Beñat Gaztelumendi
Bertsolaria

Arrainak

Etxeko arraina hil zaigu. Mila ahalegin egin ditugu egunean bitan ura aldatuz, jaki gozoa emanaz eta arrainontzia leiho aldameneko argi epelera hurbilduaz. Baina hil egin da. Gaur goizean bere ontziaren hondo-hondoan aurkitu dugu. Mugitu egiten zela iruditu zait hasiera batean, gure Tanke txikia, gure Tanke bihurria; igerian ari zela oraindik. Baina gure pausuen bibrazioek dardarka jarritako ura soilik zen mugitzen zena; ur gardena, ia kristala bezain hotza zegoen ur geza, eta urak mugitzen zuen alde batetik bestera Tankeren zerraldo zurruna.

Eta orain kalera atera eta arrainontziak ikusten ditut bazter guztietan, hemen adibidez, Anoeta aldameneko kirol ekipamenduzko multzo handi honetan: Kiroldegia, Atano, Anoeta, Belodromoa... Arrainontziak denak.

Eta nire burua ikusi dut, belarriak Tankeren brankia itoak bezala zabalduta, orain dela hamazazpi urte Belodromoan sartzen beste milaka bertsozale aldamenean neuzkala. Belodromoko arrainontzi barruko zabaltasuna irudikatu dut, txirrindularien pista gainean zilarrezko paperetan bildutako ogitartekoak hartuta eseritako gazteak eta kartzelako gai epiko hura: «Aturritik Ebrora herri bat badela Belodromoa izan liteke lekuko. Urte asko daramatzazu zuk nahi baino tristura gehiago ikusiz. Zure ondorengoentzat beste zerbait nahi zenuke».

Isiltasuna oroitu dut, eztul bat, beste bat, elkar kutsatutako eztulak eta Jexux Mari Irazuren bukaera hura ere bai: «buelta eta buelta gabiltza baina irten ezinean». Eta berriz ere Tanke txikia ikusi dut buelta eta buelta bere kristalezko kartzela borobilean; urduri jarritakoan uretan uzten zituen burbuilen espiralak elkarrekin korapilatzen irudikatu ditut bere bi litro eta erdi urezko bizileku gardenean. Eta nola joan zen astean ezkatak bildu zituen, nola hasi zen ontziaren hondoan geratzen, nola egin zien lehenengoz poto horiko alga hondarrei muzin, nola okertu zuen isatsa, nola etzan zen alde batera eta ontziaren bestaldetik nola ikusten nuen bere ahoa ireki eta itxi, itxi eta ireki, zerbait esan nahi balit bezala. Ziur nagoelako zerbait esan nahi zidala, zerbait esaten zidala, «lagundu» edo «janaria» edo batek daki zer, eta ni nintzela ulertzeko gai ez nintzena.

Nire burua irudikatu dut arrainontzi batera botea, buelta eta buelta, ni jaiotzerako betetako uretako memoria galdutako ibilian. Eta esku ikusezin bat irudikatu dut ontziaren kanpoaldetik hitzak, janari hondarrak bailiran, ontzira botatzen: “damua” eta “errelatoa” eta “autokritika” eta “ongia” eta “gaizkia”. Eta ur gero eta zikinagoetan galdetu diot nire buruari zertaz damutu behar ote dudan; nire erabakiez edo nire gurasoen belaunaldiaren erabakiez edo nire gurasoen gurasoenez. Erruz zamatu nahi naute erruz, igerian ez egiteraino ia, ur geldi eta zikin hauetan, estutzen eta estutzen doan hirurogei urtetik gorako arrainontzi honetan.

Bai, hartu dut erabakia: etxera ez dut beste arrainik ekarriko. •