Maite Ubiria

Arkatzak zorroztuz Macron erregealdiaren lehen urtean

Emmanuel Macronek bere lehen urtea egin du Eliseoan. 2017ko maiatzaren 7an lorturiko garaipena ospatzeko aparteko ospakizunik ez du antolatu. Bere oparia: deskantsu egun bat familian. Non eta Versaillesen. Oh là là. Bere presidentetzari usain monarkikoa hartzen diotenek badute zer egotzi. Politikan hautuak egiteko orduan erabaki praktikoetatik harago erreferentzia sinbolikoak aintzat hartzeak garrantzi handia du.

Lehen urtemuga kari Macronen agintaldiaren zerumuga irudikatzea ausardia handiko ekimena litzateke. Izan ere, aurreiritziak uxatzeko haize-parpailarik handiena baliatuta ere, nekez lortuko litzateke, gaur eta hemen, Macronek finkaturiko irudia ezabatzerik. «Lui c’est le président des riches». Hau da, Macron “aberatsen presidentea” da. Errepublika Martxan (LREM) alderdiaren gobernuak bultzatu dituen erreformek utzitako ezinegonaren arrastotik, izendapena azkar zabaldu da azken hilabeteotan. Gauchiste batzuen asmakizun soila izan zitekeenak gizarteari buruzko azterketetan orbana utzi duela inork gutxik uka dezake. Hori baieztatzera dator Macron berak bataila dialektikoa libratzeko eginiko urratsa ere. Non eta nola? Sare sozialetan, prefosta. «Dirudunek ez dute presidente baten premia, ederki moldatzen dira beraien kasa, ni frantziar guztien presidentea naiz», zioen iragan apirilaren 12an haizatu zuen txioak.

Aberastasunaren gaineko ISF zerga apaltzeko gobernuak harturiko neurriari, kapitalaren gaineko zerga jaisteko erabakia gehitu behar zaio. Ondorioz, dirudunek %30eko zerga ordainduko dute aurrerantzean metatutako ondarearengatik. Anartean, gizarte ekarpenen igoeraren ondorioz, soldatapekoek %45eko zerga ordainduko dute. «Macron ez da aberatsen presidentea, baizik eta oso aberatsena», adierazi berri du bere erretiroari bukaera emanez liburu bat idatzi duen François Hollande presidente ohiak. Hollandek eginiko salaketak ez du, ordea, bere alderdia hauspotzeko balio izan, besteak beste, bere ekinbide politikoa izan zelako Macronek boterera iritsita egikaritu dituen hainbat erreformaren iturburua, hala nola, protesten aroa abiatu zuen XXL lan erreforma.

Karriketan zabaldu den errebolta giroak garaile argia badu momentuz. Inkesten arabera, presidentetzarako hauteskundeen ondoren basamortuan zeharreko ibilbidea egin duen Frantzia Intsumisoa alderdiak gorako txanpa hartu du azken asteotan. CGT sindikatuarekin jositako aliantzak –hilaren 26an mugimendu ezkertiarrak deituriko protestarekin bat egin du sindikatuak, 90eko hamarkadatik honat gertatu ez den batasun irudia eskainiz– dirudunen presidenteari aurre egiten dion sumindurik dagoen jendearen defendatzailea izatearen labela eman dio Jean-Luc Melenchoni. Izendapenak zer ibilbide izanen duen esateko goiz bada ere, pribilegio guztiak dituztenen eta oinarrizko eskubideak lanjer bizian dituztenen arteko diglosia diskurtso politikoan txertatzeko aukerak areagotuko direla aurreikus daiteke.

Iparraldean, macronismoaren olatuari aurre egiteko antolaturiko mobilizazioak, naturalki, zerbitzu publikoen kudeaketa propioaren aldarrikapenarekin uztartu dira. Seaskak hala ulertu du, eta arkatzak zorroztu ditu. Irakasle postu gehiago emateko Parisen ezetzari erantzutearekin bat, «Ipar Euskal Herriak berezko hezkuntza antolaketa» behar duela mahaigainean jarri du, ertz sektorialetik gogoeta orokorrari sakontasuna emanez. •