Xabier Izaga Gonzalez
infraganti

GINDI AUZMENDI, IÑAKI LANDA ETA MIKEL BURUAGA

Urtebeteko lan trinko eta biziaren ostean, «Orainaldian. Laissez faire» dokumentala aurkeztu zuten duela hilabete Auzmendi, Landa eta Buruagak. Atsedenaldia hartu dute, baina ez oporrik. Zeinek bere lanean jarraitzen dute, baina beren lanaz eta ibilbideaz patxadaz hitz egiteko astia hartu dute, «solasalditxoak» luze jo du eta. Gustura asko, baina.

Komunikazioa, kultura eta herri mugimenduak elkarretaratuta, “Orainaldian. Laissez faire” dokumentala aurkeztu berri dute, lan urte trinko baten ostean. Zeinek bere lanean jarraitzen du, baina «Gasteiztik atera gabe ere istorio pila bat kontatzeko» dagoenez, elkarrekin gauza gehiago egiteko asmoa dute.

Iñaki Landak kazetaritzan jardun izan du aspalditik. Gaur egun ARTgia Sorgune Aretoa kudeatzen du Irantzu Lekuerekin batera. Hamaika herri mugimendutan, hamaika proiektutan parte hartu izan du, baina dokumentala bukatutakoan hartu duen lasaituak ez dio master bukaerako lana prestatzea ahantzarazi.

Gindi Auzmendi punk-rock talde batean hasi zen duela hamar bat urte eta, onartzen duenez, horrek bere bizitza osoa baldintzatu du. Soinua eta Komunikazioa ikasi ondoren, Gasteizko kontrakulturari buruzko dokumental saiakera pare batean parte hartu zuen. “Orainaldian” proiektura sartu zenean, Hala Bediko Hala Bideo kanalean ere hasi zen soinu lanetan, eta bertan jarraitzen du, rocka utzi gabe, ordea. D-Tox (Distorsión Tóxica) taldean abestu, gitarra jo eta letrak egiten ditu. Otsailean grabatu eta autoekoitzi zuen bere taldearekin laugarren diskoa, “Demolición”.

Komunikazioa ikasi zuen Mikel Buruagak ere, Ikus-entzunezkoa. Info7 irratian lan egin zuen soinu teknikari, eta, ondoren, Hala Bideo kanalean, gaur arte, «kalean, Gasteizko aktualitateari begira». Begira eta inoiz jasanda ere bai, Errekaleor auzoan argindarra kentzera joan zirenean, Ertzaintzak “mozal legea” ezarri baitzion bere kazetari lana egiteagatik.

«Hau guztia pixka bat jakin-minez hasi zen», azaldu du Iñaki Landak. Gasteizen sormen lekuak edo kultura sustatzen zuten lekuak bazirela ikusi zuten, leku txiki asko. Aldi berean, ez zetozen bat kulturgileen sektore baten diskurtso ezkorrarekin, Gasteiz kulturari dagokionez hiltzen ari zela zioen diskurtsoarekin, alegia. Diotenez, «kulturizidioa» aipatu izan zuten batzuek. Eurek, ordea, oso bestelako errealitatea ikusten zuten. Mundu horretan murgilduta, beren agendak gero eta beteagoak zeudela diote, «gauza asko egiten ziren, nahiz eta instituzioek, krisi egoeraz baliatuta, laguntza guztiak moztu zituzten».

Murrizketak arlo batzuetan bakarrik izan zirela zehaztu du Gindik: «Kultura aurrekontu gehienak Azkena Rock musika jaialdira eta Telebista Jaialdira joaten dira, eta horiek ez dituzte mozten». Instituzioen jarrera deitoratuta ere, «hari esker» ehun kultural berria sortu dela diote, krisialdiak abagunea ekarri zuela kultur espazio txikiak sortzeko.

Orainaldian

Beren proiektua Udaleko Gazte Sortzaileak programara aurkeztu zuten, baita beka lortu ere. Proiektuaren lehen pauso gisa, egitarau ofizialetan agertzen ez diren kultur guneak ezagutarazteko asmoz, gune horiek kuantifikatu eta haien balioa nabarmendu zuten. «Badaude mapa pilo bat, eta ez autobus geltokienak bakarrik. Badira gozo-dendarik onenenak, pintxoenak… baina kulturarenik ez zegoen», dio Iñakik, eta Mikelek ñabardura bat erantsi du: «Kultura mapak ere egon badaude, museoak eta gune ofizialak jasotzen dituztenak baino ez, ordea». Eta Gasteizko kultura alternatiboaren mapa osatu zuten, gutxienez 80 erreferentzia gune jasotzen dituena.

