Mikel Zubimendi

Oporretarako gomendioak, erresistentziarako gida ttipia

Ihes betea zilegi balitz...» dio kantu ederrak. Eta erabaki dut: zilegi da. Nekatuta iristen da bat udarara, hainbeste Trump, hainbeste procés eta estatus berri, hainbeste presa eta kristo... ihes-plana erabaki dudala. Kanpoko soinuen bolumena jaitsi nahi dut letrokin, entzunak izatea eskatzen duten kontu batzuk entzunarazteko. Poesia eta pentsamendua, bietan jarrai, izango ditut hausnarketarako lagun; denbora hiltzea, munstro hori akabatzea, denetan krimenik arrunt, zintzo eta bidezkoena dela gogoan; eta saiatuko naiz, kokotsa gora beti, zentzumenak eta sentimenak erne, gure zeruaren malba-koloreak, bere arku eta argiak, bere itzalen orgiak begiratzen. Zentzu politiko betean, lore bat izatea ardura (politiko) handia delako.

Badakit poesiak agian ez dituela kausa justuak irabaziko, baina asko laguntzen du. Badakit pentsamoldea aldatzeak iraultza oso trankil bat eskatzen duela, anbarean harrapatutako intsektu prehistorikoen antza duelako, eta, teknologiak ez bezala, gure garunen funtzionamendua ez delako azken milaka urteotan apenas aldatu eta pertsonon bizitza zikloan ez delako askorik aldatuko. Eta aldatzekotan, pazientzia handiz, beharrezkoak diren maila askotako kontraesanak sortzen jarraitu beharra dagoelako: gure buruaz pentsatzen duguna aldatzea, gure ukoei, ezinei eta errakuntzei begietara begiratzea, egindako gauza asko egiteari uztea, eta, zailtasuna biderkatuz, hori orain arteko jende berdinak egitea. Aldaketa nahia eta aldatu nahi izatea ez baitira gauza bera.

Poema zolienak ere akuilatzeko, suspertzeko, sutzeko eta elikatzeko ahala duela aldarrikatu nahi dut. Poesia, artea, ez dela bulego bateko produktua, ezta ikasgela bateko lau pareten artean errezitatzen den oda bat ere. Kalean lantzen da, plazetan, bilkura publikoetan. Jendea da poetaren papera, poemaren bitartekoa. Niretzat, poeta errealitatearen presioari erresistitzeko gai da, tentsio horretan datza erresistentzia, poema erresistentzia ekintza da. Eta ez da kezkatzekoa gosaldu aurretik dozena erdi gauza ezinezko amestea. Gogoa, mezulari herratu bat bailitzan, xederik gabe, historiarik gabeko erreinuak zeharkatzen ibiltzea. Kalatxorien hegaldietan pentsamendua desitxuratzea, pinguinoen lehengusu diren ubarroien urpekaritzarekin txunditzea, edo, gauean, balkoitik behera, bata bestearen atzetik, paperezko hegazkinak aireratzea, «ongi egizue bidea! Eta ez berandutu, mesedez!» erregutuz, hontz ala mozoloren batek mokoan hartu eta behar den helbidera, behar duen denboran eramateko. Ametsez kargaturiko mezulari noragabeak barrote, txarrantxa eta zaindaririk gabeko erreinuetaraino ailegatzen direlako, gure minkideetaraino.

Poetak esan bezala, defendatu gaituztenak, sentzilloki, ia oharkabean, belarra moztuz... eta murtxikatuz, gosez, ez ditzagun ahantzi. Eta biziberritzeko indarra duten musuak eman, usain arinez beterikoak, deskantsurako ohe sakon eta ezkutu, edo balkoietan lore arraro eta exotiko, elkar musukatzen dutenentzat zeru ederragoen pean loratuko direlako. Eta ez egin bizitzan pilatutako min, kolpe eta azpijoko guztien bilduma, den-dena tripetara ez sartu, bihotzaren geruzetan ez betikotu. “Ihes-hodiak” ere behar direlako, pertsona eta herri, ebakuazioa eta aireztatzea ezinbestekoa delako bizitza oxigenatzeko. Zoriontsua izateak osasun ona eta memoria txar poxi bat eskatzen dituelako. Eta beti eta beteki, eutsi harro izate zoragarri horri eta aberria bizi. •