30/06/2018

Reportage
ZER JAN, HURA IZAN
«Baratzeak dituzten eskolak baino, eskolak dituzten baratzeak behar ditugu»

Hankak baratze bateko lurrean plantatu eta bizitzarako beharrezko diren jakintza guztiak aise jaso daitezkeela uste du Jakoba Errekondok. Halaxe agertu du asteon EHUko Uda Ikastaroetan, eskola-baratzeen abenturan abiatuta dauden irakasleak parean zituela. Baratzeari merezi duen tokia emateko urrats interesgarria izan baitaiteke horixe: eskolara eramatea.

Amagoia Mujika Telleria
0630_errekondo1

Baratzea da dena». Jakoba Errokondo paisajista eta ingeniari agronomoak oso garbi dauka. «Nik bizitzan ikasi ditudan gauza guztiak baratze batean esplikatuko nituzke». Horregatik, baratzeak dituzten eskolak baino, eskolak dituzten baratzeak behar direla uste du usurbildarrak.

Aste honetan Euskal Herriko Unibertsitateko Uda Ikastaroetan jardun du, Donostiako Miramar jauregian, “Elikadura burujabetza hezkuntza formalean lantzeko erremintak” ikastaroan. Euskal Fondoak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak lagundu eta zuzendu dute ikastaroa eta EAThink proiektua izan du ardatz nagusietakoa.

EAThink proiektua 2015. urtean abiatu zen. “Bertokoa jan, mundua buruan” lelopean elikadura burujabetza eta kontsumo arduratsua txikitatik lantzea du helburu nagusia eta horretarako eskoletan lantzeko erremintak eskaintzen ditu, material didaktikoak eta bestelako tailerrak.

Hartara, Euskal Fondoak eta Errekondoren Bizi Baratzea proiektuek bidean topo egin dute eta indarrak batu dituzte, mundu ikuskera partekatzen dutenen konplizitatearekin.

«Ez da makala ikastetxean baratze bat lantzeak dakarren erronka, baina ez dira gutxi horrelako hezkuntza proiektuak gauzatzera animatu diren ikastetxeak eta pertsonak», nabarmendu dute proiektuaren arduradunek. Eskola bakoitzak ezaugarri propioak eta jarduteko era desberdinak izan arren, guztientzat erabilgarri izan daitezkeen erreminta pedagogikoak prestatu dituzte EAThink proiektuaren baitan. Oraingoz, hiru liburuxka –lehena, ikas unitateekin; bigarrena, tailerrekin, eta, hirugarrena, eskola baratzearen ingurukoa– eta eskola-baratzeko agenda jarri dituzte mahai gainean. Eta Jakoba Errekondo arduratu da, hain justu, hirugarren liburuxkaz eta eskola-baratzeko agendaz.

Ekosistema kulturala

«Baratzea da daukagun herentziarik onena. Gure paisaia kulturala da, ez daukagu paisaia naturalik. Ikusten duguna guk sortua da, gure kulturak sortua. Horregatik herrialde bakoitzak bere paisaia dauka eta bere baratzea. Baratzea ekosistema kulturala da, geuk eraiki dugulako», iritzi dio Errekondok. Bere ustez, kulturaren oinarria lurra da. «Lurra landu izan ez bagenu, ez geundeke hemen. Duela 10.000 urte ez bagina lurra lantzen hasi Txinan, oraindik tximinoak izango ginateke». Horregatik ezinbestekotzat jotzen du baratzeari eta lurra lantzeari merezi duen tokia eta prestigioa ematea. «Hori guztia jakintza da, gaur egun baserritar oso gutxik daukaten jakintza. Eta horri bere balioa eman behar zaio».

Baratzeak bizi duen “desprestigio” horren atzean bada datu esanguratsu bat: baserri gehienetan emakumeak arduratu dira baratzeaz. Horregatik, segur aski, ez zaio eman merezi duen tokia eta garrantzia. «Baratzean denetarik egoten da, ez bakarrik barazkiak. Loreak, sendabelarrak, errituetan erabiltzen direnak, sokak eta lokarriak egiteko landareak, usaineko landareak, zuhaixkak, fruta-arbolak... Horregatik, baratzea lantzen duenak denetarik jakin behar du. Jakintza handiko pertsona da eta hori harrotasunez esan beharra dago. Baina normalean emakumeak egiten duen lana denez, garrantzia kendu izan zaio. Horri buelta eman behar zaio», nabarmendu du aditu usurbildarrak.

