Ramon Sola

Futbola, uda eta giza katea

Egun zirraragarri eta gogoangarria izan zen 2014ko ekainaren 8a. Ia ezerezetik osatu zen giza kate berritzaile hark, guztion aurreiritzi asko gaindituz, zur eta lur utzi zituen hemengoak eta hangoak. Oroitzen naiz, aurtengoa bezala, udaren atarian gertatu zela –eguerdi dirdiratsu batean, sargori puntu batekin–, bai eta, aurtengoan bezala, Munduko Futbol Txapelketaren bezperatan egin zela ere.

Gure Esku Dagoren ekimenari aipamen egin aurretik, errepara diezaiegun itxuraz askoz arinagoak omen diren bi kontuoi: udari eta kirolari. Futbolari bereziki, ez baita politikatik aparte den eremua. Espainiar patrioterismoa ezagututa, Marta Sanchezen ereserkiaren garaiotan beldurra ematen du pentsatzeak selekzio gorri-horiaren balizko garaipen batek altxa lezakeen olatutzarra. Eta, kontrako muturrean jarrita, zein mailako lurrikara ez lukeen eragingo –demagun– Gerard Piquek finalerdiko azken minutuan nahigabe bere atean gol bat sartzeak... Gustatu ala ez, futbolaren inpaktua ez gutxiestea hobe, gora eta gora doa-eta etengabe. Mila milioi ikusle bildu zituen mundu osoan duela lau urteko Alemania-Argentina finalak, eta 700 “besterik ez” 2010eko Espainiaren eta Herbehereen artekoak.

Espainiaren eta Inperio izandako beste estatu handien joera negargarria alde batera utzita, abertzaletasun jatorrago baten iturri ere izaten da sarri futbola. Galde diezaiegun bestela islandiarrei; krisialdiarekin lotuta hainbat banketxeren arduradunak kartzelatu zituen herria da Islandia, baina bertan gehiago eta harroago ospatu zuten 300.000 biztanle eta 100 futbolari profesional eskas izanda Ingalaterra ahalguztidunari azken Eurokopan irabazi izana. Panama, Costa Rica edota Tunez, ostegunean abiatzen den Errusiako txapelketak jarriko ditu mapan, ehunka milioi ikusleren aurrean. Euskal Herria, horien (edota Kroaziaren, edota Uruguairen...) pareko izan arren, ez da bertan egongo. Hori bai, Espainia eta Frantziaren entrenatzaile lanetan, bi euskal herritar izango ditugu: Julen Lopetegi eta Didier Deschamps. Larriagoa da, jakina, gizonezko euskal selekzioaren arrastorik ez dela uneotan. Aztoratuta ibiliko da abertzale asko gero eta elastiko gorri gehiago janzten dituztelako Euskal Herriko haurrek, baina nekez eskatuko diote Olentzerori zelaietan ikusten ez duten kamiseta berderik...

Eta udari buruz zer esan? Ba milaka eta milaka udatiar bidean direla, Donostia, Bilbo, Biarritz, Gaztelugatxe, Iruñea eta abar helburu. Bisitarien kopurua, futbolzaleena bezala, urtero-urtero gora eta gora ari da (bost miloi iaz soilik Hego Euskal Herrian, gutako bakoitzeko bi, beraz); eta San Mameseko Europako errugbi finaletan argi eta garbi islatu berri den bezala, gehien-gehienek Espainiara datozela uste dute.

Interes politiko zein turistikotik, guztiz aberasgarria litzateke berezko herria osatzen dugula azpimarratzea –hizkuntza, historia, kultura, ohitura, gauzak egiteko molde propioak ditugula–, munduko edozein naziok (Estatu izan ala ez) egiten duen bezala. Baina, Bidasoaz beherako lurraldeetan behintzat, udatiarrari ez zaio aurten ere hori guztia ageriko egingo. Eta erakundeen axolagabekeria ez da erantzule bakarra. Kontua ez da “folklore”&flexSpace;hutsera mugatzen. Esate baterako, zergatik ez dira gurean Ipar Irlandan hain ezagunak diren turismo politikoko ibilbideak sortu? Ez al dago akaso, Gernikatik Kanbora, ezer interesgarririk ikusi eta ikasterik?

Biharko giza katea, azkenik. 2014koak aldarri ozen indartsua luzatu zuen, erabakitzeko gogoa geldiezina zela irudikatuz. 24 orduren buruan ikusaraziko da orduko grinak bere horretan segitzen duen, apaldu den edo biziagotu den (hala bedi!). Hurrengo egunean izango da ondorioak ateratzeko ordua, baina azken lau urteotako joera batzuek zutaberik gabeko etxea eraikitzen ari ez ote garen galdetzera daramate. Erabakitzeko eskubidea lortzea zail baitu aurretik nazio propioa dela nabarmentzea hain erraz ahazten duen herriak. •