinatzaileak zein zuzendaritzako kideak boluntarioak dira. Klubak nahi duena da gizarteari erakustea inor baztertzen ez duen kirol eredu bat posible dela. Kirola homosexualitatea arrunt bilakatzeko tresna gisa erabiltzen du, eta, horretarako, inolako bazterketarik gabeko kirol aktibitateak sustatzen ditu, oinarrian errespetua eta tolerantzia izanik.

«Kirola ikusezintasun, tabu eta beldurrez beteriko arloa da. Ia ez da kirolari profesional homosexualik ezagutzen. Askok babesleak galtzeko beldurra dute. Horregatik, armairutik ateratzera ausartzen direnak kirola utzita dutenean edo uzteko zorian daudenean egiten dute, eta orduan jada ez dute halako ikusgarritasunik. Gainera, hipotetikoki kirolari bat homosexuala dela iradokitzen denean, mespretxuz egiten da, eta horrek ez dio kirolari soilik eragiten. Izan ere, haur eta gazteek kirolean homosexualik egon ezin den ideia jasotzen dute, eta, egotekotan, txantxetarako arrazoi dela, eta, hortaz, ezkutatu beharreko zerbait», nabarmendu du irundarrak.

Horregatik uste dute garrantzitsua dela erakustea kirolak eta sexualitateak ez inolako zerikusirik elkarren artean, sexualitateak ez diola eragiten errendimenduari. «Gizarteari erakutsi behar zaio futbolean aritzen diren gizon gayak eta igeriketa sinkronizatua egiten duten heteroak badaudela; emakume heteroek errugbian jokatzen dutela, eta lesbianek ere saltsa dantzatzen dutela».

Diziplina ugari

Klubaren baitan 24 kirol eta kultura diziplina desberdin daude: saskibaloia, txirrindularitza, dantza, abesbatza, crossfita, eskia, futbola, igeriketa, igeriketa sinkronizatua, padela, pilatesa, ping-ponga, arrauna, errugbia, korrika, salsa, xendazaletasuna, squasha, tai txia eta meditazioa, antzerkia, tenisa, pistako boleibola, hondartzako boleibola eta yoga.

Domingez koordinatzailea izateaz gain, arraun taldeko kidea ere bada. «Taldeko kirol bat egiteko gogoa nuen eta aire librean egin ahal izatearen ideiak erakarri ninduen», azaldu du. «Oso giro ona dugu. Bakoitzak bere motibazioak eta erronkak ditu, baina desberdintasun horiek ez gaituzte banatzen», nabarmendu du.

Era berean, Domingezek azpimarratu du gainontzeko arraun taldeekin ez dutela inolako arazo homofoborik izan. «Estropadetan parte hartzen dugunean gainontzeko taldeek errespetu eta maitasun handiz tratatzen gaituzte». Tamalez, ez da klubeko talde guztiekin berdina gertatzen: gizonezkoen futbol taldeak irain larriak jaso izan ditu. Pentsa, talde bat Ligatik ere kanporatu zuten Panteres Grogues klubeko taldearekin izandako jarreragatik.

Arraun taldea mistoa da, gizonek eta emakumeek osatutakoa, homosexualak zein heterosexualak. Arraun taldearen baitan traineru desberdinak dituzte, eta horietako batean aritzen da Beñat Olea 30 urteko legazpiarra. Bere kasuan, euren taldetxoan denak dira gizon homosexualak, baita entrenatzailea bera ere.

Olea ilustratzailea da, eta, Bilbon urte batzuk eman ostean, Bartzelonara jo zuen duela bi urte lan aukera gehiago topatuko zituelakoan. Eta hala izan da. Bertan lan egonkor bat topatu du, baina baita lagun kuadrilla aparta ere: arrauneko lagunak. «Denbora luzea neraman kirol berri bat probatzeko gogoz. Bartzelonara iritsi berri nintzela, lagun batek Panteres Groguesi buruz hitz egin zidan eta jende berria ezagutzeko aukera eder bat izan zitekeela iruditu zitzaidan. Klubean arraunketa taldea sortzear zegoen momentu horretan eta denok zerotik hastea are interesgarriago iruditu zitzaidan jada sortuta zegoen talde batean sartzea baino», kontatu du.

Taldeko giroa «ezin hobea» dela ziurtatu du Oleak. Taldea sortu zenean 11 lagun bildu ziren, eta gaur egun dagoeneko 50 baino gehiago dira arraunlariak. «Oso izaera eta kultura ezberdinetako jendea kirol baten inguruan elkarlanean ikusteak poza ematen dit!», azpimarratu du legazpiarrak.

Klubaren filosofiari jarraituz, arraunlariak beraiek arduratzen dira antolakuntzaz. «Bakoitza hobekien egiten dakien hori eskaintzen saiatzen da: diruzaintzan, komunikazioan, sare sozialen kudeaketan... Ni neu janzkeren diseinuaz arduratu nintzen», gaineratu du. 

Kirolari bakoitzak interes desberdinak ditu arraunean jarrita. Hala, batzuk jendea ezagutu eta egunerokotasunetik irteteko joaten badira ere, aisialdi huts gisa, beste batzuek lehiaketetan parte hartzeko intentzioa dute. «Gure lehendabiziko pausoak beste arraun talde bati atxikita eman genituen. Taldea handitzen hasi zenean, baina, gure kasa aritzea erabaki genuen eta ordutik bi arraunketa motetan espezializatu gara: euskal traineruekin pareka daitekeen llagut katalana eta aulki mugikorra», azaldu du.

Llagut katalanean lemazaina eta zortzi arraunlari sartzen dira, launa alde bakoitzean. Jarlekua finkoa da, eta, beraz, indarra enborrarekin egiten da, abdominalak sendotuz. «Arraunketa bortitzagoa dela esango nuke. Hori bai, talde baten parte sentitzen zara, kideez inguratuta aritzen baitzara», nabarmendu du legazpiarrak. Aulki mugikorrean, berriz, duela gutxi hasi ziren arraunean eta jada hainbat lehiaketa dituzte begiz jota: «Indartsu hasi gara entrenamenduetan. Astearteetan, ostiraletan, larunbatetan eta igandeetan aritzen gara, bai itsasoan eta baita gimnasioan ere. Modalitate honetako lehiaketa gehienak Estatu frantsesean antolatzen dira eta martxoak 25an Toulonera goaz gure lehen proba jokatzera. Horretarako ondo prestatu beharra daukagu, dieta, entrenamendu eta atsedenak behar bezala eginez. Oraindik asko daukagu ikasteko, baina gu geu ikasteko irrikatan gaude!». •