Baratzeari eta baratzeko lanari duen balorea emateko bide aparta izan daiteke eskola-baratzeena. Norabide horretan topatu dira, azaldu dugun bezala, EAThink proiektua eta Jakoba Errekondo, eta oraintsu kaleratu dute 2018-2019 ikasturterako eskola-baratzeko agenda.

Baratze bakoitza bakarra

Eskola-baratzeak ikastetxeetan egiten dira eta taldean; ikasleek, irakasleek, gurasoek, laguntzaileek... parte hartzen dute proiektu horretan. Errekondok garbi duenez, «baratze bakoitza bat eta bakarra da, etengabe berritzen eta sortzen ari den unibertso bat». Horregatik, oso komenigarri jotzen du baratze bakoitzean egiten den lana ahalik eta zorrotzen eta zehatzen jasotzea. «Eskoletan, gainera, etengabe aldaketak gertatzen dira, irakasleak joan-etorrian dabiltza eta gure baratzean gertatzen dena ondo dokumentatzen badugu, hori oso baliagarri eta mesedegarri izango zaie etorkizunean baratzeaz arduratu behar dutenei». Eskola-baratzearen agendak, beraz, modua eskaintzen du baratzeko lana txukun-txukun dokumentatu eta jasotzeko.

Horrez gain, landareei eta baratzeko lanei buruz inguruan jasotako esaerak, ohiturak eta bestelakoak biltzea ere bada helburua.

Jasotzeko ez ezik, emateko ere bada eskola-baratzearen agenda eta astez aste egin beharreko lanen berri ematen du, baita ilargiaren zikloei buruzko informazio zehatza ere. Eta, gainera, baratzearen zaintzan oso baliagarri izan daitezkeen trikimailuak ere eskaintzen ditu.

Baratzea zortzi urratsetan

Eskola-baratzeko agendak baratzea antolatzeko zortzi pauso laburbiltzen ditu, edozein eskolarentzat baliagarriak diren aholkuak eta pistak.

Baratzea, non? Landareek oinarrizko hiru gauza behar dituzte: lurra, ura eta eguzkia. Izan dadila lurra bizia, ura tamainan eta argi ahalik eta gehiena. Ez da komeni ez haize tokia izatea ezta izotza bilduko den bailara zokoa ere.

Lursailik ez den tokietan ere egin daiteke baratzea: terrazan, balkoian, plazan... horretarako ontziak, potoak, mahaiak eta bestelakoak erabil daitezke.

Nolako baratzea? Bigarren pausoan, baratzearen itxura zehaztu beharko da. Toki hezeetan, itsasaldeko Euskal Herrian, adibidez, komeni da lurraren maila altxatzea, gehiegizko hezetasunari ihes egiteko. Horretarako, mugatutako edo tontortutako taulenak egin daitezke. Toki lehorretan, berriz, sakondu egin beharko da baratzea akaso, ur apurra biltzeko.

Lurrak nolakoa behar du? Garrantzitsua da lurraren egitura fisikoa. Onena omen da buztina, mala edo mausarra eta hondarra edukitzea, 1-2-2 proportzioan. Lurraren izaera kimikoa eta egoera zein den jakiteko, pH-a neurtu daiteke. Neurria 0tik 14ra doa eta erdikoari neutroa esaten zaio; 7 zenbakia. Landare gehienek pH neutroaren inguruko lurra nahi dute.

Lurrari bizia eman behar zaio, landareak erraz elikatu eta osasuntsu bizitzeko. Horretarako, urtero ongarri organikoak gehitu behar zaizkio: simaurra, luarra edo konposta, orbela, lurrustela, zizare-lurra...

