Oihana Llorente

«MOTXILA ETORKIZUNEZ BETE»

Gurasoren bat espetxean duten haurren errealitatea bistaratzeko asmoa dute orriotan jasotako hamabi artelanek. Exprai artistaren sinadura dute, eta kartzelarekin harreman estuegia duten haurren eta nerabeen hitzak eta sentipenak dira grafikoki ikus daitezkeenak. «Motxila etorkizunez bete» erakusketa Sare Herritarrak sustatu du.

Guraso biak edo haietako bat espetxean duten haurren testigantzak jaso eta haien kezkak, galderak, irriak eta negarrak bilduz eraiki ditu hamabi artelan hauek Exprai artista nafarrak. Errealitate gogorra da, zama handiko motxila. Baina, ere berean, une magikoak jasotzen dituen zorroa da. Motxiladun umeek bizi duten errealitatea ikustaraztea du asmo Sare Herritarrak bultzatutako erakusketak.

«Granadan jaio nintzen»

Granadako espetxean sortu zen ume baten bizipena jasotzen du lehen lanak. Andaluziako espetxe horretan preso zuten ama erditu zenean eta berekin eman zituen bizitzako lehen hiru urteak. Bere bizitzako lehen 36 hilabete horietan, baina, bospasei presondegira egokitu behar izan zuen.

«Aitatxo ikusteko bederatzi ate»

Bigarrenak, aita espetxean duen neskato baten bisitak zer-nolakoak diren azaltzen du. Zenbatzen ikasi orduko, espetxean sartu eta aita besarkatu arte igaro beharreko bederatzi ateak zenbatzen zituela ekarri du gogora neskatoak.

«Ateratzen denean...»

Aita espetxetik ateratzerakoan elkarrekin partekatuko dituzten ametsak aitortu ditu beste neska honek. Zortzi urte ditu dagoeneko, eta ez du inoiz aita kartzelatik kanpo ezagutu. Argi du, ordea, goiz ala berandu, bere eskutik munduari bira emango diola belaontzian.

«Kristal loditik irribarrea»

Kristal lodiak irribarreak lapurtuko ez dizkiola argi du beste nerabe honek. Bere aitak hogei urte bete ditu kartzelan, eta, beraz, ez du espetxetik kanpo inoiz ikusi. Haatik, bere ondoan igarotako uneak oroitzapen ederrak dira beretzat.

«Batzuetan, ezin dut»

Haurrak nagusitu ahala, eskolak ezarritako etxeko lanak edota kirol partidak direla, zailagoa da umeentzat bisitan joan eta asteburua errepidean igarotzea. Batzuetan lagunekin geratzea nahiago izaten dute, besteetan, ordea, ama eta aita besarkatzeko pozez egiten dituzte milaka kilometro. Errealitate mikatz hori jasotzen du beste irudi batek.

«Bost minutuko deiak»

Kartzelako dei telefonikoak nolakoak diren azaltzen digu haur honek. Aitak bi dei egiten dizkio astero, bost minutukoak biak, baina, bat-batean, agur esateko eta muxuak emateko astirik gabe, mozten direla dio kexu umeak.

«Galderak pilatzen dira»

Gero eta nagusiago izan, aita preso izatearen arrazoiak gero eta gutxiago ulertzen zituela aitortu du beste ume honek. Galderak ere askoz gehiago dira adinak aurrera egin ahala. «Zergatik behartzen gaituzte hainbeste kilometro egitera? Zergatik bete behar dugu haien zigorra parte batean?», galdetzen dio bere buruari.

«Aitaren logela»

Aitaren bizitokia ezagutzen ez duen bezala, aitak ere ez du alabaren logela ezagutzen. Ez ditu eskolan egin eta paretan jarritako marrazkiak ikusi, ezta Olentzerok ekarritako jostailuak ezagutu ere. Aitak ez du inoiz bere logelara eraman.

«Lagunak, gurasoekin»

Lagunak euren gurasoekin ikustean, bere gurasoen hutsunea sentitzen du beste ume honek. «Triste sentitzen naiz orduan», aitortzen du.

«Iluna eta hotza»

Espetxea espazio «ilun eta hotza» dela iritzi dio beste haur honek. Bertan lan egiten duten funtzionarioak, gainera, «beti haserre» daudela uste du.

«Agurtzea ez da erraza»

Bisitaren amaierako azken minutuen gordintasuna jasotzen du lan honek. Kartzelatik atera nahi duen arren, «amorrua» sentitzen du ume honek bere gurasoarengandik banatu behar duen momentu horretan. «Agur hori ez da inoiz erraza izaten», dio.

«Esperantza»

Azken lanak itxaropenari egiten dio dei. «Esperantza ezin da inoiz galdu. Esperantza galtzen badugu jada ez zaigu ezer geratzen», dio ume honek.

19 urtean 15 egun besterik ez kartzelan dagoen gurasoarekin

19 urtez guraso bat preso duen ume bat 15 egun besterik ez da berekin egon zigorrak iraun bitartean. 19 urte horietan partekatu ahal izan dituzten bisiten ordu kopurua, gutxi gorabehera, 360 ordukoa izango baita.

Testigantzak jasotzeaz gain, gurasoren bat espetxean duten umeon gaineko datuak grafikoki agertu ditu Expraik «Motxila etorkizunez bete» erakusketan. Haurron adina, gurasoak ikusteko egin beharreko kilometroak edota gurasoekin igarotako denbora jaso ditu. Gurasoren bat ala biak espetxean dituzten haurren eta nerabeen egoera plazaratu nahi du erakusketak. Egun, 104 umek osatzen dute “haur motxiladunak” gisa ezaguna egin den kolektiboa. Umeotako gehienek, 83 haurrek hain zuzen ere, aita dute preso. Zortzik amarekin egoteko bidaiatu behar dute Estatu espainol eta frantsesean dauden kartzeletara, eta, bederatzik, berriz, ama eta aita, biak, dituzte preso. Lau haurrek, kartzelan jaioak eta hiru urte baino gutxiagokoak izanik, amarekin partekatu dezakete gaur-gaurkoz espetxealdia.

Haurren adinari ere erreparatu dio lanak. Ume gehienek, hiru eta sei urte bitartean dituzte; 25ek, zehazki. Badira, baina, txikiagoak diren haur motxiladunak ere; dozena bat dira hiru urtez azpikoak. 9 eta 12 urte arteko seme-alabak ere mordoxka bat dira, 22 guztira; eta 18 dira dagoeneko nerabeak direnak, hau da, 15 eta 18 urte artean dituztenak.

Gurasoak ikusi ahal izateko haurrek asteburuero egin behar dituzten kilometroak ere jaso ditu erakusketak modu oso grafikoan. Gehienek, bidaiatu behar duten 100 umeotatik 45 haurrek, 800 kilometro arteko joan-etorriak egin behar dituzte gurasoekin egon ahal izateko. Haur motxiladunen kolektiboko 17 haurrek 400 kilometroko bidaia egin behar dute gurasoengana joateko. Egoera latzena, baina, 35 haurrek sufritzen dute: asteburuero 1.100 kilometro egin behar izaten dituzte beren gurasoekin egoteko.

Azken urteotako errealitateari begiratu dio Expraik beste grafiko batean, haur eta nerabeon begietatik gatazkari erreparatuta. 104 haur motxiladun hauetatik 47k ez du ETAren jardun armatua ezagutu. Gainera, ETAren behin betiko su etena eman zenean 3 urtez azpikoak zirenak gehituz gero, 67 lirateke. Hau da, haur motxiladunen kolektiboaren %59.