Iker Barandiaran

Gordintasunean bizipoza

RIP taldearen historia laburbiltzen zuen dokumentala egin genuenean norbaitek aipatu zidan kontakizunean drogez eta taldekideen heriotzen zergatiaz ia ez zela aipamenik egiten. Beste batek esan zidan oso emakume gutxiren testigantzak jaso genituela. Biek zuten arrazoia. Emakumeen parte-hartzeari dagokionez, garaiko musikariak eta kazetariak ziren elkarrizketatu gehienak, eta sasoi hartan, tamalez, gutxi ziren Arrasateko talde honen bueltan ari ziren emakumeak.

Drogen aipamenari dagokionez, protagonistek aipatzen dute –orain bezala, nire esanetan– gobernuko botereek droga tonaka nahita sartu zutela Euskal Herrian gazteria moteltzeko eta beraiek ere zurrunbilo horretan murgilduta egon zirela. Ez dira horretaz lotsatzen eta ez dute ezkutatzen. Heriotzen zergati konkretuei buruz, berriz, nik barneratuta daukadan kazetaritza motak ez die halako kontuei arretarik jartzen; antzina ikasi nuen morboa dena eta interesgarria dena bereizten.

Euskal Herriko 80ko hamarkadako musikagintzari fokua jartzen aitzindari izan zen lan hori gauzatu eta, gerora, inoiz oharkabean aipatu didate iraganari begiratze horrek ez duela ezer aportatzen; gaur egungoari jarri behar zaiola arreta. Halakoak entzutean, beti pentsatu izan dut badagoela aldea iraganekoa mitifikatu eta garai hartan ataskatuta gelditzearen eta hark izan zuen balioa ikusi eta hori aintzat hartzearen artean. Are gehiago, oraindik erantzun gabeko galdera da 80ko eta 90eko hamarkadetako talde haiek zergatik dauden oraindik indarrean. Zer zuten haiek, ia 40 urte pasa eta nagusiagoen oroimenean ez ezik belaunaldi berrienetan ere hain presente izateko!

Drogen kontuarekin bueltaka, bat nator Justo Arriolak “A los pies del caballo, narcotráfico, heroína y contrainsurgencia” (Txalaparta) liburuan egiten duen planteamenduarekin eta kontakizun latzarekin. Meritu handia dauka Arriolak. Euskal Herrian drogen eraginez hildako milaka laguni zor diegu memoria historikoa egitea; justizia, egia eta erreparazioa.

Bere gordintasunean kontatu beharra dago, horretarako testuinguru egokia aurkituta. Izan ere, orain dela bost bat urte Kataluniako 80ko hamarkadako musika talde eta ekimenen inguruko “Harto de todo. Historia oral del punk de Barcelona” (BCore) liburua ezin izan nuen bukatu. Talde guztien istorioen muina heroinaren mina eta pertsonen deuseztatzea da; gordinegia iruditu zitzaidan, beltzegia. Orain gutxi, gainera, Kataluniako lagun batek liburua irakurtzen sentsazio bera bizi izan zuela partekatu zuen. Hamarkada hark denetik izan zuen eta heroina oso presente izan bazen ere, gazitik eta gozotik, bietatik, izan zuen heroina kontsumitzen zutenen artean ere. Gogoan daukat RIP taldeko Karlos “Mahoma” Agirreurretak ere hala aipatu zidala: 80ko hamarkada hasieratik RIP ezin zela heroina gabe ulertu, baina bere gauza txar eta onekin, guztiekin.

Azken asteotan Andoni Fernandez Azkaraik idatzitako “Mierda de Bizkaia y sus grupos maqueteros, 1977-1989” (DDT) liburua irakurtzen eta disfrutatzen ari naiz. Garaiko beste askok ez bezala, diskorik kaleratzeko aukerarik izan ez zuten taldeetako kideak elkarrizketatu ditu eta haien kontakizunak jaso. Freskoak dira haien kontakizunak, musika eta taldea ondo pasatzeagatik sortu zituzten protagonistenak, apalak, umilak, garaiko testuingururako basatiak, ausartiak, lotsagabeak eta, batez ere, ausartak. •