Ion Salgado
JAIETARA JOATEKO BUSA

Gazteak Arabako herrietako jaietara era seguruan eramaten ditu Jaibus Vitalak

Jaibus Vital zerbitzuak 19 urte beteko ditu uda honetan, eta gazte arabarrei jaietara era seguruan joateko aukera eskaintzen jarraituko du. Gaurtik urrira bitartean Arabako 20 herritara joango den autobus flota zabala jarriko du errepidean Vital Fundazioak. Andre Maria Zuriaren jaietara, esaterako, ehunka gazte hurbilduko ditu.

Herrietako jaietara joatea ez da gauza erraza. Garraio publikorik ezean, alkohola edango ez duen gidaria aukeratu edo lo egiteko leku bat bilatu behar dute lagun taldeek. Araban, aldiz, gazteek, eta baita hain gazte ez direnek ere, beste aukera bat dute Vital Fundazioari esker: Jaibus Vital dauka izena eta hemeretzi urte daramatza arabarrei herrialdeko jaietara era seguruan joateko aukera eskaintzen.

«Udako jaietako programazio oparoak ibilgailuen etengabeko joan-etorria eragiten du Arabako herrien artean, batez ere gaueko orduetan. Joan-etorri horiek dakartzaten arriskuak ekiditea da Vital Fundazioaren helburua, eta, horretarako, 15 urtetik gorakoei gaueko aisialdiaz gozatzea eta etxera segurtasunez itzultzea ahalbidetzen dien aukera eskainiko diegu berriz», nabarmendu zuen fundazioak ekainaren 5an bidalitako oharrean.

Testu horretan Vital Fundazioak azaltzen duenez, gaurtik urriaren 6ra Jaibus Vital zerbitzuak 20 herritako jaietara joatea ahalbidetuko du, 41 ibilbide ezberdinekin. «Ibilbide horietako 36k lurraldeko 19 herritako jaietara eramango dituzte gazteak, eta, gainerako bostek, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako ospakizunetara hurbilduko dituzte gazteak, abuztuaren 4an».

Arabako herritara joango diren autobusak 23.30ean abiatuko dira ibilbideko lehendabiziko geltokitik. Itzulerarako, berriz, erabiltzaileek bi aukera izango dituzte: 03.30ean edo 06.00etan. Gainera, herri batzuetan, ordutegi bereziak izango dituzte, bai joateko, bai itzultzeko. Beste alde batetik, Gasteizko jaietarako zerbitzua 22.30ean aterako da abiapuntu diren herrietarik, eta, itzulera, 07.30ean abiatuko da Arabako hiriburutik.

Autobus Txartelen erreserba www.fundacionvital.eus webgunearen bidez egin daiteke. Izena emateko aukera irteera bakoitzaren aurreko eguneko 13.00ak arte izango da zabalik, Gasteizko jaietarako izan ezik. Hitzordu horretarako autobus plazak abuztuaren 2ko 19.00ak arte erreserbatu ahal izango dira. Zabalik dago jada ekainean eta uztailean egingo diren ibilbideetarako izena emateko aukera.

Izen emate horiek pertsonalak eta besterenezinak dira, izan ere, zerbitzuko arduradunek bidaiarien identitatea egiaztatuko dute. «Hortaz, ezinbestekoa da identifikazio txartel bat aldean eramatea, baita ordainagiria ere». Joan-etorriko txartelak 3 euroko prezioa du.

Gero eta erabiltzaile gehiago

Mikel Perez Vital Fundazioko kideak dioenez, gero eta erabiltzaile gehiago ditu Jaibus Vital zerbitzuak. «Duela zortzi urte behera egin zuen erabiltzaile kopuruak, baina ordutik etengabe egin du gora, eta gero eta gazte gehiagok erabiltzen dute Jaibus Vitala herrietako jaietara joateko», nabarmendu du. Herri batzuetako jaietan hiru autobus ere jartzen dituztela azaldu du. Agurain, Kanpezu eta Añanako jaiak, esaterako, oso arrakastatsuak dira.

Dena den, noski, jende gehien mugitzen duten jaiak Gasteizkoak dira inolako zalantzarik gabe. Perezek azaldu duenez, pasa den urtean 800 gaztek hartu zuten Jaibus Vitala Arabako hiriburura joateko Andre Maria Zuriaren jaietan. Abuztuaren 4an hamabost autobus jarri zituzten Arabako leku ezberdinetatik. Aurten ere antzeko datuak errepikatzea espero dute, izan ere, Zeledon abuztuaren lehenengo asteburuan jaitsiko da San Migeleko dorretik. Halaber, aurtengoan Gasteizko bizilagunek ere hartu ahal izango dute Jaibus Vitala Murgia, Agurain eta Kanpezuko jaietara joateko.

Hilabete honetako ibilbideei dagokionez, gaur autobusa Agurainetik Ozetara joango da, eta, datorren astean, Guardiako jaietara hurbilduko ditu Arabako Errioxako gazteak. Hilak 30ean, Dulantzi eta Aguraingo bizilagunek erabili ahal izango dute Araiara joateko.