Juantxo EGAÑA

Kim Novak eta Carmen Aguado, kameraren bi aldeak

Jaime BASTERRETCHE
Jaime BASTERRETCHE

1965. urteko ekainaren 3tik 13ra egin zen Donostian Zinemaldiaren XIII. edizioa. Itxierako saioan eman zuten Terence Young zinemagilearen azken filma, “Moll Flanders”. Lan horren protagonistak Kim Novak eta Richard Johnson aktoreak ziren, pantailatik kanpo senar-emazteak. Goiko argazkia Jaime Basterretche argazkilariak egina da, izatez ziburutarra, baina Donostian bizi zena. Kim Novak Maria Cristina hotelera iritsi zen unea jasotzen du argazkiak. Irudian atentzioa ematen du Carmen Aguado Fernandez donostiarrak; bere kamera eskuan hartuta, Kim Novak filmatzen ageri da. Bere senar Jose Luis Urkia eta biek hamaika erreportaje egin zituzten bai telebistarako bai zinemetan ematen zen No-do albistegirako. Aguadok egindako lanen artean nabarmentzekoak dira Maria Callasek Bilbora egindako bisita, Javier Aguirreren “Pasajes tres” lana eta Aceros Hevaren inguruko erreportajea. Azken horretan Fernando Larruquertekin eta Julio Amosteguirekin batera aritu zen. Gainera, Jose Luis Urkiak eta biek Richard Lester aktore estatubatuarrak Bilbon egindako egonaldia ere jaso zuten.