Iker Barandiaran

Nola eskertu

Orain hilabete batzuk Ruper Ordorikaren omenezko kontzertua egin zuten “Izar&Star” programaren barruan, Bilboko Kafe Antzokian. Dozena bat musika taldek oñatiarraren kantuekin osatutako kontzertuak eskaini zituzten. Guztiek miresmena eta eskertza erakutsi nahi izan zioten Ordorikari. Hunkigarria izan omen zen gaua; hala diote kronika guztiek eta guzti-guztiek azpititulu hau gehitu zioten, gainera: «Ruper ez zen bertan izan». Ordorika apur bat ezagutzen dugunok –baita, ezbairik gabe, ekimenaren antolatzaileek ere– badakigu bera ez dela halako ekimen eta ekitaldien zale, ez datorrela berarekin bat. Musikari ugari bere kantuak interpretatzen, bera bizirik, sasoitsu eta aktibo dela... Eta emanaldian guztiak berari begira? Ze arraio! Seguruenik bihotzez eskertuko zuen ekimena, poza emango zion jakiteak hainbeste musika taldek eta entzulek bere kantuak miresten dituela, baina, era berean, egoera hori, aukeratu ez zuen protagonismo hori, deseroso ere egin ahal zitzaion.

Ruperri berari galdetu gabe idazten nabil honako lerrook, baina egia da berari gertatutakoa edo berak sentitu ahal izan zuena euskal eta batez ere gipuzkoar izaerarekin bat datorrela. Hilda, gaixo edo premia egoeran ez bada, ez ditugu halakoak guztiz onartzen edo bere horretan datozen bezala hartu nahi izaten. Halakoak omen gara! Nabilen eta jarraitzen dudan bitartean, zertarako?

Horretarako ez da halabeharrez punka izan behar, nahiz eta Lleidako lagun batzuk RIP taldeari buruz lantzen dabiltzan fanzine-liburuan jasotako testigantzen artean bada taldea osatu zuten laukotearen hurbileko lagunik dioenak falta diren taldekideek ez zituztela ondo hartuko egin izan zaizkien gogorarazpen kontzertu eta jaiak. Ziren bezala, umilak eta gauza txikien zaleak izanik, ez zutela halakorik nahi izango. Hala gertatu ahal da askotan, baina ezin jakin!

Urrunago joan gabe burura etorri zait ezbehar baten ondorioz lantoki gabe gelditutako beste lagun bat. Ingurukoek berari laguntzeko egin nahi zituzten ekimenak azaldu zizkiotenean bere lehen erreakzioa ezezkoa izan zen; ea zergatik lagundu behar ote zioten berari.

Gure izaerarekin bat datoz jarrera horiek eta erabat onargarriak eta ulergarriak ere badira izatez. Baina, bestalde, ikus ditzagun asmo horiek justu beste aldetik: zenbat jende dago bere onena emateagatik, komunitateari –dena delakoari– laguntzeagatik edo haien sorkuntzak jende asko hunkitu edo inspiratu duelako bizirik dagoen bitartean eskertu nahiko genukeena? Hartzailea, omendua, kontziente den bitartean, berak egindakoak besteentzat duen balioa jakin dezan, hilko den edo gaixotuko den inolaz ere itxaron beharrik gabe.

Baina bada zorionez, asmo horri buelta eman eta guztiok horren parte egiteko maniobra egiten duenik ere: horra hor, esaterako, Arrasateko Arristi. Herrian arlo askotan erreferente den honek bere 50. urteurrena ospakizun erraldoi bilakatu zuen eta ehunka pertsonekin batera ospatu. Gauza oso antzekoa egin zuen Pello bergararrak ere, jubilatuta aspaldi baina erretiratuta ez dagoenak. Edo, azkenengo urteotan, Donostiako Udalak ematen duen Adarra garaikurraren entrega ekitaldiari sarituek eman dioten buelta originala: Fermin Muguruzak azken proiektua Euskal Herrian jendaurrean plazaratuz; eta Azkoitiko Anarik “Anari gara” leloa are eta gehiago indartu eta taldea diren eta izan diren kide guztiak kontzertu errepikaezinean batuz.

Badugu zer eskertu eta baita ere nola hartu, dagokigunean. •