Ondoren, zubi lana eginez, gazte sortzaileek elkarren berri izan zezaten, Sinergia Gunea abiatu zuten, «errealitateen eta pertsonen arteko nodoak sortzeko». Eta leku horietako gazte sortzaileen istorioak kontatu beharra zeukatela konturatu ziren. Proiektua hasi aurretik bururatzen zitzaizkien protagonista gehienak 50 urtetik gorako lagunak zirela diote, eta topatu zuten errealitateak «belaunaldi berri bati leihoa edo atea zabaltzeko apustua» egitera eraman zituen. Iñakik dioenez, Gindik dauka horren «errua».

Haien hasierako ideia erreportaje txiki bat egitea zen, erreportaje esperimentala izango zela esan zuten, hamar minutuko bideo bat zenbait istorio biltzeko. Baina elkarrizketak egiten hasi ziren, bakoitza ordu erdikoa edo, eta haietatik «hari pila bat» atera zen. Hari haietatik tira eginez hiru istorio kontatzeko asmotik bederatzi kontatzekora heldu ziren eta, azkenean, guztira, hamabi izan dira.

Istorioen protagonistak hauek dira: Ane Gebara ipuin kontalaria, Mikel Kttulu Cosmic Tentacles jaialdiaren sortzailea, Beñat Goitia musikaria, Paul eta Izaskun Urkijo zinegilea eta arte zuzendaria, Irantzu Lekue artista eta muralista, Iker Fidalgo arte kritikaria, Frik1 eta Ojodekuervo grafitigileak, Gasteiz Hardcore Crew kolektiboko kideak, Lurburu talde artistikoko kideak, Eider Bernaola argazkilaria, Reina Ginolanda idazlea eta Nerea Mauleon ilustratzailea. «Bakoitzaren diskurtsoa besteenaren osagarria zen, ideiak elkarren osagarri, eta azkenean denak bildu ditugu ideia oso batean», dio Gindik. Ideia horren ikuspuntu guztiak batuta, esku artean dokumental bat zegoela ikusi zuten. Gasteizko kultur guneen argazki bat egin nahi zuten, eta gazte sortzaileen bila joan ziren, «aztarrika». Oso errealitate desberdinak topatu dituzte, haietako gehienak ertzetatik, marjinetatik sortzen duten lagunenak, batzuk modu profesionalagoan, beste batzuk modu autonomoagoan, kontrakulturaren presentzia nabarmena dela. Hamabi istorio eta beste horrenbeste motibazio.

Hamabi istorio gehiegi iruditzen zitzaizkien dokumental batean sartzeko, eta nahiko modu trinkoan sartu omen dituzte. Baina uste dute horrela hobeto ordezkatzen dutela gazte belaunaldi sortzaile berria, gainera, arte eremu ugari hartuta, diziplina gehienak.

Zenbait ondorio

Belaunaldi berriak emakumeen presentzia askoz handiagoa du eta euskalduna da. Horiek dira haren ezaugarri nabarmenenak. Euskararen eta euskal kulturaren sustapena dira garatu duten alderdietako bat, batez ere Beñat Goitiaren bidez. «Uste dugu nahiko irudi fidagarria ematen duela»: Gasteizko kafe antzokiaren beharra, gazteen ezagutza eta beren sormena bat ez datozela... Bi kasu daudela diote, euskaraz ondo jakinda gaztelaniaz edo ingelesez sortzea erabaki dutenak, eta, egunerokotasunean erabili gabe ere, sorkuntzan euskararen aldeko apustua egiten dutenak.

Profesionaltasunari dagokionez, badira sormen lanetik bizi diren batzuk. Bi ikuspegi jaso dituzte alderdi horri dagokionez, «biak ere oso zilegizkoak». Bestetik, haien sorkuntzan aniztasun handia sumatu dute, kultur askoren eragina eta kultur horiekiko harremanak.