Tresnak? Oinarrizkoak. Tresna egokiek lana errazagoa eta seguruagoa egiten dute. Hau izan daiteke oinarrizko tresneria: aitzur txikia, lurreko eskuarena, pala eta eskuzko tresneria. Aparteko materiala ere beharko dugu: hesolak, makilak, lokarriak, ureztagailua, ontziak...

Tresneria behar bezala zaindu behar da: erabili ahala garbitu eta jaso toki aproposean.

Aukeratu hazi eta landare egokiak. Baratzean landareak izateko lau bide daude: hazitegian hazia ereitea, hazia baratzean bertan ereitea, aldaxkak edo begiak landatzea edo landaretxoa eskuratu eta landatzea.

Hortik aurrera, baratzean landareak indartsu eta osasuntsu izateko, oso mesedegarria izango da plangintza egoki bat izatea. Horretarako, txandakatzea ondo antolatzea, barazki bakoitza noren aldamenean jartzea komeni den ikustea eta elkarri laguntzen dioten landareak zeintzuk diren jakitea oso komenigarria da (informazio hori oso garbi jasota dago eskola-baratzeko agendan).

Zer jan nahi dugu? Erabiliko dena bakarrik jartzeak lana asko errazten du. Ondorengoak dira errazetan errazenak diren barazkiak, hasiberrientzat oso egokiak: uraza, zerba, errefaua, erremolatxa, baba, marrubia, albaka, tipulina, baratxuria eta patata.

Baratzea zaintzeko, zer lan hartuko dugu? Baratze bakoitza unibertso bat dela ulertuta –eta bakoitzeko plangintza desberdina–, honakoak dira lan nagusiak: lurra irauli, landatu, ureztatu, jorratu, lurreztatu, azpiak egin, kimatu eta arbatu.

Azkenik, uzta gozatu. Gozatu baratzeko lanean eta baratzekoak jaten. Ekintza berezia bihurtu behar dugu uzta. Biltzen hasi aurretik, beti garbitu behar dira eskuak eta erabiliko dugun saskiak edo ontziak ere garbi egon behar du. Jasotzen dugunari garrantzia eman behar zaio. Banatu baratzeko mozkinak; jende guztiak eskertuko du zure ahalegina eta, batez ere, partekatu haurrekin baratzeko uzta; hori da etorkizuna.

EAThink; bertokoa jan, mundua buruan

“EAThink2015 – eat local, think global” lehen eta bigarren hezkuntzako eskolentzako proiektu bat da, Europar Batasunak bultzatua eta Europako hamabi herrialdetan (Austria, Kroazia, Zipre, Frantzia, Hungaria, Italia, Malta, Polonia, Portugal, Errumania, Eslovenia eta Espainia) eta Afrikako bitan (Burkina Faso, Senegal) martxan jarritakoa. Garapen arloko jarrera kritikoa eta konpromisoa sustatu nahi ditu ikasleen eta irakasleen artean, arreta berezia jarriz elikadura segurtasunean eta burujabetzan, janaria ekoizteko sistema jasangarrietan eta maila txikiko nekazaritzan.

Proiektuaren aurkezpen txartelean zehazten denez, «globalizazioaren dinamikak direla eta, gure aukerek eta ekintzek lotura dute mundu osoko milioika pertsonaren bizitzarekin. Hurbiltasun digitalaren eta informazioaren aroa gorabehera, hor daude kontraesanak eta desberdintasunak: gero eta gizarte globalago baten aurpegiak dira pobrezia, klima aldaketa eta migrazioak».

Proiektuaren baitan hainbat jarduera egin dira –eskoletako baratzeak, tailerrak, ikasleentzako aplikazio multimedia bat, doako hezkuntza materialez betetako webgune bat–, ikasleak eta irakasleak gai izan daitezen gizarte global bateko kide izatearen ardurak hartzeko.

«Baratzea da gure herentziarik onena. Ikusten duguna guk sortua da, gure kulturak sortua. Herrialde bakoitzak bere paisaia dauka eta bere baratzea. Baratzea ekosistema kulturala da»

«Baratzea lantzen duenak denetarik jakin behar du. Jakintza handiko pertsona. Baina normalean emakumeak egiten duen lana denez, garrantzia kendu izan zaio»