Maite Ubiria

Eraginkortasunaren izenean demokraziari balioa kendu

Azkeneko 60 urteotan 25 aldiz aldatu dute V. Errepublika arautzeko Rene Coti buruzagi gaullistak aldarrikatu zuen Konstituzioa. Erreforma horiek arrazoitzeko orduan markoa gaurkotzeko beharra izan dute aipagai agintari guztiek, eta, norberak bere erara, frantziar esentzialismoa izan dute abiapuntu eta xede guzti-guztiek. Presidentetzarako hauteskundeak irabazi eta berehala, modernizazioaren izenean, Konstituzioa eta erakunde sistema errepublikarra eguneratzeko ekimena iragarri zuen iaz Emmanuel Macron presidenteak. Urtebete geroago, Versaillesko jauregira itzuli zen astelehenean Errepublika Martxan (LREM) alderdiko burua. Kongresuaren aurrean eginiko hitzaldian, lainoz bete zuen hurrengo hilabeteetan bi ganberetan eztabaidatuko den egitasmoa. Hilaren 24 arte orotara 5.00o emendakin jaso dituen erreformaren enborra aztertuko dute legebiltzarkideek. Izan ere, irailetik aitzin zabalduko dira Macronek proposaturiko aldaketa zehatzen gaineko eztabaida saioak. 2019an amaitzekoa den erreforma prozesuak eragin zehatza izanen du 2021ko Legebiltzarrerako bozetan.

Prozesua abiatu berri denean helmugara erreparatzea urrutiegi begiratzea dela irudi dezake. Alta, bertikaltasuna ikur duen prozesuaren irismena neurtzeko orduan lagungarria izan daiteke. Paristik eta Pariserako, jauregitik eta jauregirako erreforma proposamena jarri du mahai gainean Macronek. Are, oraindik ere ez dago argi herritarrek testu berriari buruzko iritzia ematerik izango duten edo ez erreferendum bidez. Horregatik, ez dira falta arrazoiak pentsatzeko Legebiltzarraren eremuari hozka eginez demokraziaren –bere zentzu apalenean hartuta– eragina murriztea dela Macronen benetako apustua. Eraginkortasunaren izenean, Legebiltzarraren boterea xurgatu eta Gobernuaren –hots, presidentearen– esku hartzea areagotzea da abiatutako erreformaren anbiziorik handiena. Horretan ere, bere aurrekariek marrazturiko bidetik joko du, akaso lotsa gutxiagorekin, Macronek.

Funtzio publikoko langile kopurua murrizteko programa zorrotza ezarri ostean, jardungo Konstituzioaren arabera legeak egiteaz gain lurraldeak ordezkatzeko funtzioa duten ordezkarien kopurua murrizteko plana gauzatu nahi du presidenteak. Zehazki, %30 apaldu nahi du legebiltzarkide kopurua, bide batez, proportzionaltasun dosi neurtua sartuta, horietako batzuk hautatzeko arauak aldatuz. Hartara, Parisko artaziek beste behin ere eragingo diote lurralde banaketari. Sorpresarik gabe, herritarrak periferia politikotzat hartuz.

Besteak beste, Euskal Herrirako asmatutako hauteskunde mapari helduko dio Macronek. Sei hautesbarruti izan ordez, lau egongo lirateke, baina logika zaharra mantenduz. Hartara, Euskal Elkargoaren sorrerak erabat itzali duen departamenduaren arkitekturari hauspoa emanez, Biarnoko eta Euskal Herriko boto emaileak nahas-mahas biltzen dituen hautesbarruti mistoa betikotu dezake erreformak. Hala balitz, Euskal Herriko mapa ezkutatzeko enegarren saioaren aurrean egongo ginateke. Dagoeneko, Korsikako «berezitasuna» formalki aitortzeko, Eliseok korsikarren erabakimena ukatzen duen errezeta birberotu du. Uharteko herritarrek hauteskunde bidez finkaturiko asmoak mugatzeko urratsa eman du Macronek. Eraginkortasunaren izenean, demokraziaren balioa gutxituz. •