Aurrera begira

Istorio guztiak hiru ardatzen inguruan egituratu dituzte. Lehena, «motxila», bakoitzaren sorkuntza prozesuaren azalpena: zer egin duen, nola, zergatik. Bigarrena, Gasteiz-kultura, eta instituzioak-kultura binomioak. Eta hirugarrena, aurrera begira, zer?

Azken ardatz edo blokeko ideia nagusietako bat «sareak josi beharra» da. Gasteizen belaunaldi berri bat dagoela sumatzen dute, baina baita nahikoa sakabanatuta dagoela ere, eta, beraz, haien artean sinergiak sortzeko zailtasunak daudela. Hain zuzen ere, hiru gasteiztarron proiektuaren lehen balioa belaunaldi hori identifikatu eta agerian jarri izana da. Mikelek dioenez, nolabait erakutsi dute historia amaitu delako ideia postmodernista, «dena asmatuta dagoela eta abar», faltsua dela.

Dokumentaleko protagonista batzuek egiten ari direna egiten jarraitu nahi dute, besterik gabe; beste batzuek beren asmoak eta azpiegiturak hobetu nahi dituzte, eta beste zenbaitek instituzioen paperak aldatu beharko lukeela uste dute, baina aldatu arren, abian dagoena ezin dela hil, dirurik gabe ere sortu egin beharra dagoela.

Nostalgiaren aurkako manifestua

Dokumentalaren izenburuak ondo laburbiltzen du egileen asmoa. Erreferente zaharretara jo beharrean, oraingoa, gazteak jartzen ditu lehen mailan. «Gauzak egiteko, batzuetan, nerabeekin gertatzen den moduan, gurasoei begira egon gabe, kalera atera beharra dago. Nolabait errespetu hori hautsi egiten da, eta hori ere beharrezkoa da pertsonalitatea garatzeko eta zure bidea bilatzeko», azaldu du Iñakik. «Gero, batzuk igual aspertu eta etxera itzuliko dira, baina bide hori egiten duten bitartean gauza berritzaileak sortuko dira».

Paradigma aldaketa eskaini omen zuten beren maparekin, «errelatoa izan daiteke, ordu arte diskurtso bakarra baitzegoen». Gindik dioenez, Gasteizen gainean hitz egiten denean, beti agertzen omen dira 80ko kontuak: orduko punk eta rock taldeak, Hala Bediren eta gaztetxearen sorrera... «eta horren guztiaren ajea», erantsi du Mikelek. Hori guztia oso garrantzitsua dela diote, baina gainbehera aldiak izan badira ere, gauza garrantzitsuak gertatu direla, esate baterako, teknologia berriak tarteko. «Hala Bediren sorrera oso garrantzitsua izan zen 1983an, baina baita ondoko urteetako haren bilakaera ere». Horrenbestez, orainaldia aldarrikatzen dute beren «nostalgiaren aurkako manifestuan».

«Laissez faire»

Azkenaldion Gasteizko Udala tabernetako eta beste lokal batzuetako kontzertuen aurka egiten saiatu da, baina atzera egin behar izan du. Ordutegiari eta aseguruei dagozkien baldintzen inguruko akordio batera iritsi dira, baina ezin izan dituzte kontzertuak mugatu, eta hiru gasteiztarron dokumentalak sustatu duen «saretzeak» zerikusi handia izan du emaitza horretan. Dokumentala, orainaren apologia ez ezik, egiten ari denari oztoporik ez jartzeko aldarria ere bada. Horregatik liberal frantsesek beren garaian erabili zuten leloa, laissez faire –eurak ez direla liberalak argi utzita–, kultur arlora ekarri nahi dute, beren bidea nahiko modu autonomoan egiten ari diren gazte sortzaileei egiten uzteko. Horra, bada, «gauza txikien balioaren argazki bat», hemen gauza txiki asko sortzen direla kontuan izan «eta Azkena Rocketik eta Artiumetik harago ere badela sorkuntza aldarrikatzeko».

Aurrera begira, ba omen dituzte zenbait ideia buruan elkarrekin beste zerbait egiteko. Mikelek ez du baztertzen fikziora jotzea ere. Edonola ere, momentuz, atsedenalditxo baten ostean, beren filma festibaletan aurkezteko aukerak aztertuko dituzte. Gindi, Iñaki eta Mikel, orainaldian eta aurrera begira, nostalgiarik gabe. •